Gazteak kamerari irribarre egiten dio. Iruñeko zezen plazako eguzkipean alaitsu dago, lagunartean. Irudi luke duela hamar urtekoa dela argazki lausotua, edo duela hogei urtekoa, baina, egiazki, 1978ko uztailaren 8koa da. Bi ordu geroago, gaztea, German Rodriguez, zerraldo erori zen, Polizia Armatuak tirokatuta. Lau ordu geroago, ospitalean hil zen. Memoria kolektiboan iltzatuta geratu diren egun hartako argazki gehienetan, polizia armatuek erabilitako indarkeria islatzen da. Irudi zuri- beltz horien alboan, gaztearen bizitasunak kontraste bortitzagoa ezartzen du, egun hartan grisek ebatsi zioten etorkizuna eta itxaropena azpimarratzen baitu.
1978ko sanferminak betirako German Rodriguezen izenari lotuta geratuko dira, baina hilketa eraso handiago baten ondorio izan zen. Halaxe uste du haren garaiko lagun Fermin Valencia kantariak: «German izan zen, baina jendeari egin zioten tiro. Asko maite badugu ere, helburua ez zen German. Auzia da zer kendu nahi izan ziguten. Beste herrialde bat nahi genuen, askatasuna nahi genuen, eta ez utzi diguten kaka zahar hau».
Rodriguezen antzera, Liga Komunista Iraultzaileko (LKI) kide zen orduan Sabino Cuadra EH Bilduko diputatu ohia. Hiria sutan du gogoan. Gertaeren ostean, sanferminetako peñek ikerketa bat osatu zuten: 5.000 gomazko pilota, 2.000 ke pote eta negar-gas pote, eta 130 bala zenbatu zituzten kaleetan zein zezen plazan. Ehunka pertsona zauritu zituzten erasoan; horietatik 11, balaz. Eta pertsona bat hil. «Hura zen errealitatea», dio Cuadrak. «Iruñea kez beterik, barrikadak kaleetan, kale itxiak, poliziak han-hemenka, sirenak handik hona... Ezin da deskribatu. Hau Vietnam izan zen».
Germanena ez zen hilketa bakarra izan. Donostian, Aldapetan, polizia armatuek Joseba Barandiaran Astigarragako gaztea hil zuten uztailaren 11n. Berrogei urte luze iragan dira geroztik, baina polizia indarkeriaren biktima askori gertatu bezala, ez batak ez besteak ez zuten justiziarik izan. Tiroak jo zituztenak eta agindua eman zutenak ez zituzten zigortu.
Eta horrek min berezia egiten die senideei, Fermin Rodriguezek, Germanen anaiak, azpimarratu bezala: «Anaiaren hutsunea iraunkorra da. Zauria ez da orbandu, irekirik dago, ez baita lortu justizia egitea». Maiz galdetu ohi diote kalean uztailaren 8 hartaz. «Batzuetan, nekatu egiten nau, baina naturala da. Ez zen izan hilketa puntual bat, baizik eta hiri oso bati egin zitzaion erasoa».
Edonor izan zitekeen. Sentipenhori eragin zuen erasoak Iruñean.
Baina German Rodriguez izan zen. «Oso pertsona berezia zen. Sinesmen handiak zituen, eta batez ere gizartea aldatzeko gogo izugarria zuen». Garai hartan, bikotekide zuen Miren Egaña, Herri Batasuneko mahaikide ohi eta Aralarreko parlamentari ohia.German Rodriguezek gauzak aldatzeko grina hori partekatzen zuen garai hartako gazte askorekin. «Aldaketan sinesten genuen, eta gure gazteria horretan utzi genuen. Bagenekien noren aurka ari ginen, baina, agian, ez genuen ondo neurtu eskuinaren indarra», dio Fermin Valenciak, etsipenez. Zorigaitzak hautatuko biktima belaunaldi haren paradigma zen.
Giro berezia Iruñean
Sanferminen aurretik, tentsioa nabari zen Iruñean. Maiatzaren Leheneko manifestazioan indarkeria handiz oldartu zen Polizia. Handik egun gutxira, eskuin muturreko kideek izua eragin zuten Alde Zaharrean. LKI-ko egoitzariere eraso zioten. «Haietako batek tiroa jo zuen», dio Cuadrak. «Sar ez zitezen galarazten ahalegindu ziren lagun batzuk, eta bati bala burutik oso-oso hurbil pasatu zitzaion». Egun hartan, Juan Eseberri guardia zibilari labana sartu zioten, eta bost gazte atxilotu zituzten. Sanferminen bezperan, udaletxean itxialdia eta gose greba hasi zuten gazte batzuek.
