Mikeldi Zenigaonaindia aulestiarrak salaketa bat aurkeztu zuen uztailaren 22an, eta hilabete geroago, iritzi publikoari gertaeren berri ematea erabaki du. Haren salaketaren arabera, uztailaren 11n Gernikako Astra lantokiaren aparkalekuan furgoneta hartzera zihoala, kaleko jantzitako lau ezezagun agertu zitzaizkion. Horietako hiruk txanoa zeramaten. Zenigaonaindiaren arabera, informazioa emateko eskatu zioten eta lagundu ezean senide eta lagunak atxilotuko zituztela esan zioten. «Gora Guardia Zibila, gora Espainia, joder», oihukatu zioten amaieran, gazteleraz.
Ez da lehen aldia Zenigaonaindiak mehatxuak jasotzen dituela. Iaz salatu zuen guardia zibilek bi aldiz bahitu zutela. Oraingoan, furgoneta barruan zegoela agertu zitzaizkion lau ezezagun. Ibilgailuaren atzeko atetik barrura sartu zitzaizkion horietako bi: «Egun on, Mikeldi; gu gara berriro, eta, aurrekoetan esan dizugun bezala, zure lagunak izan nahi dugu, eta horretarako lagundu egin behar diguzu», esan zioten, gazteleraz. Bi kale erasotan parte hartutako frogak zituztela adierazi zioten, eta lagundu ezean bere hurbilekoen bila joko zutela mehatxatu zuten.
Pistola ahoan sartu zioten
Salaketaren arabera, kale erasoen frogarik ez bazuten «beste zerbait» bazutela esan zioten. ETAren ikurra zuen pistola bat atera eta ukitzeko eskatu zioten. Zenigaonaindiak uko egin zion, eta berehala bik heldu eta lurrera bota zuten. Bere kontakizunaren arabera,aurpegia estali gabe zuenak soinean zeraman beste pistola bat jarri zion ahoan. Zenigaonaindiak pistolak klik nola egiten zuen entzun zuen. Ondoren, ETAren ikurra zuenpistola gorputz guztian zehar igurtzi eta bere DNA bazutela esan zioten.
Eurekin kolaboratzeko eskatu zioten berriro, eta ezezkoa ematean, aurpegia estali gabe zuenak masaileko bat eman zion. Zenigaonaindiaren arabera, ile-horia zen, begi urdinak zituen, masailean berezko marka bat zuen eta 35-40 urte inguru zituen. Besteek txanoa zeramaten, eta batek Segiren elastiko bat. Citroen C4 batean sartu, eta handik ihes egin zuten.
Zenigaonaindiak salaketaren berri eman ostean, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak «Espainiako Gobernuaren hipokrisia» salatu zuen: «Libian edo Sirian duten indarkeria poliziala salatzeko ahoa betetzen zaielako baina Euskal Herriko errepresioa ikusita beste aldera begiratzen dutelako».
Kasu hori ez dela bakana eta azken hilabetetan salatari lana egiteko eskaintzak areagotu direla jakinarazi du AAMk. «Guztion diruarekin bizi diren estatuko langile hauek, zure kolaborazioa eskatzeko, mehatxua eta xantaia erabiltzen dute, eta ez baldin bazara euren esanetara jartzen, bizitza izorratzen saiatzen dira», kritikatu du. Jazarpen hori indargabetzeko, epaiketetan eta publikoki salatzeaz gain, herritarren elkartasuna ezinbestekotzat jo du AAMk.
Guardia zibilen mehatxuak salatu ditu Aulestiko gazte batek
Uztailaren 11n Gernikan lau ezezagunek Mikeldi Zenigaonaindia hartu eta gogor estutu zuten, informazioa emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu