Etzi, greba mugagabea hasiko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileek. Haien lan hitzarmena 2021ean amaitu zen, eta 2022ko urtarriletik ari dira hitzarmen berria negoziatu nahian; baina orain arte sindikatuek eta patronalek egindako 29 bilerek ez dute emaitzarik izan, eta, aurreko hiletan lanuzte batzuk egin eta gero, greba mugagabearen aukerari ekingo diote oraingoan. Sindikatu guztiek babesten dute deialdia: ELA, LAB, UGT, CCOO, LSB-USO eta ESK elkar hartuta doaz gatazka honetan. 1.700 langile inguru aritzen dira sektore horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Luze jo du anbulantzietako gatazkak, negoziazio mahaia duela bi urte eratu baitzen. Tarte honetan aurrerapausoak «hutsaren hurrengoak» izan dira, David Rivas Bizkaiko osasun garraioaren arloko LABeko ordezkariak dioenez: «Badirudi patronalaren asmoa dela prozesua luzatzea eta sindikatuak erretzea». Iazko urritik abendura, hilean hiru greba egun egin zituzten langileek; urtarrilean, berriz, hamalau greba egunetara deitu zuten sindikatuek: «Azkenean, greba mugagabera deitzea beste biderik ez dugu izan».
Batez ere, bi dira langileen aldarrikapenak, Maria Uria ELAren Zerbitzuen arloko kideak azaldu duenez: alde batetik, inflazioaren ondorioz galdutako erosahalmena berreskuratzea, %17 azken bi urteotan; eta, beste aldetik, lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea. «Horretan bat egiten dugu sindikatu guztiok».
«Zerbitzu honek publikoa beharko luke, baina publifikazio prozesu bati ekiten ez dioten bitartean, gutxieneko batzuk bete behar dira».
MARIA URIAELA-Zerbitzuak
Izan ere, Osakidetzak zuzenean kudeatzen ditu bizi euskarri aurreratuko anbulantziak, ZIU mugikor ere esaten zaienak. Baina horiek anbulantzia guztien %5 inguru baino ez dira; osasun garraio zerbitzu arrunta eta urgentziazko osasun garraioaren zerbitzua pribatizatuta daude, eta bi enpresak eramaten dituzte: Ambulancias Gipuzkoa kooperatibak Gipuzkoan, eta La Pau taldeak Araban eta Bizkaian.
«Jende askok ez daki anbulantziak pribatizatuta daudela, eta Osakidetzaren menpeko zerbitzu publikoa dela uste du», azaldu du Uriak. Haren ustez, pribatizazioa «arazoaren muina» da: «Zerbitzu honek publikoa beharko luke, baina publifikazio prozesu bati ekiten ez dioten bitartean, gutxieneko batzuk bete behar dira, eta horixe ari gara eskatzen gu: Osakidetzako langileen baldintza beretan lan egiteko aukera».
Iritzi berekoa da Rivas: «Gure ustez, zerbitzu honek publikoa izan beharko luke. Enpresek negozioari erreparatzen diote, eta ez da bidezkoa herritarren dirutik etekina atera nahi izatea. Jaurlaritzak egiten duen bakarra da zerbitzua lehiaketara ateratzea: Bizkaian, adibidez, garai batean Ambulancias Bizkaiak eramaten zuen zerbitzua, gero Ambuibericara pasatu ginen, hau da, inbertsio funts batek kontrolatutako enpresa batera, eta orain La Pau taldean gaude; baina Jaurlaritzak esku hartu beharko luke horretan eta kontrol handiagoa eraman».
Sindikatuak saiatu dira Osasun Sailarekin harremanetan jartzen, baina, oraingoz, ez dute ezer lortu: «Hartu ere ez gaitu egin». Lan Ordezkaritzarekin, berriz, bilera egin dute duela gutxi, eta, Uriak azaldutakoaren arabera, han ere ez da «aurrerapausorik» izan.