Giro hartan, sanferminetan zerbait gerta zitekeen zurrumurrua hedatu zen hirian, baina festak normal-normal hasi ziren. Orduek aurrera egin ahala, tentsioa baretuz joan zen. Uztailaren 8 hartan, Miren Egaña gurasoen tabernan lan egitekoa zen, eta, eguerdian, German Rodriguezek deitu zion: «'Ea kafe bat hartzen dugun', esan zidan. Ez zuen asmorik joateko, baina kanpotik etortzekoak ziren kide batzuk lagundu behar zituen. Harekin hitz egin nuen azken aldia izan zen».
Arratsalde hartako zezenketa amaitutakoan, 20:45ean, 50 lagun inguruk, plazako hondarrera jauzi egin, eta Amnistia osoa, presoak askatu, sanferminak presorik gabe zioen pankarta atera zuten. Sabino Cuadrak lehen aldia zuen zezen plazan, eta itzalpeko harmailetatik xanpain botila jaurti zutela du gogoan. Liskar bat sortu zen, baina azkar batean desegin zen dena. Une hartan, peñetako haurrak plazan sartu ziren, eta atzetik, oldarka eta bortizki, polizia armatuak. «Aitzakia izan zuten sortu zen iskanbila txiki hura, baina zuzenean peñak izan ohi ziren tokietara jo zuten. Kuxinekin, ahal genuen modura, defenditu ginen», dio Cuadrak.
Bi oldarraldi nagusi izan ziren plazan, bigarrena are bortitzagoa. Su armak ere erabili zituzten. Polizien irratian entzun zen agindua: «Tiro egin indar guztiekin. Ez diezazuela inporta inor hiltzea». Une hartan, 20.000 lagun ziren plazan, eta indarkeria erakustaldi hartan, 55 pertsona zauritu zituzten; horietatik sei, balaz. Lekuko ugarik ikusi zuten orduko Iruñeko komisarioa, Miguel Rubio, pistola eskuan, poliziei oldartzeko aginduak emanez.
Plazatik at, 22:00etan, Ignacio Llano gobernadore zibilak Espainiako Gobernu ordezkaritzan bildu zituen alderdietako, sindikatuetako eta peñetako ordezkariak. Han, Rubio komisarioak, urduri, ukatu egin zuen agindua eman izana.
Kanpoan, Merindadeen plazatik Gazteluko plazara arteko kaleetan, izua eragin zuten poliziek. Gomazko piloten tiroen ordez, su armen hotsak entzun zituzten lekukoek. «Tak, tak, tak. Soinu lehor hori dut grabatua. Soldaduska egina nuen, eta banekien zer zen», dio Cuadrak. Paulino Caballero eta Orreaga etorbidea gurutzatzen diren tokian, polizia batzuk gupidagabe tirokatzen hasi ziren, 22:20 aldera. «Bost minutuz, heriotza inguruan izan genuen». Halaxe deskribatu zuen egoera lekuko batek. Gertu, autobatean ezkutatuta zegoen German Rodriguezi buruan jo zion bala batek. Larrituta, inguruan zirenek berehala auto batean sartu zuten, eta ospitalera eraman. «German hil zuten tokian, inguru horretan, 35 bala zulo atzeman ziren; 80 zentimetro eta bi metro eta erdi arteko altuera zuten», dio Cuadrak. Hiltzera jo zuten.
Ezer jakin gabe, handik ez oso urruti, Miren Egaña tabernan zegoen, lanean. «Sentitu nuen zerbait arraroa. Horrelako gauzetan ez dut sinesten, baina oroitzen dut albokoei esan niela: irudipena dut nire kuadrillako bati zerbait gertatu zaiola». Istiluen ondorioz, aitak taberna itxi, eta etxera eraman zuen alaba. Biharamunera arte ez zuen albiste lazgarria jaso.
Takonerako barraketatik bueltan, anaia zaurituta zegoela esan zioten etxean Fermin Rodriguezi. «Amak esan zidan berehala ospitalera jotzeko. Aitak uste zuen pilotakadaren bat izango zuela, baina ospitalera iristean ohartu nintzen ezetz, hura ez zela normala. Atarian, zaurituen zerrenda zegoen, eta German Rodriguezek buruan bala bat zuela zioen. Ezagun batek azkar igotzeko esan zidan, oso gaizki zegoela». Handik gutxira iritsi ziren gurasoak. «Hil zen arte egon ginen han».
