Grezian atxiloturikoak, aske

4.000 euroko bermea ezarri die epaileak Huarte eta Zuloagari. Fiskalak eutsi egin die akusazioei

Begoña Huarteren eta Mikel Zuloagaren aldeko elkarretaratzea, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Igumenitsako auzitegian (Grezia) deklaratu ondoren, aske gelditu dira joan den asteartean Grezian atxiloturiko bi euskal ekintzaileak, Begoña Huarte eta Mikel Zuloaga. Epaileak 2.000 euroko berme bana ezarri die. Hamabi egun dituzte diru bermea ordaintzeko: atxilotuen abokatu Haizea Ziluagak BERRIAri adierazi dionez, Greziako elkartasun mugimendua ari zen bermea pagatzeko dirua biltzen, eta kopuru osoa batu bezain pronto Euskal Herrira itzultzeko asmoa dute bi ekintzaileek.

Asteartean atxilotu zituzten Huarte eta Zuloaga, zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzen saiatzen ari zirenean. Bi delitu leporatu dizkie fiskalak: «Legez kanpoko immigrazioa sustatzea» eta «arduragabekeria larria» egitea, errefuxiatuak eramateko erabilitako autokarabanak beharrezko segurtasun neurriak betetzen ez zituelakoan. Deklarazioaren ostean fiskalak eutsi egin die akusazioei.

Atxilotuek epailearen aurrean adierazi dute euren ekintzaren zioa «humanitarioa eta politikoa» dela, pertsona errefuxiatuen giza eskubideak bermatzeko asmoz egin dutela, eta Espainiako Gobernuak errefuxiatuen auzian hartutako konpromisoak bete izan balitu ez zuketela horrelakorik egin behar izango.

Huarte eta Zuloagarekin batera zihoazen errefuxiatuetako batek ere deklaratu du, lekuko gisa. Epaileari esan dio une oro «seguru» sentitu dela, ez duela arriskurik sumatu, eta muga pasatzen saiatzeko erabilitako ibilgailua ondo egurasturik zegoela.

Libre utziko zituztela jakin ostean, pozik agertu dira Huarte eta Zuloaga, baina, Greziatik Hibai Arbide Aza kazetariak esan duenez, berriro nabarmendu dute errefuxiatuen egoera konpontzeak duela lehentasuna.

Gobernuen «hipokrisia»

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak ere poza adierazi du albistea jakindakoan, baina, era berean, Europako gobernuen «hipokrisia» salatu du. Fiskalaren akusazioak jarri dituzte horren adibidetzat. Gogoratu dute «legez kanpoko immigrazioa sustatzea» leporatzen dietela, eta, aldi berean, 62.700 lagun baino gehiago daudela Grezian harrapatuta, muga igaro ezinik. Bigarren akusazioaz den bezainbatean, plataformak uste du «migrazioa oztopatzen duten legeriek, migratzaileak kartzeletan eta zentroetan pilatzeak, hango baldintza txarrek, emakume eta neskek pairatzen duten bortizkeriak, Poliziaren gehiegikeriek eta abarrek» jartzen dutela arriskuan errefuxiatuen osotasuna.

Horren aurrean, elkartasuna eta desobedientzia «eskubide eta betebehar» bihurtu direla uste dute. Huarteri eta Zuloagari kargu guztiak kentzeko eskatu dute, eta konpromisoa berretsi dute «migrazioari buruzko politika hiltzaileak aldatzeko».

Elkarretaratzeak egin zituzten atzo iluntzean Bilbon, Donostian eta Gasteizen, bi ekintzaileei elkartasuna erakusteko eta Europako migrazio politikak salatzeko. Bilbokoan, ehunka lagun batu ziren Areatzan, eta hasi aurretik agiri bat irakurri zuten: «Mugak zabalduko ditugu, legearen barruan edo desobedientziaren bidez, eta lanean jarraituko dugu gure lagun taldeak, gure auzoak, gure herriak harrera gune izan daitezen».

Nafarroako Parlamentuak Huarteren eta Zuloagaren aldeko adierazpen bat onartu du, eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetarako lehendakariorde Miguel Laparrak telefonoz hitz egin du Greziak Espainian duen enbaxadorearekin, eta gutun bat ere igorri dio, Huarte eta Zuloagarena «desobedientzia ekintzatzat» har dezatela eskatzeko.

«Nafarroako Gobernua ez dator bat protesta egiteko erabilitako moduarekin», azaldu du Laparrak gutunean, «baina ulertzen du gizartean dagoen sumindura, Europara etorri nahi duten pertsonak nola tratatzen dituzten ikusita». Gertatutakoak «irtenbide positiboa» izan dezan lan egiteko prest dagoela ere azaldu dio Laparrak Greziak Espainian duen enbaxadoreari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.