Eusko Jaurlaritzak ez du gonbidatu OPA Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformak koordinakundea Osakidetzaren aldeko herri ituna adosteko mahaira, eta erabakia gaitzetsi du Mireia Saiz bozeramaileak (Barakaldo, Bizkaia, 1983).
Ez zaituztete gonbidatu.
Adierazgarria da guri deitu ez izana, herri plataforma gisa eta oinarrizko eragile izanda. Azken urteotan osasun publikoaren diagnostiko zehatza egin dugu, eta guk eman dugu egoeraren eta gabezien berri kalean. Adierazgarria da; gu gonbidatu ez izana seinale bat da, eta ez ona.
Parte hartu nahiko zenukete?
Bai. Guk herritarren parte hartze aktiboa exijitu dugu beti. Horregatik sortu dira herri plataformak. Beharrezkoa da herritarrok sistema kontrolatzea, eta nolabait fiskalizatzea ere bai, ikusteko zein den egoera erreala, zeintzuk diren gabeziak, non jarri behar diren baliabideak. Parte hartze aktiboaren bitartez bakarrik egin dezakegu hori, eta hori ukatzea adierazgarria da.
Beharrezkoa da osasun itun bat?
Bai, baina ez dira gauza estetikoak eta argazkiak behar. Guk ekintza zehatzak exijitzen ditugu, hitzak utzi eta ekitea. Itun batek ez digu ezertarako balio herriz herri dugun gure errealitatean ez badira gauzak aldatzen. Egiturazko gauza asko aldatu behar dira.
Zer pauso lehenetsi beharko lituzke osasun itunak?
Ezinbestekoa da lehen arreta indartzea eta baliabideak jartzea; lehen arreta lehen lerroan jartzea. Pribatizazioa eten behar da, eta zerbitzuak berriro publiko bihurtu behar dira: hori oinarrizkoa da. Parte hartzea eta gardentasuna ere bai, herritarrok osasun sistemaren kontrola izateko: nolabaiteko eragina edukitzeko gai izateko.