Guardia zibila uholdeetatik erreskatatzen

Ezker abertzaleko kide batzuek guardia zibil bat salbatu zuten Laudion 1983ko uholdeetan. Rafa Isasik atera zuen uretatik. Guardia Zibilak torturatu zuela salatu zuen Isasik 1989an.

Uholdeen ostean, geltokiaren ondoan agertu ziren Guardia Zibilaren ibilgailuak. ARGAZKIAK: LAUDIOKO UDALA ETA 'AIARALDEA.COM'.
Laudio
2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Hondamendiek, kalte handiak sortzeaz gain, badute ezohiko egoerak sortzeko gaitasuna. Horren adibide da Laudion (Araba) 1983ko uholdeetan gertatutakoa, ezker abertzaleko kide batzuek guardia zibil bat erreskatatu baitzuten. Rafa Isasik (Arespalditza, Araba, 1961) atera zuen polizia Nerbioiko ur harrotuetatik. Isasi etxean zegoen, beste lagun batzuekin, handik pauso batzuetara zegoen herriko tabernatik ateratzean harrapatu baitzituen korronteak. «Goizeko laurak aldera, nire amak 'Socorro! Auxilio!' entzun zuen, eta logelara gu abisatzera etorri zen», gogoratu du Isasik. Balkoira irten ziren, baina ez zuten ezer ikusi. Lehen pisuan zegoen etxe huts batera sartu ziren orduan, «ateari ostiko bat emanez». Hango balkoitik bai, «buru bat» ikusi zuten uretan; ortu bateko hesiari heldua zegoen norbait.

«Esan genion: 'Tximisten argiarekin horma zuri bat ikusiko duzu; bertara joanda korronteak tapoi batera eramango zaitu'». Horma fraideen eskolakoa zen, eta tapoia hainbat zuhaitzez osatua zegoen. Gizonak hara iristea lortu zuenean, Isasi etxetik jaitsi zen, eta, adarren gainetik joanez, polizia erreskatatzea lortu zuen. Tximistek uniformearen hegalak argiztatu zituzten. «Hala konturatu ginen guardia zibil bat ateratzen ari ginela uretatik». Eta haiek ezker abertzalekoak izaki.

Gizona «oso-oso txarto» zegoen, Isasiren arabera, «botaka ari zen, gaixorik, ahul, zorabiatu egiten zen...». Arropa aldatu eta ohera sartu zuten, eta «pixka bat hobera» egin zuenean kamamila eman zioten. Hurrengo egunean, ur maila jaitsi zenean, Isasik kuartelera lagundu zion guardia zibilari. «Gehienbat lehen pisuko etxe horretako atea bera erreskatatzeko apurtu nuela eta arazorik izan nahi ez nuela azaltzeko».

Baina handik gutxira berriz itzuli zen, eskaera berezi bat egiteko. Garai hartan Isasi soldadutza egiten ari zen, «intsumisioaren mugimendua geroago etorri zelako». Bere egoeran zeuden ezagunek kuartelera bidali zuten, «guztientzat egun batzuetako baimen bat» eskatzera. Hala egin zuen; baita lortu ere. Soldadutza egiten ari ziren laudioarrek herria konpontzen eman zuten hurrengo hamabostaldia, «herritik kanpo eta ezer egin gabe egon beharrean».

Bertsio faltsua

Pasadizo haren harira, guardia zibil horrek uretan nola bukatu zuen azaltzen duen istorio bat zabaldu da. Kontakizunaren arabera, indar polizial horretako hainbat kide neska bat erreskatatzen ari zirela ito ziren, eta berak bere burua salbatzea lortu zuen. Baina hori ez da egia, Isasiren arabera. «Gezurra da salbamendu lanetan ari zirela». Okondo herriaren inguruan guardia zibilek neska batekin eta haren aitarekin egin zuten topo, eta autoetara igotzeko eskatu zieten, «bidaia seguruago egin zezaten», Isasik azaldu duenez. Laudiora iristean zubi batekin egin zuten topo. «Jendeak ikusten zuen ura oso indartsu zetorrela, eta guardia zibilei oihuka ohartarazi zieten», jarraitu du: «Baina haien agintarietako batek aurrera jarraitzeko agindu zuen».

Urak ibilgailuak bultzatu zituen orduan, eta haietako bati aurreko aldea ur azpian geratu zitzaion. Poliziak atzeko atetik ateratzen hasi ziren orduan, eta korronteak eraman zituen gero. «Erreskatatu genuen guardia zibilak 'tiita, tiita' esaten zuen etengabe, eta ez genuen ulertzen zer esan nahi zuen». La tiita esan nahi zuela konturatu ziren gero, 'neska txikia', alegia. «Punto y hora aldizkarian Eva Forestek ere salatu zuen estatuko hainbat hedabidetan bertsio faltsua zabaldu zela».

Sei urte geroago, torturatua

Goiz hartakoa izan zen Isasik guardia zibil harekin izan zuen azken kontaktua. Badaki norekin ezkondua dagoen, baina ez da harekin harremanetan jarri, «bera ere saiatu ez delako».

Sei urte geroago, baina, guardia zibil haren «lankideen» bisita jaso zuen. Haren hitzetan, etxeko atea «lehertu», atxilotuta eraman, eta Sansomendiko kuartelean (Gasteiz) torturatu zuten, «begiak estalita, ia konortea galdu arte»; Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari salatu zion gertatutakoa. Aske geratu zen, kargurik gabe. Hala ere, oraindik ez dizkiote etxetik eraman zizkioten «hainbat eta hainbat gauza» itzuli, azaldu duenez.

Guardia Zibilak uholdeen ostean izan zuen jarrera ere salatu du Isasik. «Ingurua kontrolatzen bai ikusi nituela, baina zikinduta herriari laguntzen, ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.