Azaroak 30: greba feminista orokorra

Greba feminista orokorra lehen aldiz

Euskal Herriko mugimendu feministak greba feminista orokorrera deitu du azaroaren 30erako. Kontzeptua bera berria den arren, asanbladak eta greba batzordeak martxan dira jada, aurreko grebetako irakaspenak oinarri hartuta.

2018ko martxoaren 8ko greba feminista, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Emozioa, jende andana eta indarra. 2018ko eta 2019ko martxoaren 8ko greba feministak mugarri izan ziren: mugimendu feministak erakutsi zuen mobilizatzeko indarra badaukala, baita saretzeko gaitasuna ere. Beste pauso bat ere egin zuten: kontsumo eta enplegu greba gainditu, eta mahai gainean jarri zuten zaintza greba ere. Emakumeek mundua gelditu dezaketela erakutsi zuten. Eta, orain, mundua eraldatu nahi dute. Aurtengo martxoaren 8an eman zuten albistea: greba feminista orokorra egingo dute. Aurreko bi grebek utzitako arrastoa baliatuz, Euskal Herriko kaleak hartuko dituzte azaroaren 30ean.

Ikusi gehiago:ZAINTZEKO ETA ZAINDUAK IZATEKO

Lehen aldiz deitu dute horrelako greba batera. Baina zer da, zehazki, greba feminista orokorra? Nork parte hartuko du? Zer da zaintza greba? Lehenbizikoa izanda, galdera ugari sortu dira haren inguruan. Horiek argitze aldera, BERRIAk hiru lagun elkarrizketatu ditu: Tania Siriany Gasteizko Mugimendu Feministako kidea, Oihane Landazabal Algortako Mugimendu Feministako eta Bilgune Feministako kidea, eta Ekhiñe Petriati Bilgune Feministako eta Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeko kidea.

Zer da greba feminista orokorra?

Lehen aldiz, greba feminista orokorra egingo da Euskal Herrian. Kontzeptua bera berria izanik, eztabaida ugari daude zabalik; prozesu luze baten emaitza izango da azaroaren 30ean islatuko dena. Halere, Landazabalek argi du: greba feminista orokorra «lanuzte bat baino» gehiago izango da: «Ehun produktibotzat hartzen dena gelditzea ez ezik, zaintza esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea ere izango du helburu grebak». Azaroaren 30ean, zaintzak «familiarizatua» eta «pribatizatua» izateari utz diezaiola exijituko dute, eta «sistema osoa bere horretan» auzitan jarri. «Greba politikoa izango da».

2018ko eta 2019ko grebekin hasitako bideari jarraikiz, greba feminista orokorrak grebaren betiko kontzepzioa gaindituko du. «Ez da izango orain arte ikusi ditugun greben eredu bera», ziurtatu du Petriatik. Izan ere, ohiko grebetan sindikatuena da gidaritza; greba feminista orokorrean, aldiz, ez: «Mugimendu feminista ari da lidergoa eramaten; hark jarri ditu irizpideak eta bermeak». Gainera, lanuztera deitutako subjektua ere aldatuko da. Landazabalek argitu duenez, «denak» daude deituta grebara: «Soldatapeko guztiak, langabe guztiak, ikasleak, pentsiodunak, zaintza eremuko langileak, metalekoak, emakumeak, gizonak...». Sirianyk gaineratu du erantzukizuna gizarte osoarena dela: «Zaintza gai transbertsala da; horregatik, greba guztion ardura da».

Zergatik deitu dute greba orokorrera?

«Zaintzen krisia erdigunera ekarri nahi dugu berriro, eta adostasun sozial zabala egituratu zaintzarako eskubide unibertsalaren alde», azpimarratu du Landazabalek. Izan ere, gogoratu du pandemia garaian zaintza krisia azaleratu egin zela, baina lehendik ere hausnartua zutela gaia feministek; eta gerora ere, normaltasuna berreskuratu ahala, zaintza lana «ezkutukoa, prekarizatua, feminizatua eta arrazializatua» izan dela. «Ez da inolako urratsik egin errora joateko eta egoerari buelta emateko».

Sirianyrentzat, gainera, greba feminista orokorrera deitzeko arrazoirik ez da falta: «Krisi heteropatriarkal, arrazista, kapitalista eta kolonialistak eragiten du sistema hau biozida, genozida eta feminizida izatea». Sistemak «bizitza» eta «pertsonak» suntsitzen ditu: «Merkantilizatu egiten dira: interes ekonomiko batzuek dirua jartzen dute pertsonen bizitzaren aurretik».

Egungo sistemak ez ditu zaindutako horien «eskubideak eta duintasuna» errespetatzen, eta «mendeko» bihurtzen ditu. Bestalde, zaintzaileek euren gorputzean eta bizitzan jasaten dute lan horien erantzukizun osoa: «Andreak aritu dira zaintzen lehen eta orain, eta bihar nork zainduko du? Ezin diogu sistema horri eutsi». Langile migratuak ere gogora ekarri ditu Sirianyk: «Sistema arrazista estruktural eta sozial batek zeharkatzen ditu».

Zer ikasi da 2018ko eta 2019ko grebetatik?

2018ko eta 2019ko greba feministek irakaspen asko utzi dituzte. «Ikusi dugu gai garela proposamen politiko integralak egiteko», azaldu du Petriatik. Eta erantsi du mugimendu feminista gai dela indarrak egituratzeko, masak biltzeko eta kalera ateratzeko. Gaitasun hori, hain zuzen, eraldaketarako erabili nahi dute, Sirianyren hitzetan: «Euskal Herriko mugimendu feministak erakutsi du gai dela emakume guztien beharrak integratzeko, eta beste feminismo batzuk integratzeko bidean dago. Hegoalde globaleko emakume guztien irakaspenak jasotzen ari gara». Andre guztien bizitza hartu dute kontuan, ez bakarrik «Europako emakume zuriena». Nahiz eta grebek irakaspen asko utzi dituzten, Petriatik badaki mugimendu feministak asko duela egiteko oraindik: «Aliantzak josten jarraitu behar dugu».

Zer da zaintza greba?

Zaintza grebaren ideia ez da berria. 2018ko eta 2019ko lanuzteek grebaren «berrezaugarritzea» ekarri zuten, Landazabalen arabera: kontsumo eta enplegu greba ez ezik, zaintza greba ere egin baitzen. Zaintza greba horiek izan dira, hain zuzen, mugimendu feministak azken arteetan egin dituen «ekarpen kualitatiboetako» bat. Aurten, harago doaz: «Aurtengo greba zaintza kolektibizatzeko ariketa erraldoi bat izango da; orain arte, greba orokor deitu diegun horiek kanpoan utzi baitituzte eremu produktiboa sostengatzen duten lanak».

Zaintza ardatzean jartzeko borroka da zaintza greba, Petriatiren arabera. «Zaintza greban, zaintza lan guztiak geldiaraztea izango litzateke ideala». Baina egin ote daiteke erabateko zaintza grebarik? Hiru kideon arabera, ez. «Zaintza ezin da une batez ere alboratu», ohartarazi du Landazabalek. Horregatik du balio «erantsia» greba honek: «Ez dugu zaintza lanei dagokien lanuzte bat planteatu, edo ez soilik hori. Zaintzaren ardura banatu dadin eragin nahi dugu». Bat dator Petriati: «Egunean hainbat behar ditugu: jatea, lo egitea, txiza egitea, leku batetik bestera mugitzea... Batzuek laguntza behar dute horretarako, eta hori ere bada zaintza». Beraz, zaintza lanak ez dira «guztiz» geldituko, ezta «egun batean» ere, eta hori ere baliatu nahi dute «zaintzaren potentzialtasuna» aldarrikatzeko.

Beste arrazoi bat ere badago erabateko zaintza grebarik ez egiteko. Sirianyk esan duenez, zaintzaile batzuek ezingo dute lanuzterik egin, ez dutelako greba eskubiderik: «Ez dutelako lan eskubiderik, ezkutuko ekonomian egiten dutelako lan, behin-behinekoak direlako edo, kontratua izanda ere, hain sistema prekarioan daudenez, kontratua edukitzeak ez dizkielako eskubideak bermatzen». Era berean, etxeko langileek, erregimen orokorraren barruan ez daudenek, ezingo dute grebarik egin: «Lankide batzuek egunean bi orduz egiten dute lan, eta hori da bizitzeko haien euskarria. Emakume horiei ezin diegu eskatu greba egiteko». Kaleratuak izateko arriskua ere badute. Are, badira lan egiteko eta hemen bizitzeko baimenik ez duten emakumeak, «larriki esplotatuak». Beraz, haiek oztopo ugari izango dituzte lanuztea egiteko.

Nola parte hartuko dute zaintzaileek?

Hain zuzen, oztopo horiek gainditze aldera, greba honen gakoetako bat izango da hainbat modutan parte hartzeko aukera egongo dela. Hortaz, mota askotako zaintza langileak daudenez, «modu askotara» parte hartu ahal izango dute, Landazabalen esanetan. «Langile publikoak daude, pribatuan lan egiten dutenak ere bai, kontraturik gabekoak...». Alabaina, berretsi du helburua ez dela soilik zaintzaileak mobilizatzea. Izan ere, eremu horretako langile guztiek ezingo dutenez lanuzterik egin, parte hartzeko eta borroka egiteko beste molde batzuk asmatzen ari dira horretarako: «Elkartasun piketeak egin, lantokietara joan, kafea eraman... Ezin badira grebara batu, gu saiatuko gara haiengana gerturatzen». Petriatik azaldu du herri eta auzo bakoitzak erabakiko duela egun horretan zaintza lanei eta langileei horiei garrantzia nola eman.

Zer parte hartze izango dute gizonek?

Greba orokorra izanik, gizonak ere deituta daude grebara. Are gehiago, Petriatik argi utzi du zaintza eskubidearen aldeko borroka ez dela soilik emakumeen kontua: «Denon bizitzaren inguruan hitz egiten ari gara; ondorioz, denok hartu behar dugu ardura». Hala ere, mugimendu feministak luze eztabaidatu du gizonen parte hartzearen inguruan. «Protagonismorik gabeko aktibazio batera deituta daude», zehaztu du Landazabalek. hau da, bigarren lerroan egonda ere, subjektu aktiboak izango dira: «Ez dira grebaren erabakigune edo zuzendaritza politikoaren parte izango, baina bai grebaren parte aktibo».

Hala, gizonei dei egin diete herriz herri antolatuko diren greba batzorde mistoetan parte hartzera. Petriati: «Gune horietan ez da erasorik onartuko, eta gizona batzordeetara joateko emakume bat zaintzen gelditu baldin bada, agian gizonak hartu beharko du bere gain zaintza hori». Era berean, lantokietan greba sozializatzera deitu dituzte, eta greba aurrera ateratzen dela bermatzera; baita egun horretako mobilizazioetan parte hartzera ere. Hala ere, lehenetsiko dute emakumeak kalean ikustea, eta ez zaintza lanetan.

Nola antolatzen da horrelako greba bat?

Mugimendu feministak martxoaren 8an adierazi zuen greba feminista orokor batera deituko zuela udazkenean, eta ekainean eman zuen egunaren berri: azaroaren 30a. Grebaren ideia, hala ere, hilabeteetan mamitu da. Pandemia garaian, zaintza krisiari begirada feministatik heltzeko, Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundea sortu zuten mugimendu feministako hainbat kidek —horren parte da Petriati, esaterako—. Ordu hartan, «hausnarketa prozesu» bat abiatu zuten, Landazabalek azaldu duenez: «Hizpidera ekarri zen herri honetan zaintza lanak beste modu batera antolatzeko beharra. Zaintza sistema publiko-komunitario bat sortzeko bidean, prozesu bat zabaldu zen».

Iazko otsailean, jardunaldi nazionalak antolatu zituzten Gasteizen, eta zaintzaren inguruan hausnartu: «Zaintza sistema publiko-komunitario bati buruz ari garenean zertaz ari garen eztabaidatu genuen, zer eta nork bermatu behar duen... Bereziki, beste antolaketa bat lortzeko egin beharreko urratsak adostu genituen». Aurtengo apirilean beste asanblada nazional bat egin zuten, eta herrietan asanblada feministak osatzen hasi. Izan ere, Petriatik azaldu duenez, nahiz eta koordinazio nazionalak herrietan baliagarri izan daitezkeen irizpide batzuk ezarri, «tokian-tokian» ari dira dena aktibatzen.

Orain, asanblada feministez gain, greba batzorde mistoak osatzen hasi dira, gizonek ere parte har dezaten. «Asanblada feministekin uztartuko ditugu, lidergoa mugimendu feministarena izatea baita asmoa», zehaztu du Landazabalek. Grebara arte, martxan izango dira asanbladak. Eta beste deialdi batzuk ere antolatu dituzte. Esaterako, urriaren 14an, etxeko langileen topaketak egingo dituzte Bilbon. «Ezin dugu ahaztu erritmo desberdinak ditugula, beste gune eta pribilegio batzuk ditugulako», esan du Sirianyk. Izan ere, etxeko langileekin jorratutako prozesu baten parte da Siriany. Gehienak migratuak dira. Horregatik, garrantzitsutzat jo du lagun «migratuek eta arrazializatuek» grebari buruz hitz egiteko leku bat izatea.

Euskal Herri osoan egingo da greba?

Grebaren deialdia Euskal Herri osora zabalduta dago. Hala ere, Ipar Euskal Herrian, «egungo errealitatea» dela eta, ezingo dute grebara deitu, Petriatik azaldu duenez. Horrek ez du esan nahi egun horretarako ezer antolatuko ez dutenik: «Asmoa dute zaintzaren gaiari erreparatzeko, eta azaroaren 30ean mobilizazioak antolatzeko».

Mugimendu feminista indartzeko balioko du?

Grebak baino gehiago, prozesuak eman du mugimendu feminista berrindartzeko aukera. «Duela urtebete inguru hasi ginen nazio osoan, herrialdeka, eskualdeka, herrika eta auzoka asanblada feministak aktibatzen», azaldu du Landazabalek. Petriatik gehitu du greba ez dela berez helburu bat, eta are, tresna bat dela talde berriak sortzeko edota «hilzorian» zeudenak grebaren inguruan «berriz elkartzeko».

Zer-nolakoa izango da erakundeekiko jarrera?

Mugimendu feministak instituzio publikoak interpelatu nahi ditu. «Aski da! esan nahi dugu», nabarmendu du Sirianyk. «Erakundeen ardura da zaintzarako eskubide unibertsala aitortzea eta bermatzea». Zaintza sistema publiko-komunitariorako bidean, erakundeek «ausartak» izan behar dutela aipatu du, eta «ardura» beren gain hartu. Kritikatu duenez, Eusko Jaurlaritzak zaintzaren auziari buruzko jardunaldi batzuk antolatuko ditu azaroan: «Zer hitz erabili dituzten ikusita, badirudi mugimendu feministak antolatutako zerbait dela». Gaineratu du kontzeptu feministak bereganatu eta hustu egiten dituztela: «Primeran egongo litzateke gure hitzak hartu eta beteko balituzte».

Petriatiren ustez, erakundeen esku dago egungo «zaintza erregimena» amaitzea, haien erantzukizuna baita eskubideak bermatzea eta horretarako bitartekoak jartzea. «Interpelatuko ditugu gurekin esertzeko eta elkarrizketa esparru bat ezartzeko», ohartarazi du Landazabalek. Mugimendu feministaren aldarrikapenak «betearaztea eta defendatzea» exijituko diete. «Borondate politikorik balego, instituzioak sekulako tresna lirateke; zaintza sistema berrantolatzeko, ardurak hartu behar dituzte, eta baliabideak jarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.