Maite Bergara. Irungo alarde parekideko jenerala

«Gu existituko ez bagina bezala jokatzen du alkateak»

Alardea berriz antolatzen hasteko egin dizkioten eskeak ez ditu inoiz aintzat hartu Irungo alkateak; baina desfile parekidearen antolatzaileek berritu egin dute eskaera. «Ausardia» falta ikusten du Bergarak.

JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
San Juan plaza, udaletxe aurrean dagoen enparantza, Irungo (Gipuzkoa) bihotzetako bat da. Argazkiak egin dizkioten bitartean, Maite Bergara Irungo alarde parekideko jeneralari (Irun, 1971) gogora etorri zaizkio oroitzapenak, bulkadaka; ekainak 30 dituenean zaldi gainean sartzen baita plazan, alardearen buruzagi, usadio zahar bat berrituz. Aldiz, egun galdutako «tradizioak» badirela nabarmendu du, arranguraz: «Udalak antolatzen zuen lehen alardea». 1990eko hamarraldian andreek desfilean irteteko eskea egin zuten, kontrako erantzun irmoa jaso zuten, eta horren ostean apurtu zen usadio hori, andreei ateak ixteko asmoz jaia «pribatizatzea» ebatzi zenean. Alarde parekidearen aldarria sendo dago oraindik hirian, ordea, eta desfile mistoa antolatzen duten gizon eta emakumeek, orain arte haien aldeko keinurik txikiena jaso ez badute ere, berriz eskatu diote Irungo alkate Jose Antonio Santanori alardea antolatzen hasteko.

Lehengo hilean Gipuzkoako Batzar Nagusietara heldu zen Irungo eta Hondarribiko alardeen auzia. Han solastatu ziren hainbat alderdiren arabera, normaltasuna da nagusi Irunen. PSE-EEk, EAJk eta PPk hala adierazi zuten. Nola hartu duzue hori?

Etsigarria da. Zenbaiten arabera, normaltasuna da gure kontrako eraso argirik ez egotea. Baina, horra: bada jendea niri Irunen ez didana kasurik egiten, eta festetako egunak heltzen diren heinean, eta zenbait toki esanguratsutan, oraindik ere gutxiago ikusten naute... Hori niri gertatzen zait, eta jende askori gertatzen zaio. Hori ez da normaltasuna. Edo, hara, ni irakaslea naiz, Irunen, 14-15-16 urteko ikasleak ditut; gai hau atera egiten da; jakina, zaldi gainean ikusten naute, eta atera egiten da. Eta zenbait neska gaztek argi hitz egiten dute: neskak alardean ateratzea ondo iruditzen zaie, horren alde aritzea ere bai. Galdera egiten diet: «Aterako zara aurten?». Erantzuna: «Ez, oraindik ez; amonarengatik, edo dena delakoarengatik...». Badakite kostu bat izango duela erabakiak: etxean, kalean. Hori ere ez da normaltasuna: ez da.

Normaltasun faltaren seinale da alkatearen jarrera ere. Urtero desfilatzen duzue desfile parekidean, talde handia zarete, baina inoiz ez dizue harrerarik egin. Andreak onartzen ez dituen desfileari, ordea, urtero egiten dio oles, era oso argian.

Ez digu harrerarik egiten, eta ez digu egingo ere. Nik iaz pentsatzen nuen aldaketako abagunea izango zela; hauteskundeak aurten dira, eta uste nuen gure aurrean agertzeak nolabaiteko onura bat ekar ziezaiokeela alde horretatik; gainera, pandemia batetik gentozen, eta uste nuen alkatea ez zela ausartuko ordura arte egin zuena errepikatzen. Baina, aizu, ezuste negatiboa berriro.

Alkatea ez da balkoian agertzen zuei kasu egitera, baina bestela ere ez zaituzte kontuan hartzen. Iaz eskatu zenioten, adibidez, aurrez ere egin izandako eran, alardea berriz antolatzen hasteko, eta ez zizuen erantzun, ezta?

Erantzunik ere ez dugu izan. Ez erantzun pribatu bat, ez gutun bat, ez hedabideen bidez helarazitako mezu bat, edo ez nolabaiteko erreferentziaren bat: ezer ez. Gu existituko ez bagina bezala jokatzen du alkateak.

Ez ikusiarena egiten du zuen aurrean?

Bai, bai. Gas argiarena egiten digu alkateak. Ez dakit zeren zain dagoen. Ikusten du ez dugula liskarrik sortzen, horretarako asmorik ere ez dugu, eta nahi duena egiten jarraitzen du. Eta iruditzen zait Irungo jende askok ez dakiela zer gertatzen den, alkatea zer egiten ari den, zer jokabide duen. Aparteko ahalegina egiten dute gure inguruko berriak ia oharkabean gera daitezen; aldiz, beste albiste batzuk behin eta berriz errepikatzen eta hauspotzen dira.

Baina ez zaudete amore emateko prest. Berriz eskatu diozue alkateari alardea antolatzen hasteko...

Tradizioa izan da, gizaldietako tradizioa, udalak antolatzea alardea. Jakina, udalak soilik antola dezake andre eta gizonek era parekidean parte har dezaketen alarde bat. Ez litzateke gure alardea, edo beste norbaitena: guztion alardea litzateke. Ez da guri otu zaigun zerbait, gainera. Lege guztiek horixe esaten dute. Ez dira ari, bada, beti berdintasunaren alde hizketan, Irun zeinen hiri abegikorra den esaten? Bada, ez. Ez da egia. Ni irundarra naiz, bertan lan egiten dut, bertan bizi naiz, eta jaietan ezin naiz libre eta lasai ibili; hori horrela gertatzen da, eta niri gertatzen zaidan eran gertatzen zaie beste hainbati ere. Hori ez da normaltasuna; hori ez da berdintasuna. Alardearen gaia agendatik atera nahi dute, baita berdintasunaren agendatik ere, Emakundek ohartarazpena eginagatik ere; alkateak ez entzunarena egiten die horien guztiei...

Hain justu, Irungo Berdintasun Plana ondu berri da, atera daalardearen gaia, eta alkatearen ekimenez, PSE-EEren eta EAJren botoekin, ordezko testu bat egin da, gaia aipatu ere egiten ez duena. Kolpea hori ere, ezta?

Oso deigarria da. Ez dakit zer iruditzen zaidan deigarriagoa; hori egitea, edo egiteko lasaitasuna izatea. Alkatea oso ohituta dago, ordea, gai honetan nahi duena egiten, eta iruditzen zait goian dituen botere politikoek ez diotela horren harira deus aurpegiratu; gainerakoan zerbait egiteko era egongo zen. Irundik eta Hondarribitik aterata, oro har, ez dago gure jarrerarekin bat ez datorren politikaririk. Gero hona iritsita, ordea, isildu egiten dira: ausardia falta da. Zertarako daude, orduan? Irundarrok ikasi dugu, oinaze handiarekin bada ere, elkarrekin bizitzen. Orain hau ezin da, ordea, bizikidetza auzi batean utzi. Ez da bizikidetza auzi bat.

Udalak antolatutako alarde baten hautua ezinbestekoa iruditzen zaizue konponbiderako?

Konponbide bakar bat dago: denontzat izango den alarde bat antolatzea. Beste zer esan dakieke, bada, gurekin desfilatzen urteak daramatzaten emakume gazteei? Eta alkateak badaki, eta esan ere egin izan du: antola dezakeen alarde bakarra parekidea da. Irunen urrats hori egiten duena politikari ausart bat izango da. Kritikak izango ditu, hirian badirelako erresistentziak, baina hori egiteko obligazioa dute politikariek. Eta, gainera, tradizioa ere horixe izan da herrian: udalak antolatu du beti alardea. Arazoak hasi zirenean egin zuen ihes alkateak: uste ez genuena zen horrenbeste denbora egingo zuela ezkutatuta. Garaia da, ordea, aldaketarako. Eta hor egongo gara gu, behar denerako; zintzoki diot. Ez dugu errebantxa bilatzen, irabaztea edo galtzea. Ez; jaiak, andreok eta gizonok, merezi dugun normaltasunarekin bizi nahi ditugu.

Bada albiste on bat. Desfile parekidea hazi eta hazi ari da. Aurtengoa ere indartsu dator?

Bai, eta aurten beste konpainia bat dugu, gainera, San Migel auzokoa. Oso pozik gaude. Iaz egin genuen koska bat gora, eta aurten ere igotzea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.