Enpresen proposamena
Sindikatuek salatu dute enpresek bi urte hauetan ez dutela proposamenik egin egoerari irtenbidea emateko: «Azken greba egunen ondorioz, hobekuntza batzuk egin dituzte, baina oraingoz oso urruti dago langileek eskatzen dutenetik», esan du Uriak. «Greba mugagabera joatea beste biderik ez dugu izan, beste tresnarik ez geneukalako». Enpresen azken eskaintza da bost urteko hitzarmena egitea, soldata %2,5 handitzea, eta aurten aparteko sari bat ematea langileei, hurrengo urteetan jarraipenik izango ez lukeena.
Baina soldataz harago, lan baldintzez ere hitz egin nahi dute sindikatuek: «Lan zama oso handia da», esan du Rivasek. «Urgentziazko anbulantzia asko materialik gabe daude, eta langileek batzuetan ez dute bazkaltzeko tarterik izaten. Aste honetan bertan, kimioterapia tratamendutik atera berriak ziren adineko paziente batzuek bi ordu eta erdiz egon behar izan dute itxaroten, anbulantziaren zain. Hori ez da bidezkoa, eta txarrena da beti ibili garela antzera eta egoera okerrera egiten ari dela. Pazienteek ez dute behar bezalako arreta jasotzen, eta langileentzat sekulako presioa da». Horretan ere eskaintza egin dute enpresek, lanaldia urtean zortzi orduz murriztea, hain zuzen, baina sindikatuek ez dute nahikotzat jotzen.
«Gu izan gara proposamenak egin ditugun bakarrak; sindikatuek hasierako planteamenduei eutsi baino ez dute egin».
RAFAEL FERNANDEZLa Pau taldea
Oso bestelakoa da enpresen ikuspegia. La Pau taldeko bozeramaile Rafael Fernandezek esan duenez, enpresek «errespetatu» egiten dute «sindikatuek mobilizazioak antolatzeko duten eskubidea», baina «gatazka negoziazioaren eremura» bideratu nahi dute: «Orain arte, gu izan gara proposamenak egin ditugun bakarrak, eta sindikatuek hasierako planteamenduei eutsi baino ez dute egin, bestelako alternatibarik planteatu gabe».
Fernandezek eskatu du grebaren harira antolatutako protestaldiak «legearen araberakoak» izan daitezela: «Gatazka hasi zenetik, 235 anbulantziari eraso egin diete. Guk badakigu sindikatuak ez daudela horren atzean eta ez diegu errurik egotzi nahi, baina espero dugu ez dadila gerta berriro horrelakorik».
Sindikatuek berretsi dute ez daukatela zerikusirik anbulantzien kontrako erasoekin: «Horrelakoek ez dute batere laguntzen, eta horretan sindikatu guztiak ados gaude», esan du Uriak. Antzeko mezua eman du Rivasek: «Guk ez dugu inolako zerikusirik istiluekin. Gu hemen negoziatzeko gaude, ez gurpilak zulatzeko». Hala ere, uste du erasoen aitzakiaren pean «langileak beldurtzeko eta irudi txarra emateko» estrategia bat dagoela: «Aurreko astean, Araban, hamabost pertsona identifikatu zituzten piketeetan parte hartzeagatik, eta harrigarria da zenbat ertzain bidaltzen dituzten mobilizazioetara».
Bi aldeen arteko hurrengo bilera otsailaren 22an izango da: «Oso erreta gaude, eta oso nekeza izaten ari da negoziazio hau. Espero dugu deialdi honekin mugimenduren bat egotea eta patronalak eta instituzioek, nork bere aldetik, ahalegin bat egitea hau konpontzeko aukerak izan ditzagun», esan du Uriak.
gutxieneko zerbitzuak, %100ean
Eusko Jaurlaritzak ezarri ditu anbulantzietako langileen grebarako gutxieneko zerbitzuak, eta, ELAk salatu duenez, %100ekoak izango dira. «Lakuako gobernuak patronalaren interesak defendatzen ditu, greba eskubidearen aurrean balio demokratikoak ahaztuta», adierazi du sindikatuak. ELAren ustez, ez dago arrazoirik edo azalpen ulergarririk «gutxieneko zerbitzuekin halako gehiegizko erabakia hartzeko». Astelehenean, langileek elkarretaratzea egingo dute 10:30ean Basurtuko erietxearen aurrean (Bilbo), eta, ondoren, manifestazioa egingo dute Jaurlaritzaren egoitzaraino.