Uma Ulaziak greba feministak ikertu ditu saiakera batean

2019ko martxoaren 8ko eta 2023ko azaroaren 30eko greba feministak aztertu ditu Ulaziak 'Euskal Herriko greba feministak' saiakeran. Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren hamabosgarren liburukia da.

Uma Ulazia idazlea eta Jule Goikoetxea gidaria, 'Euskal Herriko greba feministak' saiakeraren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / FOKU
Uma Ulazia idazlea eta Jule Goikoetxea gidaria, 'Euskal Herriko greba feministak' saiakeraren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2024ko urriaren 17a
12:00
Entzun

Susa argitaletxeak Uma Ulazia idazlearen saiakera bat aurkeztu du: Euskal Herriko greba feministak. Lisipe bildumako hamabosgarren zenbakia da, eta gaur aurkeztu dute, Donostiako Kaxilda liburu dendan. Euskal Herriko 2019ko martxoaren 8ko eta 2023ko azaroaren 30eko greba feministak aztertu ditu idazleak lanean, bi greba horietako gakoak, ertzak eta eztabaida nagusiak, hain zuzen.

Ulaziak bi greba feministen diskurtsoak analizatu ditu, «mugimendu feministaren barnetik»: feminismo idealistaren eta feminismo materialistaren arteko ezberdintasunak azaleratu ditu, eta bi greben diskurtsoetan nola barneratzen diren azaldu du. Izan ere, egileak nabarmendu duenez, «diskurtsoaren gaineko kontrola boterea da, diskurtsoak errealitatea sortzen baitu, borroka sortzen, blokeatzen eta bideratzen baitu».

«Sexu zapalkuntzaren ulerkera materialista defendatuko dut, horrek irekitzen baititu aukera berriak eta erradikalak»

UMA ULAZIASaiakeraren idazlea

Bide beretik, marko idealistaren eta materialistaren inplikazio politikoak azaleratu ditu Ulaziak: «Batetik, argudiatuko dut problematikoa dela sexu zapalkuntzaren ulerkera idealista, eta hori dela gizartean zapalkuntzaren ulerkerarik zabalduena; bestetik, sexu zapalkuntzaren ulerkera materialista defendatuko dut, horrek irekitzen baititu aukera berriak eta erradikalak». Jule Goikoetxea aurkezpenaren gidari eta EHUko irakasleak esan du «feminismo materialistaren urrezko aroan» gaudela. 

Lisipe bildumako autorerik gazteena da Ulazia: 23 urte ditu; baina ez du samurtasunik transmititu nahi, «samurtasunak emakumeen eta gazteen infantilizazioa ezkutatu ohi duelako». Mugimendu feministako militantea ere bada, Gazte Feministak taldean, eta berek erabiltzeko egin nahi zuen azterketa hasieran. Baina denbora gutxiren buruan liburu bilakatu zela kontatu du, harrituta.

Ulaziak Zientzia Politikoak eta Administrazio Publikoaren Kudeaketa gradua ikasi zuen, eta Subiranotasuna Europako Herrietan masterra egin zuen gero, biak EHUn. Liburua bi ikasketa horietan jorratu dituen gaien ondorioa dela azaldu du Jule Goikoetxeak, ikasketa horietako lanen zuzendariak, baina «dibulgatzaileagoa» izateko moldatu dutela. 

Greba lanabes

Hitzaurrea Lore Lujanbiok egin du, eta, haren arabera, liburua «idealismo patriarkala gure ikuskera eta diskurtsoetan nola hedatzen den jabetzeko hausnarketa da, borroka feminista-materialista indartzen jarraitzeko ongarria». Nabarmendu du 2019ko martxoaren 8an eta 2023ko azaroaren 30ean feministek erakutsi zutela greba ez dela soilik lan ordainduaren esparruan borrokatzeko lanabesa, baizik eta «eremu publikoa eta pribatua zeharkatzen dituen lan banaketa sexualari aurre egiteko» tresna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.