«Askatasunaren aldeko borrokaren garrantzia, eta bide luze eta gogor honetan dena eman duten pertsona guztiak» gogora ekarridituzte Gudari Egunaren karietara Egia bide, askatasuna amets lelopean egindako ekitaldian, Zarautzen (Gipuzkoa). 1936an Francoren tropek estatu kolpea eman zutenetik, gaur egun arte, «ideologia eta garai guztietako borrokalariak» omendu nahi izan dituzte horrela Egiari Zor fundazioak eta Ahaztuak 1936-1977 eta Goldatu elkarteek antolatutako ekitaldian: «Batailoietako gudariak, nazioarteko brigadetako kideak, makiak, komunista eta anarkista klandestinoak eta askatasuna eskura izatea aukeratu zuten gazteak. Denak».
Horiek guztiek osatzen baitute, ekitaldi amaieran hitza hartu zuen ezker abertzaleko kidearen esanetan, gaur egun jorratzen ari diren memoria: «Indarkeria beraren kontra borrokatu baitziren, estatuen basakeriak eta ukazioak sortutako indarkeriaren kontra». Hala, memoria hori landu beharra dagoela gogorarazi zuten, eta biktima guztien aitorpenerako eskubidea aldarrikatu, baita «azken 50 urteetan Espainiako eta Frantziako Estatuen indarkeriaren ondorioz hildako ehunka euskal herritarrena, eta milaka torturatuena» ere. Ziurtatu zutenez, horiek guztiek izan beharko dute aitorpena eta tokia Egiaren Batzordean. Ezker abertzaleko kidearen esanetan, beharrezkoa baita halako batzorde bat, «herri honetan gertatu diren eskubide urraketa guztiak» ikertzeko.
Hitz lauz ez ezik, bideo, olerki eta abestien bidez ere ekarri zituzten gogora Aritzbatalde pilotalekuan horiek guztiak. 1936ko gerrako bonbardaketak nahiz frankismoko errepresioa erakutsi zituzten oholtza atzean jarritako pantailan. Garai ilun haren aldamenean, ordea, lurrean ereindako haritza ere irudikatu zuten, diktadurako azken urteetako herri mugimenduekin batera hazizzihoana. Francoren azken fusilamenduetan hildako Jon Paredes Manot Txiki-ri eskainitako olerki batekin amaitu zuten aro horren ibilbidea, «deserriaz aberri» egin zuen haren «askatasun haizea» aldarrikatuz.
Espainiaren zigorgabetasuna
Hizlariaren esanetan, ondoren etorritako urteak «haustura demokratikoa eman eta gatazka konponbidean jartzeko egokiak» izan baziren ere, «puntu eta aparte» egiteko legeak onartu zirelako jarraitu du gaur egun arte «errepresioaren zigorgabetasunak». Hala erakusten du, ezker abertzaleko kidearen iritziz, Argentinako Maria Servini epaileak bultzatutako kereilari berriki Espainiak emandako erantzunak.
Beste bideo batean erakutsi zituzten urte haien ondoren etorritakoak ere: tortura, «gerra zikina», desagerpenak, legez kanporatzeak eta atxiloketak. Baina baita «askatasunaren bidean» egondako hainbat mugimendu eta proposamen ere: Lemoizen aurkakoa, intsumisioena, langileena, Lizarra-Garaziko akordioa, herri harresiena...
«Azken urteotan, ezker abertzale osoaren estrategia aldaketak nazio askapen prozesua aurrera eramateko baldintza berriak sortu ditu», azaldu zuten. Hala ere, ziurtatu zuten horrek ez duela esan nahi «askatasunaren sarreraraino ekarri gaituen giza ondareari» uko egingo diotenik: «Oker dabil kontrakoa espero duena. Autokritika eta gizatasuna azken bururaino eramanda ere, gudarien ekarpena euskal errepublikaren historia liburuetan jasoko da».
Estatuen eta alderdien ardura
Autokritikarako prestasuna denek erakutsi behar dutela esan zuten; eta Frantzian eta Espainian ez ezik, Eusko Jaurlaritzan nahiz Nafarroako Gobernuan agintean egon direnek ere ardurak badituztela, «EAJk eta UPNk barne». Horregatik, horiei guztiei ohartarazi zieten ez dela zilegi «begirale lana soilik» egitea. Bereziki, EAJk bultzatutako bake plana kritikatu zuten, haien esanetan, ETA jartzen duelako «bortizkeriaren sorburu eta adierazpen bakar» gisa. Horren aurka, ziurtatu zuten ez dutela onartuko indarkeriaren ardura «alde bakar baten gain jarri» eta sufrimendua «mailakatzea».
Gatazka gainditzeko beharra nabarmendu zuten segidan, eta horretarako egia osoa ezagutzea ezinbesteko dela aldarrikatu. Baina, horrekin batera, «Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubide guztiak» aitortu behar direla esan zuten, horiek direlako «gakoak» gatazka konpontzeko: «Gauza lazgarriak egin dira, egin dizkigute, eta egin ditugu, gerraren logikan, baina konponbidearen, bakearen eta askatasun nahiaren logikari jarraitu dio herri honek»
Ekitaldia amaierara heldu ahala, areagotuz joan zen pilotalekua bete zuten ehunka herritarren hunkidura eta berotasuna ere. Ohorezko aurreskuaren ondoren, Izarren hautsa kantuaren doinuek lagunduta jaso zuten oholtza gainean gudarien senideek preso ohiek emandako haritz adaxka bana, jendearen txalo, oihu eta irrintzi artean. Zutik zegoen ordurako pilotalekua, ukabilak altxatuta Eusko Gudariak abestuz ekitaldia amaitzeko.
«Gudari guztien ondarea» jaso eta «askatasunerako bidea» egitera deitu dute
Euskal Herriko «ideologia eta garai orotako borrokalariak» omendu dituzte Egiari Zor fundazioak, Ahaztuak-ek eta Goldatu-kEgiaren Batzordearen beharra nabarmendu, eta adierazi dute ez dela aski «begirale lana»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu