Greban preso gaixoen alde

Gose greba egiten ari dira Fernando Lizeaga eta Joxean Kortadi abuztuaren 15etik. Gaixo dauden presoak askatzeko aldarria egin dute. Herritarren mobilizazioa ezinbesteko jo dute.

Joxean Kortadi eta Fernando Lizeaga gose greban, Etxarri Aranazko ikastola zaharreko sotoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Etxarri Aranatz
2016ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Etxarri Aranazko (Nafarroa) ikastola zaharrean daude Fernando Lizeaga eta Joxean Kortadi. Bi aste dira euskal preso gaixoen askatasuna eskatzeko gose greba hasi zutela. Protesta horren bitartez, ikusarazi nahi dute presoena ere «herriaren» auzia dela. «Lotsagarria iruditzen zaigu presoei dagozkien eskubideak haiek lortu behar dituztela pentsatzea. Eskubide horiek geuk lortu behar ditugu, kalean. Geure ardura da horien alde borroka egitea», esan du Lizeagak. «Kaleak astintzeko» beharra nabarmendu du. «Ezin dugu dena legearen esku utzi. Espainiako Estatuak ez ditu bere legeak inoiz beteko. Nola beteko ditu?», ohartarazi du, haserre.

Hiru lagunek hasi zuten protesta, eta horietako bik, Lizeagak eta Kortadik, greba mugagabea egiteko asmoa dute. Asteburuan, Angel Erdozia herritarra batu zaie. Azaldu dute oraingoz ondo daudela, baina ohetik gero eta gutxiagotan altxatzen dira. Egunean hiru litro ur edanda irauten dute.

Nolanahi ere, kontent daude herritarrek eta bisitan joandakoek emandako babesarekin: «Gogorra da gose greba, baina pozik gaude», dio Lizeagak. «Ondo baino hobeto zaintzen gaituzte; ez gara kexu. Jende asko etortzen zaigu bisitan, eta hitz egiteko sekulako beharra ikusten dugu jendearengan. Borroka horretan sinesten dugu, eta sinesten dugu lehenago edo geroago jendea ohartuko dela presoen alde denek egin behar dugula». Gaixorik dauden presoen egoera salatu dute bereziki; Aitzol Gogorza eta Ibon Iparragirreren kasuak aipatu dituzte.

Presoen babesik ezarekin kexu dira. «Ez dugu ulertzen nola den posible hainbat preso babes ekonomikorik gabe egotea, laguntza juridikorik gabe. Eta nolatan utzi dituzten preso politikoen zerrendatik kanpo», salatu du Lizeagak.

Espetxe batzuetan ere ari dira protestan. Valenceko (Frantzia) eta Huelvako (Espainia) kartzeletan ere txandakako gose greban daude hainbat preso. Gaixo dauden presoak askatzeko aldarrikatzen ari dira, baita sakabanaketa eta urruntzea amaitzeko ere.

Gose grebaren bitartez, presoen alde egiteko deia zabaldu nahi diete herritarrei. Hedabideen rolari ere erreparatu diote: «Ez dugu ulertzen nolatan ez dioten oihartzun handiagorik ematen». Kortadik berretsi du herritarren lana ere badela hori. «Bidezkoa da presoek aldarrikatzen dutena, eta herriak baditu tresnak mobilizatzeko eta presio egiteko. Haien alde egitea herriaren ardura dela uste dugu; hori defendatzeko gai ez bagara, herri hau hilda dago».

Egoera salatzeko, manifestazioa egin zuten larunbatean Bilbon, eta beste bat egingo dute datorren larunbatean Etxarri Aranatzen, greban ari diren herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.