Kaleak txiki gelditu dira, eta etorbideak, estu. Azken urteetako joerari eutsiz, eta iragan azaroko greba feministaren arrastoan, jendetza bildu da gaur, emakumeen borroka oso bizi dagoela erakusteko. Milaka zenbatu behar dira hiriburuetako mobilizazioetan bildu ziren eztarriak, eta uholde more bat osatu zuten aldarri feministak oihukatzeko, eta, batez ere, Euskal Herriko zaintza eredu eta sistema goitik behar aldatu behar dela eskatzeko.
Izan ere, urtero bezala, mobilizazio jendetsuak egin dituzte Euskal Herriko hiriburuetan eta herrietan, argi utzita Martxoaren 8a ospakizun eguna baino gehiago «borroka eta salaketa eguna» dela. Azaroaren 30eko greba feminista orokorrean entzundako aldarrien oihartzuna udaberri atariraino iritsita, zaintzak hartu ditu leloak eta eskaerak: zaintza sistema publiko eta komunitarioa garatzea irmo exijitu du mugimendu feministak, eta nabarmendu du bide horretan zaintza ezin dela negozio izan.
Bilboko manifestazioa alaia eta ikusgarria izan da. Gozamena eta protesta eskutik joan daitezela erakutsi dute Kale Nagusian bildutako milaka eta milaka emakumeek. Burua Urkixo Zumarkalea iritsi denean, amaiera Maria Diaz de Haro kale parean zen; alegia, Kale Nagusiaren luzera osoaren hiru laurden hartu ditu martxak. Behin udaletxean, ordu erdi baino gehiago behar izan da manifestari guztiak bertara iritsi eta amaiera ekitaldiarekin hasteko.
Ibilbidean tankera guztietako aldarriak entzun dira, baina errepikatuena «Zaintzarekin negoziorik ez!» izan da. Hori izan da, hain zuzen, pankartan ageri zen lelo nagusia, eta azpian erakundeei bidalitako agindu bat zeraman idatzita: Hartu ardura ja!. Manifestariek, besteak beste, gogoratu dute etxeko zaintzaileek ez dutela joaterik izan, emakumeek lana soberan dutela, eta soldata duinak direla falta zaiena. Bizkaiko Aldundi parera iristean «Iraultza feminista izango da!» entzun da ozen; halere, unerik hunkigarriena azken txanpan iritsi da, Buenos Aires kalean. Bertan daude Bilboko epaitegiak, eta ahots guztiek bat egin dute: «Ez zaude bakarrik, sinesten zaitugu!» oihukatu dute.
Iruñean ere, azken urteetako manifestaziorik jendetsuena izan da gaurkoa. Protesta hasi baino zenbait minutu lehenagotik, leporaino zeuden Antoniutti parkearen ingurumariak. Dozena bat emakumek zapi more erraldoi bat hedatu dute aurrealdean, eta horren atzean bildu dira milaka eta milaka feminista. Gure bizitzekin negoziorik ez! irakur zitekeen pankarta nagusian, baina beste hainbat kartel eta mezu ere zabaldu nahi izan dituzte manifestariek, horietako asko norberak etxean kartoi eta errotuladorez egindakoak.
Armadaren etorbidea izan ohi da manifestazioen arrakastaren termometrorik fidagarriena, eta, gaur erabat beteta izan da denbora luzez: manifestazioaren aurrealdea Bakearen plazara iritsita, parte hartzaile asko Antoniuttin zeuden oraindik. «Zaintzarik gabe etorkizunik ez!», «borroka feminista, borroka antirrazista» eta «lan duina, bizitza duina!» izan dira ibilbidean zehar gehien errepikatu dituzten leloak. Atzerritar legearen, patronalaren eta Poliziaren aurkako oihuak ere usu aditu dira, Vianako Printzearen plazatik igarota. Kantu eta txalo artean iritsi dira manifestariak Gazteluko plazara. Agertoki aurrean bildu dira pankarta nagusia zeramaten emakumeak. Manifestazio bukaerako ekitaldia hasi denerako, jendetza zegoen oraindik ibilbidean.
Eraldaketarako tresna
Zaintzaren alorreko borroka «eraldaketa sozial erradikalerako tresna» bat da, mugimendu feministak ekitaldietan aldarrikatu duenez. Izan ere, egungo zaintza sistema «esplotazioan» oinarritzen da: «guztiz pribatizatuta» dago, eta familiarista da, eta, hala, batez ere emakumeen gain erortzen da zaintzeko ardura, eta, bereziki, emakume migratzaileen gain. «Zaintza duinak, etxean eta egoitzetan; zaindua denarentzat eta zaintzen duenarentzat», galdegin dute Gasteizen. Izan ere, salatu dute erakunde publikoek ez dutela babesik eskaintzen: «Zaintza zerbitzuak eskasak dira, eta pentsatuta daude jendarte matxista, arrazista eta oso desparekoa iraunarazteko; baliabide ekonomikoak dituzten pertsona zurien onurarako diseinatuta daude, familia nuklear heteronormatiboaren eredua onesteko antolatuta».
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak bultzatu duen zaintza ituna kritikatu dute. Feminismoaren «diskurtsoaz jabetzea» leporatu diete EAJri eta PSE-EEri Gasteizen: «Argi diogu itun horrek ez digula ezertarako balio, ez bada hitz egiten publifikazioaz, pribatizazioaren aurka eta atzerritar legea deuseztatzeaz». Gipuzkoako hiriburuan ere «itxurakeriatzat» hartu dute: «Postaletako Donostia bezalakoa da: prekaritatea, desberdinkeriak eta etxebizitza bat izateko zailtasunak ezkutatzen ditu». Bilbon oroitu dute etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prezioa nabarmen igo berri duela udalak: «Nola da posible zainketen itunaz hitz egitea, etxez etxeko laguntza azpikontratatua dagoenean, negozioa egitea beste helbururik ez duten enpresen esku?».
Zaintzaren alorra «merkatu eremu» bihurtu dutenen aurrean, zaintzaileen borrokak aldarrikatu dituzte feministek: zahar etxeetako langileen grebak, etxeko langileen antolakuntza, etxez etxeko laguntzaileen protestak… «Erresistentzia eredu bat dira». Eta instituzio publikoei ez ezik, gizonei ere mintzatu zaizkie: «Noiz arte aterako diozue etekina gure lanari? Noiz arte izango zarete gure zapalkuntzaren konplize? Baduzue garaia beste leku batera begiratzeari uzteko».
Bortxaren biktimak gogoan
Baina zaintzaz kanpo ere izan dituzte hamaika aldarrikapen. Badirelako hamaika arrazoi protesta egiteko: «Emakume, trans, bollera, migratu eta arrazializatuak etengabe zapaltzen dituen munduan justizia exijitzeko eta gure ahotsa entzunarazteko batu gara». Patriarkatuaren eta kapitalismoaren ezkontza gogora ekarrita, horren ondorioak etxean, enpleguan zein kalean ikus daitezkeela nabarmendu dute; soldata arrakala eta pentsio eskasak jarri dituzte adibide gisa, «sexuaren eta arrazaren araberako lan banaketa betikotzen duen sistema baten adierazle».
Indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeak ere oroitu dituzte. «Ez da normala beldurra izatea karriketan, bestetan, etxean», gaitzetsi dute Baionan. «Eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neskato guztiak gogora ekarri nahi ditugu. Emakumeen aurkako indarkeria sistemikoak genero eta botere desberdintasunak betikotzen ditu egitura sozial, politiko eta ekonomikoen bidez. Horri aurre egiteko, aldaketa kultural zein instituzional sakonak behar ditugu. Aski da, justizia feminista orain!», aldarrikatu dute Iruñean. Donostian bereziki salatu dute emakume trans eta ez-heteronormatiboen aurkako indarkeria areagotzen ari dela, eta Gasteizen prostituten «estigma, infantilizazioa eta ikusezintasuna» deitoratu dute: «Mugimendu feminista zuen etxea da, zuekin gaude!».
Abortatzeko eskubideaz ere mintzatu dira Baionan. Izan ere, asteon bertan aldatu dute Frantziako Konstituzioa, «abortu askatasuna bermatua» jasotzeko. Ipar Euskal Herrian 1975ean legeztatu zuten abortua, baina feministek gogoratu dute ez dela bortizkeriarik gabeko eremu bat: «Oraindik ere abortua estigmatizatua da, eta ez da beti erraza abortua praktikatuko duen profesional bat atzematea». «Feminismoa denon afera» dela nabarmenduz amaitu dute ekitaldia, eta gainerako hiriburuetan ere horixe gogoratu dute, denon bizitzak hobetzea duela helburu borroka feministak.
Palestinari elkartasuna adierazi diote
Morearekin batera, Palestinako banderaren koloreak izan dira nagusi manifestazioetan. Izan ere, Gazako sarraskia presente egon da mugimendu feministaren mobilizazio guztietan, eta tarte berezia izan du amaierako ekitaldietan. Israelen aurkako boikotarekin bat egin dute feministek, eta salatu dute Euskal Herrian ere fabrikatzen direla palestinarrak hiltzen dituzten armak, «Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin». Gainerako gatazketako biktimei ere elkartasuna adierazi diete: «Gaur bereziki gogoratu behar ditugu gerrak jasaten dituzten emakumeak, migratzera behartuta daudenak eta beren lurraldeetan eusten diotenak».