Oroimena

Gudariak gogoratu dituzte Bizkargi Egunean

Hainbat ekitaldi egin zituzten atzo Bizkaiko Bizkargi mendian, eta 1937ko maiatzean han hildako gabiriarrak izan dira aurtengo protagonistak.

Atzoko Bizkargi Eguneko ekitaldietako une bat. MARISOL RAMIREZ / EFE
2022ko maiatzaren 9a
07:51
Entzun

Jendetza elkartu zen atzo Muxika, Larrabetzu eta Zornotzaren arteko Bizkargi mendian (Bizkaia), gudariak gogoratzeko. Goizetik hainbat ekitaldi egin zituzten, han 1937ko maiatzean egin zuten batailan borrokatukoen eta hildakoen omenez.

Bizikleta martxa egin zuten goizean, eta oinez atera ziren hainbat zutabe, mendiaren magalean dauden herrietatik.

Goian, bertsotan aritu ziren Xabier Amuriza eta Onintza Enbeita.

EAJko buru Andoni Ortuzarrek ikurrina altxatzeko ekitaldia egin zuen, Gora eta gora abestia kantatzen zuten bitartean.

Ernaik memoria antifaxista berresteko deia egin zuen, eta «lehen eta orain» askatasunaren aldeko borroka aldarrikatu zuen EH Bilduko Kike Fernandez de Pinedok.

Horrez gain, atzoko egunaren protagonistak gogora ekarri zituen. Izan ere, Bizkargiko batailan 1937ko maiatzean hil zituzten Gabiriako (Gipuzkoa) sei gudari gazteri eskaini zioten atzoko memoria ariketa. Iñigo Santxok eta Gaizka Arangurenek ekarri zituzten haiek gogora.

Luis Altzueta (22 urte), haren anaia Simon (25), Joxe Apaolaza (23), Jose Mari Gabiria (22), Ramon Igartzabale (25), eta Jesus Izagirre (27) EAJren Amaiur batailoian aritu ziren 1936ko irailetik, eta Kandido Sasetaren agindupean borrokatu ziren altxatutakoen aurka. Nafarroako gazteluaren defentsan aritu ziren borrokalarien omenez hartu zuten izen hori.

1936ko irailean atera ziren Gabiriatik gudara, udaleko defentsa batzordeak deituta. Mundakan egin zuten kuartela, eta, hainbat lekutan borrokatu eta gero, maiatzaren 9an Bizkargira joan ziren. Han hil ziren atzo omendutakoak, baina batailoiak borrokan jarraitu zuen 1937ko abuztuan Eusko Gudarostea Santoñan (Espainia) errenditu arte.

Orain dela gutxi arte, ezezaguna zen sei gabiriar horien patua herrian, baina hainbat herritarrek eginiko ikerketari esker berreskuratu da haien oroimena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.