Gripearen intzidentzia handia da, baina aurreikusten dute bi aste barru joko duela goia

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batera hartuta, gripearen intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 47,7 kasukoa da. Nafarroan, 57 pertsona ospitaleratu zituzten aurreko astean gripeak jota. Ipar Euskal Herrian ere gora egin dute kopuruek.

Erizain bat, Bilbon, emakume bati gripearen aurkako txertoa jartzen. LUIS TEJIDO / EFE
Erizain bat, Bilbon, emakume bati gripearen aurkako txertoa jartzen. LUIS TEJIDO / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Ion Orzaiz - Leire Casamajou Elkegarai
2025eko urtarrilaren 9a
14:10
Entzun

Gabonetako oporrak pasatuta, gripea hedatzen ari da Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, gripearen intzidentzia tasa 47,7 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta gora doa: 2024ko azken astean 33,8 kasukoa zen tasa hori Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batera hartuta. Intzidentzia handia da, baina Osasun Sailak ohartarazi du oraindik ez duela goia jo: uste dute bi aste barru izango dela kutsatu gehien. 

Antzekoa da Nafarroako egoera. Gripe kasuek gora egin dute han ere, eta 57 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten gaitz horrek jota abenduaren 30etik urtarrilaren 5era arteko astean. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Baionako eta Donapaleuko ospitaleetan (Nafarroa Beherea) eta Donibane Garaziko osasun zentroan egoera zaildu zaie azken hamar egunetan. Jean Bernard Casenave ospitaleko zuzendariorde nagusiak erran duenaz, datu zehatzik ez dute, baina «joerak badira», eta gora doazen arren, «kontrolpean dago egoera». Pirinio Atlantikoen Departamenduan, larrialdi zerbitzuetara sartu den jendearen %2,33 gripeagatik joan da.

Casenavek urteroko fenomeno bertsua gertatzen ari dela iritzi dio, «hein berean gutxi gorabehera». Nafarroako Lan Osasun eta Osasun Publikoko Institutuaren arabera ere, A eta B motako gripearen zirkulazioa «epidemikoa» da herrialdean, baina «intentsitate ertainekoa», urtaro honetan ohikoak diren parametroen barruan, betiere. Institutuak argitaratutako azken buletinaren arabera, 98 gripe kasu baieztatu zituzten iragan astean, aurreko hilabetean erregistratutakoak halako bi: 35 pertsona kutsatu ziren B motako gripearekin, eta 63 A motakoarekin.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera ere, arnas birusen infekzioak «parametro normaletan» ari dira hedatzen. Izan ere, Gabonen ostean ohikoa izaten da kutsatu gehiago egotea, haurrak eskolara eta helduak lanera itzultzen direnean. Gainera, gripea ez da zabaltzen ari den arnas birus bakarra. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batera hartuta, 2 urte baino gutxiago dituzten 100.000 haurretik 641,3 kutsatu dira bronkiolitisarekin; aste bat lehenago, 694,7 kasukoa zen intzidentzia. Nafarroan, arnasbideetako birus sinzitialaren zirkulazioa ere «maila ertainekoa» dela adierazi du Osasun Publikoko Institutuak, baina nabarmendu du gaitz horren eraginak behera egin duela haurren artean: 34 kasu konfirmatu dituzte, aurreko astean baino hamar gutxiago. Horietatik, 24 lagun ospitaleratu behar izan dituzte astebetean. Ipar Euskal Herrian ere, gripeaz beste arnas aparatuari eragiten dioten hainbat birusek eragin dute azken hamar egunak kudeatzeko zailak bilakatzea.

COVID-19a

COVID-19a, berriz, egonkor mantendu da, eta ez da jende asko kutsatzen ari: 1,6koa da intzidentzia aste honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartzen dituen eremuan, eta 1,3koa izan zen aurrekoan. Nafarroan ere COVID-19aren eragina apala da, eta kasu gutxi batzuk soilik atzeman dituzte, han-hemenka. Urtarrileko lehen astean, lau kasu konfirmatu dituzte PCR bidez, eta horietako batean beharrezkoa izan zen pazientea ospitaleratzea.

Gripeak pazienteengan izango duen eraginari dagokionez, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du ez dela izango iazkoa bezainbestekoa. Hala adierazten dute, haren arabera, birusaren portaerak berak, baita gazteenek, zaharrenek eta arrisku handiena dutenek txertoarekin «atxikidura handiagoa» eduki izanak ere.

Horrek, noski, eragin zuzena du osasun zentroetan eta ospitaleetan. Iazko urriaren 1etik aurtengo urriaren 6ra 737 lagun ospitaleratu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak batuta; iaz, epe berean, 1.011 lagun izan ziren. Horren eraginez, arnas birusekin kutsatutakoak artatzeko 282 ohe erabili dituzte: 44 Araban, 115 Gipuzkoan eta 123 Bizkaian. SATSE sindikatuko idazkari nagusiak, Amaia Mayorrek, nabarmendu du ospitaleetako presio asistentziala handia dela.

ZIUetan, zehazki, 11 lagun ospitaleratu dituzte epe horretan, iaz baino 50 gutxiago. Osakidetzako Osasun Asistentziako zuzendari Maite Martinez de Albenizek azaldu du ospitaleratutako pazienteak adinekoak eta patologia askotakoak direla: «Aurretik zuten patologia kontuan hartuta desorekatuta daudelako ospitaleratzen dituzte, eta ez hainbeste arnasketa koadro larriengatik».

Aurreko urtearekin alderatuta datuek behera egin badute ere, ELAk jakinarazi du nahikoa ohe ez dagoela, eta horregatik Osakidetzak erabaki duela ospitaleratzeak eta ohiko kirurgia etetea. Egoera hori «plangintza ezaren ondorio» dela kritikatu du. «Osakidetza asistentzia murrizten, lan baldintzak prekarizatzen eta langileen eta gizartearen osasuna jokoan jartzen ari da», salatu dute.

Osakidetzak hartutako neurri batzuk mahai gainean jarri ditu ELAk. Besteak beste: «Mendaroko [Gipuzkoa] ospitalean ohiko kirurgiak eten dituzte oheak beste beharretara bideratu ahal izateko; [Gasteizko] Txagorritxuko ospitalean inor ez ospitaleratzeko agindu dute, paziente onkologikoak izan ezik; eta Gurutzetako ospitalean [Barakaldo, Bizkaia] zailtasunak daude pazienteak ospitaleratzeko». Horiek horrela, Jaurlaritzari eskatu diote «inprobisatzeari» uzteko, eta «lantaldea eta gizartea babestuko dituzten neurriak» hartzeko.

Agendak, «oso beteta»

Lehen arretako kontsultak, berriz, ugaritu egin dira: iaz baino % 2,47 gehiago izan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartzen dituen eremuan. Mayorrek baliabide gehiago eskatu dizkio Osasun Sailari, herritarren prozesuen %90 erizainengandik pasatzen direlako, eta agendak «oso beteta» dauzkatelako. Bide horretan, eskaria kudeatzeko tresna guztiak martxan jartzeko eskatu dio Osasun Sailari, prozesu guztiak arindu daitezen.

Gaineratu du etengabeko arretako guneetan eta ospitaleetako larrialdietan tentsioa handitu dela, bereziki Gabonetan: «Araban, esaterako, Txagorritxuko ospitaleko larrialdiak baino ez dituzte, eta, presio handiaren eraginez, pazienteek luze egon behar izan dute zain: batez beste, lau orduz». Errefortzu falta salatu du, eta nabarmendu du abenduaren 25a, 26a eta 31, eta urtarrilaren 1a «zailak» izan direla langileentzat.

«Gabonetan lehen arretako ordutegiak murrizteak ez du laguntzen. Antolaketa eta eredua birpentsatu behar ditugu, bai nola artatzen dugun, bai nola antolatzen ditugun Gabonak, Aste Santua eta udako oporrak. Presio handiko garaiotan, errefortzuko kontratazioak egin beharko lirateke, egoera hau ahalik eta ondoen bideratu ahal izateko», azaldu du SATSEko idazkari nagusiak. Ipar Euskal Herrian, berriz, halakorik ez da gertatu: «Larrialdietatik pasatzen den jende kopurua ez da bereziki handitu», azaldu du Casenavek; gertatu dena da heldu den jende horien artean anitzek arnas aparatuari eragiten dioten minak zituztela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Lan Osasun eta Osasun Publikoko Institutuak gogorarazi dute txertoa dela herritarrek arnas bidezko infekzioen aurrean duten tresnarik eraginkorrena. Nabarmendu dute gripearen eta COVID-19aren aurka aurreko neguan baino pertsona gehiago txertatu direla aurten. Eskuak maiz garbitzea, jende pilaketak saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea gomendatu dute, prebentzio neurri gisa.

Tentsioa, baina «ohiko neurrian»

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezek ere normaltzat jo du orain arteko gripe zirkulazioa: «Urte arrunta izaten ari da, eta gripearen eragina ohikoa da sasoi honetan». Azaldu duenez, kutsatzeek gora eginen dute datozen egunetan: «Hemendik bi edo hiru astera espero dugu goia jotzea, gutxi gorabehera».

Dominguezek onartu du osasun sistema «tentsio egoeran» dela, baina gehitu du hori ere normala dela neguko hilabeteetan: «Urteroko datuen pare gabiltza: tentsioa pilatu egiten da, logikoa den bezala, baina arta egokia ari gara ematen, arrazoizko epeen barruan; hortaz, esan dezagun tentsioa badela, baina ohiko parametroen barruan, besterik ez».

Tentsio egoerei aurre egiteko, Frantziako hainbat eskualdetan plan zuria abiatu dute «epidemia bortitzagoa baita, agian; hemen [Ipar Euskal Herriako ospitaleetan] beste urteetako egoeren berdintsua da aurtengoa». Halere, plan zuririk gabe ere, «barne mailan berrantolatzera» bultzatu ditu langileak azken hamar egunetan, «artatzeak ahal bezain ontsa egokitzeko». 

COVID-19aren eragin apalaz galdetuta, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Dominguezek esplikatu du kasuak gutxi direla, baina birusa ez dela erabat desagertuko: «COVID-19a gure artean dago, eta ez da inora joanen. Seguruenik, gripearen birusaren antzera geratuko da gure artean, eta, noizbehinka, berriz aktibatuko da». Dominguezek azpimarratu du, hala ere, aurtengo neguan gripearen birusa ari zaiola gailentzen COVID-19ari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.