Duela bi aste defentsaren testiguek deklaratu ondotik, gaur izan du jarraipena zazpi euskal herritarren aurkako 13/13 makroepaiketak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zazpi guardia zibilek deklaratu dute, peritu gisa, eta Arantza Zulueta abokatuak ETArekin izandako ustezko lotura berretsi dute guztiek. Bertzeak bertze, adierazi dute Zuluetaren Bilboko bulegoa miatu zutenean USB bat aurkitu zutela zeinetan ETAk Martxel-i zuzenduriko dokumentu bat zegoen —Guardia Zibilak Zuluetarekin lotzen du ezizen hori—. Deklaratu dutenez, dokumentu horretan ETAk ustez Zuluetari eskatzen zion Espainiako Auzitegi Nazionalari buruzko informazioa helaraz ziezaiela: bertzeak bertze, kokapenak eta segurtasun neurriak, sarbideak, epaileen bulegoak eta lehergaiak jartzeko leku egokiak eskatzen dira dokumentu horretan, azaldu dutenaren arabera. Informazio gehiago ere eskatzen zion ETAk, guardia zibilen hitzetan: Aitor Zabaletaren hiltzaileari buruzko informazioa, adibidez.
Ustez Zuluetari atzemandako bertze dokumentu batean, ETAk Bixer-i —Zuluetarekin lotzen duten bertze ezizena— eskatzen dio Amarauna izeneko egitura koordinatzeko. Guardia zibilek azaldu dute Amarauna «inteligentzia sare» moduko bat zela, Euskal Herriko herri eta hirietan «militante berriak kaptatzeko eta ituen inguruko informazioa biltzeko».
Guardia zibilen hitzetan, ustez Zuluetari atzemandako bertze dokumentu batean Amaraunaren helburuak zehazten dira, baita militarrei eta poliziei buruzko informazioa, «aparatu judizialeko» kideena, «salatariena» eta «iraultza zerga ordaintzen ez zutenena» ere. Deklaratu dute, halaber, ETAko zuzendaritzak bilera batera deitu zuela Zulueta 2010eko urtarrilaren 15ean, Parisen, Amaraunaren proiektua haren gain uzteko. Guardia zibilek azaldu dute, gainera, Arantza Zuluetari ustez kenduriko USBko dokumentazioak Xabier Lopez Peña etakide ohiari atzemandako baten enkriptazio gako bera zuela.
Guardia zibilek ez dute ukatu CNIko kideek operazioan parte hartu zutela: are, azaldu dute Guardia Zibilak berak eskatuta aritu zirela, Zuluetaren eta Jon Enparantzaren telefono deiak eta mezuak haiei helarazita.
Ez dute epaiketa eten
Perituen deklarazioei ekin aurretik epaiketa eteteko eskatu du Alfontso Zenon Zuluetaren eta Enparantzaren abokatuak. Izan ere, salatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak onartua zuela CNI Espainiako inteligentzia zerbitzuetako kideek testigu gisa deklaratzea, froga moduan, baina auzitegiak uko egin diola horri. Erregu helegite bat jarrita daukat defentsak, eta Zenonek salatu du ebatzi gabe dagoela oraindik: «Auzitegiak ahal duen guztia egin beharko luke froga hori ekartzeko». Zuluetaren eta Enparantzaren abokatuaren arabera, hain zuzen, CNIko kideen deklarazioak lotura zuzena dauka aurretiazko gaietan defentsaren abokatuek epaiketa bertan behera uzteko egindako eskaerarekin, eta, beraz, «erabat beharrezkoak» dira testigu gisa. «Dauden aukera guztiak erabili beharko lituzke auzitegiak; bestela, babes judizial eraginkorrerako eskubidea urratuko litzateke».
Angela Murillo epaileak ez du onartu Zenonen eskaera: Jose Perals fiskalaren eta AVT akusazio partikularraren eskariz, erabaki du epaiketarekin aurrera jarraitzea, eta erregu helegitea geroago ebaztea, perituen deklarazioen ondotik.