Guardia Zibilaren esku egon ostean, aske geratu dira gaur goizean euskal presoen harrera ekitaldiekin lotuta atxilotu dituzten Sortuko lau kideak. Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia dira, eta ia ehun harrera ekitaldi antolatzea leporatzen diete. Espainiako Barne Ministerioak atxiloketen berri emateko oharrean iragarri bezala, ordea, deklaratu ostean aske utzi dituzte: San Vicente eta Garmendia lehenbizi, eta Altuna eta Lopez Ruiz geroago.
Lopez Ruiz Zarautzen (Gipuzkoa) duen etxean atxilotu dute, eta Garmendia, berriz, Gernikan (Bizkaia), lanera zihoala. Biak Kalera Kalera dinamikako kideak dira. San Vicente Sortuko arduradun politikoa da Araban, eta Agurainen (Araba) atxilotu dute, Gasteizera bidean zela. Haimar Altuna Sorturen Gipuzkoako arduradun politikoa Lizartzan (Gipuzkoa) atxilotu dute, Guardia Zibilaren kontrol batean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio aretoak agindu du operazioa, auzitegiko fiskaltzarekin elkarlanean. Euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatzen diete.
Espainiako Barne Ministerioak komunikatu baten bidez adierazi du «terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten dizkietela, hiru urtean euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik. Ministerioaren arabera, lau atxilotuak harrera ekitaldien «benetako burua» osatzen dute, eta, ustez, hainbat erakunde erabiltzen zituzten ekitaldien benetako antolatzaileak nor ziren ezkutatzeko. Harrerak hirugarren pertsona batzuek egiten zituztela adierazi du, baina atxilotutako «taldearen ildoari» jarraituz.
Bere oharraren amaieran, Barne Ministerioak iragarri du ordu batzuen buruan, «Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ondoren», aske geratuko zirela laurak, «epaileen irizpideen arabera» (egin klik irudian, handiago ikusteko).
Kabat izena jarri diote operazioari, eta adierazi dute Guardia Zibila duela urte eta erdi hasi zela gaia ikertzen. Guardia Zibilaren arabera, 2016ko abenduaren eta 2019ko urriaren artean, 95 harrera egin dira Hego Euskal Herrian, «gehienak Kalera Kalera dinamikaren bitartez».
Iazko uztailean, Pedro Sanchezek, jarduneko Espainiako presidente zela, «onartezintzat» jo zituen harrerak, Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal presoei eginikoen ostean. Orduan, Sanchezek fiskaltzari eskatu zion halako ekitaldiak ikertzeko.
Atxilotuen alde Gernikan eginiko manifestazioa. Monika del Valle / Foku
Lopez Ruiz eta Garmendia 2018ko martxoan ere atxilotu zituzten, «terrorismoa goratzea» leporatuta. Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide ohiaren omenaldi ekitaldiarekin lotuta atzeman zituzten; 2017an egin zen ekitaldi hura, Lazkaon (Gipuzkoa). Haiekin batera, Olatz Dañobeitia eta Miren Zabaleta ere atxilotu zituzten. Orduko hartan, Guardia Zibilak bere ekimenez atxilotu zituen, deklarazioa hartzeko, epaile baten agindurik gabe. Aske utzi zituzten ordu batzuen buruan. «Auzitegi Nazionalera txostena bidaliko dutela esan digute, baina ez dakigu beste ezer», adierazi zuen orduan Garmendiak, aske geratu ostean.
Atxiloketak gaitzesteko elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hirietan. Esaterako, Zarautzen 19:00etan kontzentratzera deitu dute, udaletxe plazan, eta Lizartzan ere ordu berean eta udaletxeko plazan egitera deitu dute.