Natalia Rodriguez. EAEko garapenerako GKEen eragin politiko eta sozialen arduraduna

«Gu ez laguntzeko, krisia dute aitzakia erakunde batzuek»

Gobernuz kanpoko erakundeek azaldu dute nazioarteko lankidetzan azken 25 urteetan eginiko lorpenak suntsitzen ari dela krisia; «gizarte aldaketarako» mobilizazioaren garrantzia nabarmendu dute.

jon eskudero
Donostia
2012ko abenduaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Krisiak gogor eragin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den nazioarteko lankidetzan. Halaxe baieztatu du GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak egin duen inkestak, eta kritiko mintzo da Natalia Rodriguez (Bilbo, 1975), GKEen eragin politiko eta sozialen arduraduna. Euskal Herriak urte hauetan guztietan garapenerako lankidetzan eginiko lana galtzear dagoela ohartarazi du,atzera egiten ari direla. Gainera, okerrena heldu gabe dagoela nabarmendu du, 2013an diru publiko gutxiago jasoko dutelako.

Euskal lankidetza publikoaren azterketa 2008-2010; lankidetza deszentralizatuari begirada bat. Izen hori jarri diozue inkestari. Zein ondorio nagusi atera dituzue?

Murrizketen aro honetan, gero eta txikiagoa da erakundeek guztion zergetatik lankidetzarako jartzen duten diru kopurua. 2008tik, murrizketak jasaten ari gara; iaz Araban mozketa oso gogorrak eduki genituen, eta aurten, Gasteizko Udalak, orain arteko erreferentziak, lankidetzari ematen zizkion hiru milioi euroak 300.000ra murriztu ditu. Leku denetatik jasan ditugu mozketak, eta egoera larria da.

Azken urte hauetan lortutako balioa galtzeko arriskuan dago, beraz.

25 urteotan lankidetza politikak asko garatu ditugu, nahiz eta asko eduki hobetzeko. Zilegi da esatea euskal lankidetzak halako maila bat lortu duela kalitatean eta kantitatean. Erakunde publiko batzuk ezin dute krisia erabili aitzakiatzat orain arteko lana eta esperientzia guztia errekara botatzeko.

Kaltetuenak pobreak izango dira noski, gehienetan bezala.

Bai. Gogoratu behar dugu krisialdian ardura nagusia dela pertsona behartsuenei laguntzea, bai gure herrietan, baita Hegoaldeko herrietan ere. Lankidetzak isla humano bat du: ondorio garbiak ditu hezkuntzan, osasunean, gizon-emakumeen arteko berdintasunean... Ezin dira gutxi batzuk aberastu munduko hainbat biztanle pobretuta.

Zergatik lagundu Afrika edo Hego Amerikako pobreak, hemen krisiak pobrezia areagotu badu? Galdera hori hedabide askotan zabaldu da.

Badago debate hori zabaldu nahi duen jendea, baina ezin dugu onartu elkartasunen arteko gatazkak sortzerik. Gaur, sekula baino gehiago, ezin dira elkarren kontra jarri pertsonen lehentasunak. Gizartearentzat ez da egokia erabaki politikoek zuritu nahi izatea elkarren aurka jarriz hemen dugun pobrezia eta herrialde pobreagoetan pairatzen dutena. Diskurtso politikoan pertsonek dute lehentasuna. Hori da bidea gizarte justu bat egiteko.

GKEen egitekoa ere auzitan jarri izan da krisi garaian.

GKEak gizarte zibilaren eskaritik sortuak dira. Eta ez, ez gara gehiegi. Pentsa, ez dugu lortzen nazioarteko erakundeek hartutako konpromisoak betetzea ere. 1970ean eginiko Nazio Batuen Erakundearen batzarrean, herrialde denek hitzeman zuten lankidetzan erabiliko zutela barne produktu gordinaren %0,7, eta hemen ez gara inoiz iritsi gizarteak eskatu zuenera. Gehienez %0,5era heldu gara.

Horrek esan nahi du krisi garairik ez zegoenean ere lankidetzarako ez zela jartzen behar adina diru.

Hori da; horrek interpretazio ezkorra egitera bultzatzen gaitu. Oparotasun ekonomikoko urteetan ere, oro har, erakundeek ez zituzten betetzen hartutako konpromisoak. Murrizketekin, orain zazpi urteko mailara jaitsi gara.

Erakunde batetik bestera aldea egongo da, ezta?

Bai, eta ez txikia. Erakunde publiko batzuek soilik erabili dute aitzakiatzat krisia laguntzak deuseztatzeko. Ordea, beste batzuek, berdin jarraitu dute. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak, Bilduk Gipuzkoan gobernatzen dituen erakundeek, edo, 2012ra arte, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Zoritxarrez, azken horiek jokabidea aldatu dute, eta guraizea sartuko digute. Horregatik, Jaurlaritza berriaren beldur gara. Herriei dagokienez, Getxoren,Irunen eta Hernaniren jarrera ona baloratu nahi genuke.

Hainbat erakunderen laguntzarik izan ez arren, babes soziala baduzue.

Egia da, baita erakunde pribatuen laguntza ere, baina diru publikoa oso garrantzitsua da gure aurrekontuetarako, eta mozketekin arriskua dago hainbat GKEk jarraitzea. Ongizate gizartearen aurkako eraso bat da.

Eta aurrera begira,zer?

Ezkortasun pixka batekin begiratzen diogu geroari. Inoiz baino gehiago mobilizatu behar dugu gizartea eraldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.