Guardia Zibilak hildako Jose Miguel Andueza oroitu dute hilketaren 51. urteurrenean

2013an aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak Andueza indarkeria politikoaren biktima gisa. 

Eusko Jaurlaritzako kideak eta Anduezaren senitartekoak gaur egindako omenaldian. IREKIA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 15a
15:48
Entzun

Jose Miguel Andueza Elizalde duela 51 urte Guardia zibilak Donostian hil zuen gazte beratarra oroitu dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta familiak antolaturiko ekitaldi instituzional batean. 

Gaurko egunez 1970. urtean hil zuen guardia zibil batek Andueza, Donostian. Auto istripu txiki bat izan zuen Anduezak bertze gidari batekin. Guardia Zibila agertu, eta eztabaidaz hasi zen beratarrarekin. Liskarra guardia zibiletako batek egindako tiroekin amaitu zen: hiru aldiz jo zuen gaztea, eta hil egin zuen. Eusko Jaurlaritzak duela zortzi urte aitortu zuen Andueza indarkeria politikoaren biktima gisa, 107/2021 dekretuaren barruan. 

Gaur egindako ekitaldian, Anduezaren senitartekoekin batera izan dira Berako (Nafarroa) zinegotzi bat, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Donostiako udaleko hainbat zinegotzi, Gogora instituaren zuzendaritzako kideak eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea.

Rodriguez Ranzek nabarmendu du diktaduraren azken urteetako errepresio giroaren eta estatuaren menpeko indarren biktimek aitortzarako eskubide osoa dutela: «Biktima guztiak bezala, lehen mailako biktimak dira, indarkeria bidegabe baten biktimak izan direlako. Eta hori aitortzeak ez du parekatzea esan nahi, ez du errugabetzea esan nahi, ez du legitimatzea esan nahi, ez du konpentsatzea esan nahi. Biktima guztien duintasunerako, memoriarako, egiarako, justiziarako, aitortzarako eta ordainerako eskubidea aldarrikatzea esan nahi du sinpleki». 

Herrian plaka bat

Nafarroako Gobernuak ere biktimatzat du Jose Miguel Andueza Elizalde, polizia abusuen biktimen legea oinarri hartuta. Gobernuak eta Berako udalak Andueza oroitzeko plaka bat paratu zuten Beran bertan iazko abenduan, eta Anduezaren aldeko omenaldi bat ere egiteko asmotan da udala.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.