Liskarrek gau osoan iraun zuten. Gazte bat hil zutela lau haizeetara zabaldu zen. «German zela jakin nuenean, gau osoan iraun zidan haserreak. Gelditu gabe ibili ginen, korrika, poliziekin liskarrean. Odola irakiten nuen», azpimarratu du Valenciak.
Eraso hark oihartzun handia eragin zuen Iruñean zein Euskal Herri osoan: batzarrak, protestak hainbat egunez, sanferminak bertan behera geratzea, Joseba Barandiaranen hilketa, greba orokorra, Errenterian Poliziaren esku hartze eta lapurreta...
Rodriguezen hurbilekoek zurrunbilo handi baten gisan oroitzen dituzte egun bero eta goibel haiek. «Hileta izugarria izan zen. Ospitaletik hilerrira sorbaldan hartuta eraman zuten hilkutxa, eta, handik hil zuten tokiraino, Iruñean inoiz ikusi dudan manifestaziorik handiena egin zen. Han jarri zen hilarria», azaldu du Fermin anaiak. Gero etorri zen 23 urteko seme gazte baten heriotzak utzitako hutsune handia. «Nire aita handik hilabete gutxira hil zen. Amak gehiago iraun zuen, baina kolpe latza izan zen. Anai-arreboi ere asko eragin zigun. Denok gaztetxoak ginen».
Trantsizio odoltsua
Baina zergatik egin zuen eraso Polizia armatuak? Oldarraldiaren motibo bakarra amnistiaren aldeko pankarta bat izan bazen, zergatik erantzun zuten grisek indarkeria neurrigabeaz? Miren Egañak oso argi du Iruñekoa «esperimentu bat» izan zela, aldarrikapen oro errotik erauzteko: «Estatuak beldurra zion hemengo mugimenduari, eta esperimentu bat egin nahi izan zuten. Espainiako Konstituzioa orduantxe ari zen mamitzen, eta estatuak argi zuen Nafarroak ez zuela bat egiten ahal [Hego Euskal Herriko] gainerako hiru probintziekin; hortaz, estrategia bat diseinatu zuten, jendea beldurtzeko».
Nerea Perez Ibarrola Nafarroako Unibertsitate Publikoko historialaria eta 78ko sanferminen inguruan Iruñeko Udalak abian jarritako Egiaren Batzordeko kidea da. Haren irudiko, trantsizioaren kontakizun ofiziala «kolokan» jartzen dute Rodriguezen hilketak eta urte horietako beste gertakari bortitz batzuek. «Oraindik ere kontakizun nagusi bat dago indarrean: trantsizioa prozesu ereduzkoa, baketsua eta kontsentsu bidez eginikoa izan zela dioen hori. Trantsizioa, egiazki, tentsio eta gatazka garai bat izan zen».
Egiaren Batzordeak argitaratutako txostenean ondorio nagusietako bat da, hain zuzen, Espainiako segurtasun indarrek «aurretik pentsatutako plan errepresibo bat» prestatu zutela iruindarrak zigortzeko, «sinetsita baitzeuden Nafarroako gizartea langile mugimenduarentzat erreferente arriskutsu bihurtzen ari zela». 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertaerekin eta urte bereko Montejurrako erasoekin lotu du Perezek 78ko sanferminetako oldarraldia. «Horiek guztiak gertakari errepresiboak dira, eta adierazten dute estatuak asmo bat zuela egoera, nolabait, zaintzeko edo kontrolpean mantentzeko».
Bat dator Sabino Cuadra ere: «Konstituzioan onartutakotik at ziren bide guztiak moztu nahi izan zituzten». EH Bilduko diputatu ohiaren arabera, estatuko aparatuek «bereziki garrantzitsuak» ziren lau ardatz utzi nahi izan zituzten negoziazio mahaitik at: «Monarkia, sistema sozioekonomikoa, frankismoaren gaineko erantzukizuna eta herrien autodeterminazioa», eta aldarrikapen horien kontra jo zuten zuzenean. «Montejurran, monarkia zegoen auzitan; Gasteizen, langile mugimenduaren planteamendu asanblearioak jarri ziren mahai gainean; eta 78ko sanferminetan, berriz, autodeterminazioa».
Urte hartako sanferminak inflexio puntu bihurtu ziren burujabetzaren eta lurraldetasunaren auzian. «Sanferminen aurretik, indar guztiek planteatzen zuten estatutu bakarra onartu behar zela Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako. Urte hartako Aberri Egunean, aldarrikapen horrekin bat egin zuten PSOEk, PCEk eta baita UGTk eta CCOOk ere. Eta abenduan, kontrako aldera lerratu ziren denak, konstituzio onartu berriak Espainia zatiezina dela ezarri zuenetik beretik». Hala ere, sanferminetan gertatutakoaren kontakizun ofizialari konnotazio politiko oro kendu nahi izan zion Madrilek. Trantsizioan izandako beste istripu bat besterik ez.
Erroreak eta krimenak
«Gureak oker egindakoak dira, besteak bai direla krimenak». Uztailaren 13an, Espainiako telebistari eskainitako elkarrizketan, gertaerei buruzko esaldi borobil hori bota zuen Rodolfo Martin Villak, orduko Espainiako Barne ministroak. Uztailaren 19an, Espainiako Kongresuan ideia horretan sakondu zuen: batetik, «gerrillen taktikak ezagutu eta terrorismoarekin lotura duten talde aktibistek», aurretik, giroa gaiztotu zuten; bestetik, zezen plazan sartzea «huts egitea» izan zen, baina ardura oro zuritu zuen. Hizkuntzaren erabileran ere islatu zuen hori: «Ukaezina da German Rodriguezen zein Joseba Barandiaranen zauri hilgarriak gertatu zirela segurtasun indarrak kalean bortizki erasoak izan zirelako».
40 urte geroago, Sabino Cuadrak argi du zein zen Martin Villaren asmoa. «Hasiera-hasieratik norabidea markatu zuen». Dena anabasaren eta gaizki-ulertuen ondorioa izan zen. «Errorea zen batek esan zuela zerbait, besteak ez zuela ulertu, dena kaos bat zela etainork ez zekien ezer: nork bota zituen tiroak, nork eman zuen agindua», zehaztu du Cuadrak.
Ikerketa judizialak ez zuen ezer argitu. Bost sumario ireki ziren, epaileek ez baitzioten osotasun bat ikusten auziari. «Erabakigarria da hasiera-hasieratik nola egituratu zuten. Zioten ez zegoela gertaera handi bat, baizik eta kontu puntualak. Banan-banan aztertu zituzten gertaerak eta sakabanatuz joan zen dena», azaldu du Cuadrak. Aldiz, herri akusazioak hasieratik salatu zuen sumario bakarrak egon behar zuela. Gogoan du: «Barne ministerioaren boikota izugarria izan zen».
Adibidez, Rodriguezen hilketaren sumarioan, hainbat probapraktikatzeko sei eskaera judizial egin zitzaizkien Barne Ministerioari, Polizia Judizialari eta Polizia Armatuari. Barne Ministerioak txosten bat zuela esan zuen Martin Villak Kongresuan, eta epaitegiek hainbat aldiz agindu zieten agiriok emateko. Ez zizkieten eman. Nafarroako Lurralde Auzitegiak ondorioztatu zuen Polizia Armatuaren Logroñoko konpainiak bota zituela tiroak. Hala eta guztiz ere, 1982an, itxi egin zuen sumarioa. Banan-banan, gauza bera egin zuen gainerakoekin.
Ate hura itxi izana kolpe gogorra izan zen familiarentzat. «Ondorioa izan zen ez genuela justiziarik izan. Bagenekien nortzuk ziren errudunak, baina judizialki erabat babestuak zeuden, eta halaxe daude gaur egun ere», salatu du Fermin Rodriguezek. Trantsizioan, Poliziaren indarkeriaren ondorioz hil ziren biktimarik gehienen patua izan zen hura. «Kasu guztiek arau komun bat dute, erabat zigorgabeak dira. Frogak aurkez ditzakezu, baina botere judiziala ezezkoan tematzen da», gaineratu du.
Botere judizialak ez ikusiarena egin bazuen ere, hasiera-hasieratik sanferminetako peñek kontrako bidea ezarri zuten. Ikerketan lekukotzak, frogak eta orduko dokumentazioa txosten batean bildu zuten. 1978ko gertaeren inguruko kontakizunik fidelena da.
Trantsizioko agintariek altxatutako zigorgabetasunaren harresiaren alboan, memoria aldarrikatu zuten German Rodriguezen lagunek eta Iruñeko gizarte zibileko hainbat taldek. Guztiak78ko Sanferminak Gogoan elkartean bildu ziren. «Estatuak ahanztura ezarri du, horrekin egia oztopatu nahian. Eta guk beti esan dugu egia, justizia eta ordaina behar ditugula», azpimarratu du Miren Egañak, taldeko kideak. Fermin Rodriguezek haien lana txalotu du. «Hasiera-hasieratik Germanen lagunak egon dira oroimena aldarrikatzen, beti judizialki zein politikoki zirrikituak bilatzen, aurrera egiteko».
Hilarria eta memoria
Zirrikitu horietako bat izan zen iragan hamarkadan hilarriarekin gertatutakoa. Yolanda Barcinaren agintaldian, Iruñeko UdalakKarlos III.aren etorbidean aparkaleku bat eraiki behar zela baliatu zuen Germanen oroitarria kentzeko, eta 78ko Sanferminak Gogoan taldeak erabaki haren kontra egin zuen irmo:«Konbentzituta zeuden ahaztuko zela, gero eta jende gutxiago oroituko zela, baina ez zuten kontuan hartu nekaezinak garela», azaldu du Miren Egañak. «Burugogor, bi urte eman genituen mezu sinple batekin: hilarria bere tokira. Barcinaren kontra izandako garaipen bakarra izan zen», nabarmendu du Cuadrak.
Borroka haren abaroan, Hilarria abestia sortu zen. Mikel Elizagak doinua egin zuen, Fertxu Izquierdok euskarazko hitzak idatzi zituen, eta Fermin Valenciak gaztelerazko bertsoak gaineratu zizkion. «Abestiak hurbilekoak dira, oroimenean geratzen dira. Hori aldarrikatu nahi genuen. Hori da German, bere hilarria, bere bizitza».
Ahanzturaren eta memoriaren arteko pultsu luzean, azken hamar urteetan egoera irauli da. Egoera politikoa aldatu izanak lagundu egin du. «Duela bost urte, norbaitek esan izan balit Parlamentura joango nintzela kasuaz hitz egitera, edo Nafarroako Gobernuak giza eskubideen bulegoan hartuko ninduela, esango nioke erotuta zegoela», azaldu du Fermin Rodriguezek. Izan ere, Nafarroako erakunde ofizialek urte luzez bizkarra erakutsi diete indarkeria polizialaren biktimei.
Aurten 40. urteurrena izaki, Iruñeko Udalak Egiaren Batzordea bultzatu du, eta ekainaren 8an lanaren aurkezpena Gaiarre antzokian aitortza egiteko baliatu zuen. Han izan zen Joseba Asiron alkatea. «Niretzat, 1978a da zerbait mitikoa. Egun hartan, mitifikatua dugun horri aurpegia jarri genion. Han izan ziren begia galdu zuen pertsona bat, gibelean tiroa jaso zuen beste bat...». Asironentzat, gainera, izan zuen lotura pertsonal bat. «1978an, pankartarekin jaitsi zen talde horretan nire anaia Koldo zegoen. Ekaineko omenaldiaren ondoren, etxean berekin izan nintzen. Asko eskertu zidan». Handik egun gutxira hil zen Koldo Asiron.
Aitortza ofizialek badute balioa, baina urratsik zailena egitea falta da. Egiaren Batzordeak nabarmendu du Barne Ministerioaren paperak desklasifikatu gabe daudela oraindik. Kongresuan, PSOEk, PPk eta Ciudadanosek eskaera horren aurka bozkatu dute. Sozialistek aldarrikatzen dute sekretu ofizialen legea osotasunean aldatu beharko litzatekeela, baina Egañak uste du denbora irabazteko aitzakia baino ez dela.
Sakonean, bestelako arrazoiak ikusten ditu Rodriguezek. «PPk eta PSOEk gauza asko dituzte ezkutatzeko. Elkarri egiten dizkioten faboreak dira». Oraindik ere, zigorgabetasunaren murru hori zutik dago. Indartsu. Itxaropena ez du galdu, ordea. «Egunen batean harresi hori eroriko da».
1978ko sanferminen 40. urteurrena. German Rodriguezen hilketa
GRISEK ITXAROPENA EBATSI ZUTEN EGUNA
1978ko uztailaren 8an, Espainiako Polizia Armatua tiroka sartu zen Iruñeko zezen plazan. Ehundik gora lagun zauritu zituen —11, balaz—, eta beste bat hil: German Rodriguez. Hurrengo egunetan, Joseba Barandiaran erail zuten, Donostian. 40 urte geroago, sanfermin odoltsu haien memoriak bizirik jarraitzen du, eta trantsizio garaian ezarritako zigorgabetasuna amaitzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu