Gregorio Ordoñez Donostiako PPko zinegotzi eta eusko legebiltzarkide suharra zen. ETAk hil zuen tiro batez, 1995ean, Donostiako Abuztuaren 31 kaleko La Cepa tabernan, beste hiru lankiderekin bazkaltzen ari zela. Jauzi bat izan zen ETAren atentatuetan. PP, UPN, PSE-EE eta PSNko zinegotziak ere jomugan jarri zituen ordutik aurrera, eta katebegi hartako lehen hildakoa Ordoñez izan zen. Hura oroitzeko hainbat ekitaldi egin dituzte gaur.
Batetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Ordoñez oroitzeko prestatu dituzten ekitaldien berri eman dute Javier de Andres EAEko PPko idazkari nagusiak, Muriel Larrea Gipuzkoako PPko presidentearekin eta Pablo Gomez-Guadalupe Nuevas Generaciones PPren gazten erakundeko ordezkariarekin batera. De Andresek esan du beharrezkoa dela oroitzea gertatu zen hura.
Bestetik, dokumental bat aurkeztu dute gaur: Gregorio Ordóñez, el asesinato que despertó la rebelión contra ETA. Donostiako Principe zineetan izan da, eta ordezkaritza politiko zabala egon da bertan, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea buru dela.
El Diario Vasco egunkariak ekoitzi du dokumentala, Gogora Institutuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. 40 minutuko proiekzioan, Ordoñezen senideek, lagunek eta hainbat kazetarik errepasatzen dute Ordoñezen ibilbidea. Dokumentalaren amaieran Ana Iribar Ordoñezen alargunak hartu du hitza: «ETAk proiektu politiko bat inposatu nahi zuen, eta hari aurre egiteagatik hil zuen ETAk. Baina bataila ez da bukatu. Guri dagokigu bataila hori bukatzea».
Zinegotziak jomugan
Ordoñezen ostean, beste hainbat zinegotziren aurka egin zuen ETAk. 1997ko uztailean, Miguel Angel Blanco Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzia bahitu, eta handik bi egunera hil zuten tiroz, eta, urte bereko abenduan, Jose Luis Caso Errenteriako (Gipuzkoa) PPko zinegotzia hil zuten. 1998ko urtarrilaren 9an hil zuten Jose Ignacio Iruretagoiena Zarauzko PPko zinegotzia. Handik hiru astera, Sevillan (Espainia), PPko zinegotzi Alberto Jimenez-Becerril eta haren bikotekide Ascension Garcia hil zituen, eta, ekainean, Manuel Zamarreño alderdi bereko Errenteriako zinegotzia. Lizarra Garaziko su etenaren ostean ekin zion berriz ere zinegotzien aurkako atentatuei.
2000. urtean hil zituen PPko bost kide: Jesus Pedrosa Durangoko zinegotzia (Bizkaia), Jose Maria Martin Carpena Malagakoa (Espainia), Manuel Indiano Zumarragakoa (Gipuzkoa), Jose Luis Ruiz Casado Sant Adria de Besoskoa (Herrialde Katalanak) eta Francisco Cano Viladecavallskoa (Herrialde Katalanak). PSE-PSN-PSOEkoen eta UPNkoen aurka ere atentatuak egin zituen urte horietan.
HBko Mahai Nazional berria hautatu zuten 1992an. Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko Aljergo negoziazio prozesua amaitua, Ajuriaeneko mahaia eratuta eta ETAren buruzagitza Bidarten atxilotu ostean, gogoeta fasea ireki zuen ezker abertzaleak. Hainbat eztabaidaren ostean, Oldartzen txostena nagusitu zen. Haren arabera, «tentsioa» areagotzea defendatzen zen, nork bere erara, kalean eta erakundeetan.
Euskal gizartea gogor jo zuen Ordoñezen atentatu hark, eta protesta jendetsuak izan ziren. Besteak beste, ireki zuen arrakala bat ezker abertzalean. Begoña Garmendia orduko Donostiako udal taldeko bozeramaile eta HBko kideak «erabateko desadostasuna eta arbuio tinkoa» adierazi zituen atentatu haren aurka. Patxi Zabaleta orduko Mahai Nazionaleko kideak eta Marine Pueyo Iruñeko zinegotziak ere bat egin zuten Garmendiarekin.