Guardia Zibilak dio «Europako speed laborategirik handiena» aurkitu duela Euskal Herrian

800 kilo speed, 8 kilo MDMA eta dirua aurkitu dituztela diote, besteak beste. Zortzi gizonezko atxilotu eta espetxean sartu dituzte, sarekadarekin loturik.

NAV OPERACION ANTIDROGA
Laborategian aurkitutakoak erakutsi dituzte egungo agerraldian, Iruñean. JESUS DIGES/EFE
Iñaki Etxeleku.
2024ko maiatzaren 22a
15:30
Entzun

Guardia Zibilaren arabera, «Europako speed laborategirik handiena desegin dute» Euskal Herrian. Hala jakinarazi dute Guardia Zibilak eta Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak gaur Iruñean, Noticias egunkariak zabaldu duenez.

Diote 800 kilo speed, 8 kilo MDMA eta 180.000 euro eskudirutan konfiskatu dituztela, eta zortzi gizonezko atxilotu dituzte Nafarroan, Gipuzkoan, Leonen (Espainia) eta Madrilen. Denak espetxean sartu dituzte. Horrez gain, gasak piztu errebolber bat, hamaika auto eta kamioi bat aurkitu dituzte. Guardia Zibilak dioenez, harrapatu dutenak 55 milioi euro baino gehiagoko balioa izango luke merkatuan.

Diotenez, droga sarearen aurkako operazioa iazko ekainean abiatu zuten, 40 kilogramo speed zeramatzan 42 urteko Bilboko gizon bat atxilotu zutenean Zuastiko ordainlekuan. Ondotik, 42 kilo speed zeramatzan kamioi bat atzeman zuten Berriobeitin (Nafarroa). Hortik zenbait egunera, kopuru bera zeukan beste ibilgailu bat Zarautzen (Gipuzkoa).

Barrandatzeak eta jarraitzeak direla medio, hala, laborategiraino heldu dira, indar armatuek jakinarazi dutenez. Donostia kanpoaldeko bulego batzuetan aurkitu omen dute. Lehen aldi horretan egin atxiloketen ondotik, ikerketa gehiago egin zituzten, eta beste pertsona batzuk atxilotu, besteak beste, Madrilen.

Harrapatutako droga eta tresneria guztiaren zerrenda zehatza eman dute agerraldian: 770.927 kilogramo speed, 8.219 kilogramo MDMA, 500 gramo haxix, substantzia aitzindariak (75 kilogramo kafeina, 88 litro anfetamina likido eta 800 litro azido eta alkohol), 185.355 euro eskudirutan, 20 eta 21 zentimetroko bi aizto, gasak piztu errebolber bat eta hamabi ibilgailu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.