Guardiako Samaniego institutuan (Araba) euskararen aldeko apustu irmoagoa egingo dute. Hain zuzen, BERRIAk jakin duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak planifikatuta dauka DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan aurrerantzean ez eskaintzea A eredurik —gaztelera hutsezkoa, euskara irakasgai izanda—; aukeran izango dira B eredua —irakasgai batzuk euskaraz eta besteak gazteleraz— eta D eredua —irakasgai denak euskaraz, gaztelera irakasgai bat izanda—.
Hezkuntza Sailak azaldu du erabakiaren arrazoia: eskualdeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan B eta D ereduak baino ez dituzte eskaintzen; institutuan, berriz, DBH egin daiteke euskara hutsean, baina, oraingoz, Batxilergoa ez. Mailaz maila pixkanaka ari dira D eredua ezartzen. Gainera, Hezkuntza Sailaren esanetan, duela gutxi Arabako Errioxako eskola publikoek gutun bat sinatu zuten, eta bertan esan zuten Samaniegoko zuzendaritzak A ereduari eusteko egindako eskaera egin duela, baina horrek segregazioa sustatzen duela.
Izan ere, Samaniego ikastetxeko zuzendaritza ez dago ados sailaren erabakiarekin, eta gutun bat helarazi dio Jaurlaritzari. Nabarmendu dutenez, batez ere gazteleraz hitz egiten duten eremu batean dago ikastetxea, eta, gainera, atzerritar jatorriko ikasle asko dituzte: «A ereduak haien hezkuntza beharrei erantzuten die, eta ikasle horietako askok lortu dute DBH izatea, Batxilergoan daude, eta unibertsitatera sartzeko aukera izango dute gazteleraz ikasteko aukera eduki dutelako».