Esan duzuen bezala erraustegia egiten baduzue, non egingo duzue errautsak botatzeko zabortegia? Andoni
Erraustegiaren gaia ez da Madrilerako hauteskunde hauekin harremana duen zerbait. Edozein moduz, esan behar Foru Aldundiari edota euskal erakundeei dagokiela gai horri buruzko erantzuna ematea.
Ze helburu dituzue hurrengo lau urteetarako? Desberdintasunik aurreko legealdiarekiko? Eneko
Guk helburuak argi ditugu, eta gure egitarauan azaltzen dira. Euskadirako estatus politiko berri baten proposamena, zeinek onartuko duen euskal nazio aitortza, aldebikotasuna eta erabakitze eskubidearen erakundetzea. Horrez gain, gure autogobernuaren eta kontzertu ekonomikoaren defentsa baliozkoa. Horiek dira gure lehentasunak, ekonomia eredu berri batekin batera, enplegua eta industria ehuna sustatuko dituena. Desberdintasunari dagokionez, ez da izango gehiengo absoluturik, eta horrek gauzak aldatuko ditu, baina ez dakigu norantz.
Beti EAJri eman diot boto, baina domekan ez. Ez zarete konturatzen jendea nazkaturik dagoela zergak igotzeaz, hona heldu berria den edozeini dena ordaintzeko? Benetan esaten dizut: ez dut ulertzen. Nire ezagunen artean gehienok nik bezala pentsatzen dugu.
Errespetatzen dut zure iritzia, baina ez nago ados, ez baita horrela. Zergak beharrezkoak dira gizarte eraginkor eta sozial bat bermatzeko. Hori, batetik, Espainiako estatuak eta, bestetik, gure Foru Aldundiek zein udalek erabakitzen dute, bakoitzak bere eskumenen arabera. Kanpotarrekin solidario izateak herri gisa aberasten gaitu, eta ematen diren laguntzak bidezkoak eta neurrikoak dira, eta uste baduzu zure botoa beste alderdi batera joan behar dela, aske zara, noski, baina gure alderdiak beti jarraituko du gizarte kohesionatu baten alde.
Erkorekak esan zuen Ciudadanosekin ados jartzeko prest zegoela; orain dela gutxi horiek ere ez dute baztertu EAJren babesa. Zer hitz eman behar lizuekete Madrilen zuen botoak izateko? Itziar Aretxaga
EAJ prest dago, eta egongo da beti, hitz egiteko gure lehentasun eta oinarriak kontuan hartzeko prest dagoenarekin; egia esan, Ciudadanosekoek Bilbon esandakoaren arabera, ez dut uste gugandik hurbil daudenik, ezta gutxiago ere. Gure babesa nahi duenak gure programako lehentasunak onartu beharko ditu. Ez dut uste Ciudadanosek ere gu hurbil sentitzen gaituenik.
Birzentralizazioaren aldeko bi indar nagusiak izango dira, inkesten arabera, Espainian bozkatuenak. Estatutua betearazteko ezintasuna ikusita, Kataluniako prozesuan igarri den itxikeria ikusita... merezi al du Madrilera joatea? Benetan ezer onik espero al daiteke Espainiako Kongresutik Euskal Herrirako? Alderdi abertzaleen eragiteko ahalmena ez al da hutsaren hurrena? Joseba
Inoiz ez da alferrikakoa guri dagozkigun politikak erabakitzen diren lekuan egotea. Une txarragoetan ere han izan ginen eta han jarraituko dugu; bestela, gure ahotsa zeinek eramango du? Handik espero daitekeena baino garrantzitsuagoa da guk azaldu eta aldarrikatuko duguna. Gure ahalmena euskal gizarteak ematen digun konfiantza baita.
Prest zeundekete sozialisten balizko gobernu bat babesteko Madrilen? Zein baldintza bete beharko lirateke horretarako? Ana Mitxelena
Galdera horri erantzutea gaur egun alferrikakoa da, ez baitakigu zer gertatuko den hauteskundeetan. Nolanahi ere, babesteko, akordio bat lortu behar da; akordioa lortzeko, elkarrizketak egin behar dira, eta elkarrizketan aritzeko, gure baldintzak eta programa onetsi beharko dute. Eta hori guztia ikuskizun dagoenez, balizkoa da egoera hori. Gure printzipioak onartzen dituenarekin beti gaude hitz egiteko prest. Hortik aurrerako guztia... Balizko errotak, ogirik ez!
Gaurkoa izango da hauteskunde kanpainako azken elkarrizketa digitala: Bixente Serrano Izko Geroa Baiko hautagaiarena (11:00): www.berria.eus
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Joseba Agirretxea. Gipuzkoako EAJren zerrendaburua
«Gu Madrilen ez bagaude, nork eramango du gure ahotsa?»
Espainiako Kongresurako hautagaia da Joseba Agirretxea EAJren zerrendan. «Inoiz ez da alferrikakoa guri dagozkigun politikak erabakitzen diren lekuan egotea», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu