Zerua oskarbi, eta zorua gris. Halaxe oroitzen dute etxarriar askok 1977ko urtarrilaren 16ko goiz hura. Igandea zen, eta hotz handia egiten zuen. Lau bidetatik Etxarri Aranatzera zuzentzen zituen Guardia Zibilak, errepideetan jarritako kontrol ugarietan. Barruan, berriz, grisek —uniforme grisagatik ezaguna zen Franco diktadorearen erregimeneko Polizia Armatuak— hartua zuten Etxarri. Inork ez zuen herrian sartzerik; inork ez zuen herri barruan ibiltzerik. Hala eta guztiz ere, debeku eta mehatxuen gainetik, bezperan zein goizean goiz makina bat etxarriarrek udaletxe barruan sartzea lortu zuten. Han, orduko alkate Javier Mauleonek adierazpen historikoa irakurri zuen. Herriko hiru emakumek espresuki egindako ikurrina zuen alboan. Jai giroan, etxarriar askok garaipenaren ikurra marraztu zuten hatzekin. Handik hiru egunera, legeztatu egin zen ikurrina.
Ikurrinaren kolore zuri, berde eta gorria gailendu zitzaion egun hartan polizien grisari. 35 urte luze iragan dira, eta denboraren urruntasunak zein belaunaldi gazteagoen agerpenak Franco hil ondorengo garai politiko nahasi hura lausotu dute memorian. Hala ere, egun hartan Etxarri Aranatzen gertatu zena ulertzeko, orduko testuinguru politikoa aintzat hartu behar da. Aurretik hartutako bide batean urrats garrantzitsua izan zelako hura.
Urte eta hiru hilabete eskas iragan ziren diktadorearen heriotzatik. Aldaketa politikorako bi bide argi antzematen ziren: frankismoaren erreforma edo haustura demokratikoa. Erregimenean,Adolfo Suarezek Carlos Arias Navarro ordezkatu zuen gobernuko presidentetzan 1976ko uztailean, eta aldaketa hartan Rodolfo Martin Villak hartu zuen segurtasun indarren ardura, Barne Arazoetako ministro gisa.
Euskal Herrian ez zegoen demokratikoki hautatutako erakunderik, baina lehen hilabete haietan herri mugimenduari lortutako ordezkari batzuk udaletan sartzen hasi ziren. Ordezkari demokratikorik gabe, alkate haiek beren gain hartu zituzten Euskal Herriko aldarrikapen nagusiak. Bertan ziren Jose Luis Elkoro Bergarako alkatea, Imanol Murua (Zarautz), Ignacio Iruin (Hernani),Iñaki Aristizabal (Oiartzun), Jose Antonio Altuna (Arrasate)... Mugimendu hura irekia eta aniztuna izan zen. Gerora, trantsizio garaiko alkateen mugimendua deitu izan zaio.
Bergarako adierazpena
Lehen urrats esanguratsua egin zuten 1976ko udan. Foruen abolizioaren mendeurrena baliatuta, uztailaren 21ean Bergarara jotzeko deia egin zuen hango udalak. Egun hartan, euskararen ofizialtasuna, amnistia eta foruak aldarrikatzen zituen lehen adierazpen politikoa ezagutarazi zuten. Hainbat herritako alkateek, EAJk eta ELAk babestu egin zuten agiri hura.
Mugimenduko sustatzaileek gerora onartu izan dutenez, lehen urrats hark indar handia eman zien, eta aldarrikapen haiek udal guztietara hedatzeko lanean jarri ziren. Lan hark eta herritarren presio sozial handiak ezinegon handia sortu zuen frankismo garaitik agintean jarraitzen zuten alkate askoren artean. Haren eraginez, alkate haietako batzuk dimisioak aurkezten hasi ziren.
Indarkeria handiko garaia zen. ETAren eta eskuin muturreko taldeen atentatuak ohikoak ziren. Segurtasun indarren jazarpena ere handia zen, eta hainbat udalek etengabe igortzen zizkieten kexuak gobernu ordezkaritzei jazarpen handi horregatik.
Artean ikurrina legeztatzeko zegoen. Hura zen orduko aldarrikapenetako bat, amnistiarekin, euskararen ofizialtasunarekin, alderdien legeztatzearekin edo lau lurraldeetarako estatutuarekin batera. Urte hartako abenduaren 5eko Realaren eta Athleticken arteko futbol partidan, Atotxan, bi futbol taldeetako kapitainak ikurrina eskuetan zutela atera ziren zelaira. Argazki hura memoria kolektiboan iltzatuta dago.
Ezezagunagoa da handik gutxira Arrasateko Gurea aretoan jazotakoa. Ospakizun batean ikurrina atera zen. Gainezka zegoen areto hartan Guardia Zibila agertu, eta handik ateratzeko agindu zuen. Oihuka hasi zen jendea. Ke poteak jaurtiz eta aretotik ihesi ateratzen zirenak joz erantzun zuten guardia zibilek.
Giro zail hartan, Alkateen Mugimenduak pauso bat harago jo zuen. Txema Urrutiaren Alcaldes en lucha —euskaraz, Alkateak borrokan— liburuan mugimenduko sustatzaileek azaltzen dutenez, hasieran Gasteizen egitea pentsatu zuten, baina Jose Angel Cuerda orduko alkatea ez zen prest azaldu. Azkenean, Nafarroako hainbat udalen eskutik Etxarri Aranatzen egitea proposatu zen. Etxarriko alkate Mauleonek begi onez hartu zuen. Nafarroako herri bat aukeratzea oso garrantzitsua zen, ikurrina lurralde guztietan legeztatu ahal izatea zelako helburua.
Jose Luis Elkorok liburuan kontatzen duenez, bilerak egin zituzten Altsasuko hotel batean EAJko kideekin, tartean Carlos Garaikoetxearekin. Etxarriko Udalak abenduaren 27an onartu zuen deialdia, eta urtarrilaren 3an dei berezia egin zien Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako udalei hilaren 16an Etxarri Aranatzera jo zezaten. Deialdian «amnistiaren, euskararen ofizialtasunaren eta foruen erabateko integrazioaren» aldeko aldarria egingo zela jakinarazi zuen. Bi aste horietan, 174 udalek bat egin zuten egitasmoarekin: Nafarroako 70ek, Bizkaiko 42k, Gipuzkoako 50ek eta Arabako hamabik. Eusko Alderdi Jeltzaleak ere bat egin zuen, eta afiliatuei deitu zien Etxarrira jo zezaten.
Alabaina, Nafarroako Gobernu Zibilak Etxarriko Udalari jakinarazi zion ekitaldi hura debekatuta zegoela, besteak beste Etxarrik tamaina horretako bilkura bat egiteko «ahalmen fisikorik ere ez» zuela argudiatuta. Ekitaldia egin ez zedin «behar zen guztia» egingo zuela ohartarazi zuen.
Debekuaren mehatxua gainean zutela, urtarrilaren 15ean Etxarri Aranatzera jo zuten alkate ugarik. Herria gainezka zegoen igandeko ekitaldia prestatzen, hura iristeko irrikan. Hala ere, beste udaletako ordezkariak euren herrietara itzuli ziren, biharamunean euren bizilagunekin batera Etxarrira itzultzeko asmoz.
«Herria itxita dago»
Urtarrilaren 16an, ikurrinak gainean zituztela, ehunka eta ehunka autobus eta autotan Etxarrira iristen ahalegindu ziren milaka lagun. Gasteiz eta Iruñea arteko errepideetan, auto ilara handiak sortu ziren. Alferrik. Guardia Zibilek eta grisek ez zieten utzi. «Herria itxita dago», esaten zuten.
Etxarri barruan, grisak baino ez ziren ikusten. Egungo Etxarriko alkateak, Joxi Bakaikuak, 16 urte zituen. «Ikasten» zegoen orduan, eta ezin izan zen udaletxe barruan sartu. Etxean geratu zen. «Nire oroimenak oso laburrak dira», azaldu du. Nahiz eta polizien jazarpena handia izan zen, herriko jendeak aurreko gauean eta goizeko lehen orduetan lortu zuen udaletxean sartzea. «Gutxik lortu zuten sartzea, baina ekitaldiaren mamitsuena egin ahal izan zen», azaldu du.
Mauleon orduko alkateak irakurri zuen adierazpena. 35 urteren ondoren, Bakaikoari «harrigarria» egin zaio adierazpenaren edukiaren gaurkotasuna. «Denak bezala, egokitu egin behar da, baina mamian hiru aldarrikapen nagusiek gaurkotasun handia dute: euskararen egoera, amnistia eta burujabetza».
Betirako zalantza geratuko da bezperan euren etxeetara itzuli ziren alkate haiek Etxarrin geratu izan balira, edo debeku hura kendu izan balitz zer gertatuko zatekeen. Hala ere, arrakasta lortu zuen erantzun masibo hark. Biharamunean, Rodolfo Martin Villak alkateen mugimendua deitu zuen Madrilera. Martin Villak ez zion arazorik ikusten ikurrina legeztatzeari, baina Nafarroan legeztatzearen aurka zegoen. Azkenean lau lurraldeetan legeztatzea onartu zuen. Urtarrilaren 19an, Euskal Herriko makina bat udaletan Errepublika garaitik lehen aldiz ikurrina altxatu zuten.
Ikurrinaren legeztatzearen 35. urteurrena. Etxarri Aranazko adierazpena
Grisaren gainetik, zuri, gorri eta berde
Etxarri Aranazko Udalak 1977ko urtarrilaren 16rako aldarrikapen historikoa egitera gonbidatu zituen lau lurraldeetako udalak. Debekatu arren, egin egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu