«Erruki Etxea ez da zahar egoitza normal bat, makroegoitza bat baizik, Nafarroako handiena. 480 egoiliar ditu, eta 272 langile ari gara hor lanean. Badakizue zenbatek egin ahal izan dugun greba gaur? Zazpik». Kexu da Ana Rey Alvarez LABeko kidea. Iruñeko Erruki Etxean egiten du lan, eta salatu du Nafarroako Gobernuak «oztopatu» egin duela beharginen grebarako eskubidea, gutxieneko zerbitzu «neurrigabeak» ezarrita. Ez da bakarra. Zaintza sektoreko beste hainbat langilek ere bat egin dute aldarrikapen horrekin, eta «zaintza eredu publikoa, unibertsala eta kalitatekoa» exijitu dute gaur. Hain zuzen, grebara ateratzerik izan ez duten langile horiei «babesa eta elkartasuna» adierazi diete mugimendu feministak eta sindikatuek, piketeak haien lantokietara eramanda.
«Greba eskubidea urratu diete», laburbildu du ELA sindikatuko Susana Laiak, Erruki Etxearen aurrealdean eginiko protestan. «Horregatik, babesa adierazi diegu zaintzaren sektorean lan egiten duten langile hauei guztiei, eta, horrez gain, salatu dugu gutxieneko zerbitzu hauek abusuzkoak direla». Horrez gain, egoitza pribatuetako lan baldintzak hobetzea ere galdegin dute: «Nafarroako Gobernuari eta patronalei exijitu diegu desblokea ditzatela behingoz negoziazioak, Nafarroako egoitzetako lan hitzarmena onartu dadin».
Laiarekin bat dator Rey. Harentzat ere, «ezinbestekoa» da Nafarroarako lan hitzarmen propio bat adostea: «Hitzarmen propioa ez dugunoi Espainiako Estatuko ituna aplikatzen zaigu, eta askoz baldintza kaskarragoak ditugu; besteak beste, 1.100 euroko soldata dugu, urtean 1.800 lanordutik gora egitearen truke». Gehitu du gaixo baimena hartzea eta kontziliatzea «ezinezkoa» dela baldintza prekario horien ondorioz: «Miseria gorrira kondenatzen gaituzte». Soldata apalez gain, ordea, Reyk kritikatu du egungo ereduarekin ohikoak direla «lan karga handiak eta lanaldi amaigabeak», eta horrek eragin handia duela zaintzaileen osasunean: «Ezin diogu eutsi orain arteko lan erritmoari, horren ondorio baitira estresak eragindako gaixoaldiak eta bestelako gaitzak». Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu dio, batetik, ratioak murriztu ditzala, eta, bestetik, «utz diezaiola zaintzak enpresa pribatuen esku jartzeari».
Maite Olano Alberdiren ustez ere, zaintzak «publikoa, unibertsala eta kalitatekoa» izan behar luke halabeharrez. Hogei urte daramatza Olano Alberdik sektore horretan lanean, bai Gipuzkoan, bai Nafarroan. «Alde izugarria dago egoitza batzuen eta besteen artean ordutegiari, soldatari eta baldintzei dagokienez. Kontziliazioa, adibidez, ezinezkoa da askotan, eta hori prekaritatea da», esan du. Horrez gain, azaldu du zaintzarena «sektore feminizatua» dela erabat, eta hori soldata arrakalan nabari dela: «Sektore maskulinizatu batean lan egin edo sektore feminizatu batean lan egin, diruan nabari da nagusiki, eta hori ere aldarrikatu beharra dago gaur: soldatak duindu egin behar dira».
Putre funtsak protesten jomugan
Erruki Etxeko langileei babesa adierazi ostean, Arrosadia auzoko Domusvi zahar etxera abiatu da pikete feminista. Han, salatu dute egoitzaren jabea dela Intermediate Capital Group izeneko putre funts bat: «Jersey uhartean egoitza duen sozietate sarea sortu du funts horrek, zerga gutxiago pagatzeko», azaldu du Paula Garciak, Iruñerriko Mugimendu Feministako kideak. «Putre funtsak zaintzatik kanpora!» eta «Negoziorik ez zaintzarekin!» oihukatu dute manifestariek, egoitzaren burdinazko hesiaren aurrean. Hala ere, han lan egiten duten langileei «babesa eta onespenik handiena» adierazi diete. Ordurako, manifestazio itxura hartu du Iruñeko pikete feministak: dozenaka lagun batu dira protestara, emakumeak eta gizonak, eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Zerbitzuetako Departamentuaren egoitzarako bidea hartu dute. Han, ozendu egin dira txistuak, oihuak eta bozgorailuetatik oihukatutako leloak. Eltzeak jotzen ere hasi dira grebalariak, Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna salatzeko.
Iruñeko Emakumeen Etxean egin dute azken geldiunea. Han, protestara batu dira Iruñeko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileetako batzuk. Eskerrak eman dizkiote mugimendu feministari beren aldarrikapenei «bozgorailua» jartzeagatik, eta Nafarroako Gobernuaren jokabidea salatu dute, «grebarekin bat egitea ezinezko egiten duten gutxieneko zerbitzuak ezartzeagatik».