Gripea: beti garai txarrean datorren bisitaria

Negua iristearekin batera ugaltzen dira arnasbideetako gaixotasunak. Oinarrizko aholkuak mila bider entzun arren, nekez betetzen dira. Enrique Peiro epidemiologo eta EAEko Osasun sailburuordeak gogorarazi du nola jokatu sintomak azaltzen direnean.

Emakume bat, gaixorik, mukiak kentzen. BERRIA
Emakume bat, gaixorik, mukiak kentzen. BERRIA
ANDOAIN
2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Negua bete-betean sartuta, etxeetan, eskoletan, bulegoetan zein kalean, doministikuen eta eztularen doinuak eguneroko soinu banda bihurtu dira. Non-nahi entzun eta ikus daitezke musuzapiak, piper koloreko sudurrak, txakur eztula eta eztarria samurtzeko gozokiak. Osasun arduradunen gomendioak, mila aldiz entzun ondoren, buruko txokoren batean egon badaude, baina, musuzapi erabiliak balira bezala, bazterrean utzi dituzte askok. Horiek erreskatatzeko garai aproposa da.

Enrique Peiro epidemiologoa da, eta hogei urte luzez aritu da Osakidetzako txertaketa kanpainekin lotutako ardura postuetan. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordea da. Oinarrizko aholku bat eman du birusen kutsatze arriskua murrizteko: eskuak garbitzea.

1

Zer egin eta zer ez

«Umetan, jolasean aritu ondoren, kaletik etortzen ginenean, zenbat aldiz entzun genien gure amei esaten: 'Eskuak garbitu!'». Emakume horiek ez ziren epidemiologoak, baina ondo zekiten arriskutsua zela eskuak zikin edukitzea. Enrique Peiro epidemiologoa da, eta ama horiek bete-betean asmatzen zutela uste du. «Eskuak garbitzea funtsezkoa da birusen transmisioa gelditzeko. Denek esango dizute, noski, badakitela, baina estatistikek erakusten dute ez dugula behar adina egiten».

Bati baino gehiagori buruan sartzea kostatzen zaion beste egitate bat da antibiotikoek ez dituztela sendatzen gaitz birikoak. Nahiz eta dozenaka kanpaina egon diren, oraindik ere erabilera okerrak egon badaude. Osasun sailburuordeak nabarmendu duenez, «egia esateko, egoerak hobera egin du, farmazietan kontrolak zorroztu direlako, baina, inoiz ez dago sobran gogoraraztea: antibiotikoak medikuak aginduta har daitezke soilik, eta ezinbestean,».

2

Katarroa ala gripea?

Gripearen eta arnasbideetako beste gaitzen intzidentziarik handiena dagoen sasoian, gripea edo katarroa bereizteko zenbait aholku eman du Peirok. Haren esanetan, sintoma oso antzekoak eragiten dituzten arnasbideetako birus ugari daude, eta, ziurtasunez, laborategiko analisi baten bidez soilik jakin daiteke zein birusek eragin duen gaitza. Nolanahi ere, «buruko mina, giharretako mina, sukarra eta ondoez orokorra izanez gero, litekeena da gripea izatea».

Sintoma horiek igartzen hasi orduko, medikuarengana joan behar duen ala ez erabaki behar du gaixoak. «Lehenik eta behin, pertsonaren ezaugarriak aintzat hartu behar ditugu: ume txiki baten, adineko baten, erretzaile baten edo gaitz kronikoa duenaren kasua ezin da baloratu 40 urteko kirolari osasuntsu batena bezala», azaldu du Peirok. Bigarrenik, sintomen larritasunari erreparatu behar zaio.

Dena dela, kalentura altuak eta arnasteko zailtasunak argi gorria pizten dute. «Sintoma horiek argi eta garbi adierazten dute osasun zerbitzuetara joan behar dela», esan du epidemiologoak. Normalean, familia medikuarengana joatea gomendatzen da, bera baita pazientearen aurrekariak eta osasun egoera ondoena ezagutzen duena. Kasu oso larria bada, edo gaixoa arrisku talde batekoa bada, larrialdi zerbitzuetara joatea komeni da.

3

Transmisioa nola eten

Gaitzaren transmisio katea eteteko aholkuak ere jasotzen dituzte osasun erakundeek plazaratzen dituzten informazio eskuorriek. Halakoetan, aholkatzen dute etxean geratzea eta atseden hartzea ondokoak ez kutsatzeko. Baina, errealitateari begiratuta, agerikoa da sintoma arinak edukiz gero oso jende gutxi geratzen dela etxean. Askok eguneroko eginbeharrei izkin egin ezinik, gaixo egonda ere, eskolara, lantokira edota enkarguak egitera joaten dira. Horrek, noski, ez du laguntzen gaitzaren hedapena eteten. Horretaz jabetuta, erdibideko irtenbidea proposatu du Enrique Peirok: maskara jartzea, eskuak maiz garbitzea, eztula egiterakoan ahoa besoarekin estaltzea eta tokiak aireztatzea. Bai lantokian, bai etxean. «Gure senide, lagun eta lankideekiko elkartasun adierazpen ederra da».

Musuzapiei dagokienez, paperezkoak dira gomendagarrienak. Eta, oso ekologikoa ez bada ere, erabilitako zapiak ez dira, aprobetxatzeko asmotan, poltsikoetan edo maukaren barruan gorde behar. Behin erabilitakoan bota egin behar da, eta, segidan, eskuak garbitu.

Enrique Peiro
Enrique Peiro epidemiologoa eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU

«Mikroorganismoen zirkulazioa da kutsatzeko faktore nagusia. Birusik ez badago, kutsatzerik ez dago. Hala ere, hezetasunak eta hotzak errazten dute kutsatzea»

ENRIQUE PEIROEpidemiologoa eta EAEko Osasun sailburuordea

4

Kutsatzeko faktoreak

Neguan espazio itxietan egoteak alfonbra gorria jartzen dio birusaren zabalpenari. Baina non-nahi entzuten dira «hotza hartu dut eta gaixotu naiz», «euri jasak harrapatu nau, busti naiz eta katarroa hartu dut» eta halakoak. Oinarririk ba al dute baieztapen horiek? Peiroren esanetan, arnasbideetako infekzioa hartzeko nahitaezko faktorea da birusaren presentzia bera: «Mikroorganismoen zirkulazioa da kutsatzeko faktore nagusia. Birusik ez badago, kutsatzerik ez dago».

«Hala ere, beste faktore batzuek errazten dute kutsatze hori, hala nola hezetasunak eta hotzak, ohiturak baldintzatzen dituztelako», osatu du azalpena. Toki itxietan elkartzeko joera handiagoa dago horrelakoetan, eta horrek transmisioa errazten du. Izerditan egon eta gero hozteak, esaterako, pertsona batzuen defentsak murriztu ditzake, eta infekzioa hartzen lagun dezake. Horrekin batera, «elikadura eta hidratazio eskasa edukitzea, lo gutxi egitea eta estresa izatea ere infekzioa laguntzeko faktoreak dira; ahulagoak baldin bagaude, birusari erantzuteko gure gaitasuna murrizten da».

5

Ondoezaren aringarriak

Sintoma larririk ezean, farmaziara jotzen du jende askok. Parazetamola, ibuprofenoa, gripearen aurkako jarabeak, pilulak, tantak.. ondoeza arintzeko hamaika erremedio iragartzen dituzte. Medikuaren errezetarik gabeko botikak hartzea egokia al den galdetuta, Peiroren iritziz, sintomak arinak badira eta arrisku taldekoa izan ezean, farmazialariengana jotzea aukera bat da, «osasun arloko profesionalak direlako eta balorazioa egiteko irizpide egokia izaten dutelako». Zalantza izanez gero, ordea, «onena, familiako medikuarengana jotzea». Erabat arbuiatzen duen jokaera da nork bere kabuz sendagaiak hartzea, antibiotikoak, kasu.

«Ez dago elikagai miraritsurik. Elikadura osasuntsua, orekatua eta askotarikoa da gaixotasunen aurrean defentsak ondo edukitzeko modu bakarra: barazkiak, frutak, proteinak...»

ENRIQUE PEIRO

Arnasbideetako gaitzetatik babesten duten fruta eta barazki miraritsuen onurak maiz aipatzen dira zenbait aldizkaritan eta sare sozialetan. Horri buruzko iritzia oso garbi adierazi du Peirok. Ez dago elikagai miraritsurik. «Elikadura osasuntsua, orekatua eta askotarikoa da gaixotasunen aurrean defentsak ondo edukitzeko modu bakarra: barazkiak, frutak, proteinak...».

Mirarien esperoan geratzea baino praktikoagoa da ura edatea, atsedena hartzea eta, sukar gutxi izanez gero, parazetamola hartzea. Hortik aurrera, edozein tratamenduren erabilerak pertsona bakoitzaren egoeraren araberakoa izan beharko lukeela uste du Peirok.

Indarrez zintz egitea arriskutsua izan daiteke

Txikitan, sudurzuloak mukiz beteta izanik, gurasoen ohiko aholkua zen: «Zintz egin, indarrez!». Indar handiz zintz egiteko gomendio hori arriskutsua izan daitekeela ohartarazi du Ameriketako Estatu Batuetako Virginiako Unibertsitateak. Clinical Infectious Diseases (Oxford Press) aldizkarian argitaratutako ikerketa lanaren arabera, indar handiz zintz egiteak sudurrean odola, belarrian mina, zorabioak eta baita begien inguruko hezurtxoetan hausturak ere eragin ditzake.

Sudurrak oso funtzio garrantzitsua betetzen du: arnasketa ahalbidetzen du, eta sartzen den aireari hezetasuna eta beroa ematen dizkio. Mukia ere sortzen du, baina infekzioren bat dagoenean, muki gehiago sortzen da, arnasbideetan pilatu, eta bentilazioa oztopatzen du. Ondorioz, gehiegizko muki horiek kentzea ezinbestekoa da. Enrique Peiro epidemiologoak berretsi duenez, «sudurrak odol hodiak ditu, eta, indar handiz zintz eginez gero, odola atera daiteke. Printzipioz, ondorioak arinak dira. Nolanahi ere, bizitzan gauza guztiekin gertatzen den bezala, hori ere neurrian egitea komeni da».

Zintz egitean gehiegizko indarra eginez gero, airea Eustakioren tronpetara bultza daiteke. Presio horrek barne belarriko presioa alda dezake, eta ezegonkortasun edo zorabio sentsazioa eragin

Virginiako Unibertsitatearen ikerketak azaltzen du zergatik sentitzen duten batzuek zorabioa mukiak kentzean. Zintz egitean barne belarrian presio intranasala eragiten dugu. Barne belarria oreka erregulatzen duen sistemaren parte da. Zintz egitean gehiegizko indarra egiten bada, airea Eustakioren tronpetara bultza daiteke. Tronpa horiek sudur hodiaren eta erdiko belarriaren arteko lotura dira. Beraz, presio horrek barne belarriko presioa alda dezake, eta ezegonkortasun edo zorabio sentsazioa eragin.

Adituen arabera, fenomeno hori, oro har, ez da kaltegarria, baina entzumen infekzioak edo sistema bestibularrean arazoak dituztenen artean nabarmenagoa izan daiteke. Gomendioa zera da, airea ateratzeko presio txikiagoa egitea, eta ez bi sudurzuloetatik batera. Lehenengoz sudurzulo batetik egitea komeni da, eta gero bestetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.