Greba egin dute Baionako ospitalean, sarien banaketa «bidegabea» salatzeko

Ehunka langile bildu dira protestan. Zuzendaritzari ostiralera arteko epea eman diote neurria bazterrera uzteko.

(ID_17029958209105) (/EZEZAGUNA) Baionako ospitaleko protesta. CGT, UNSA, FO eta CFDTk deituta
Baionako ospitaleko langileen protesta, egun. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 19a
16:00
Entzun

Baionako ospitaleko langileek greba eguna dute. Eguerdian, 500 langile inguru bildu dira ospitaleko sarreran, zuzendaritzak hartu duen erabaki bat salatzeko. Izan ere, duela urte anitz lortutako akordio bati esker, zerbitzu sari bat eskuratzen dute langile guziek urte bukaeran, antzinatasunaren araberakoa eta urteko lan egindako egun kopuruan oinarritzen dena. Zuzendaritzak, ordea, sari gehigarri hori kudeatzaileen artean bakarrik banatu nahi du, haiek duten «merituagatik». CFDT, UNSA, FO eta CGT sindikatuek neurria «bidegabea» dela salatu dute, eta zuzendariaren «autoritarismoa» jomugan ezarri dute. Zuzendaritzak zenbaki zehatzik eman ez badie ere, sindikatuen arabera langileek 150 eta 200 euro arteko sari gehigarria galduko lukete.

Marie Pierre Etxebarne CGT sindikatuko bozeramaile eta ospitaleko langileak argi du: gisa horretako neurriek agerian ezartzen dute «klase borroka». «Prekarioenen diru moltsatik hartu nahi dute saria, diru gehiago irabazten dutenei emateko. Langileen artean desoreka bat sortzen du, eta talde lana behar den leku batean, gisa horretako neurri batek tentsioa sortzen du».

Haserre mintzatu da izenik eman nahi izan ez duen erizain laguntzaile bat. Haren ustez, saria «bidegabeki banatzeak» arazo gehiago ekarriko ditu. «Saria lan egindako egunen araberakoa da; beraz, absentismoaren kontra egiteko manera bat ere bada. Sari hori kenduz, ordea, ez da gehiago arrazoirik izanen lan geldialdirik ez hartzeko. Eta, gainera, zer erran nahi du? Kudeatzaileek guk baino meritu gehiago dutela?», galdetu du.

Zuzendaritza «autoritarioa»

UNSA sindikatuko Patrick Cazalisek uste du zuzendaritza «autoritarioa» dela. «Ezin da erran kategoria profesional batek bestea baino meritu gehiago duenik. Zuzendariak erran du neurri hori hartuko zuela; berak bakarrik erabaki du hori sindikatuekin neholako elkar aditzerik gabe». Zuzendariak aldarrikapenak «entzun» ditzan, grebalari guziei eskatu diete paper batean beren urteko bizipenak eta zailtasunak idazteko, eta kutxa batean ezartzeko. Protestaren bukaeran, sindikatuen ordezkariek kutxa zuzendariaren bulego aitzinean utzi dute.

Intersindikalak ostiralera arteko epea eman dio zuzendariari neurri hori bazterrera uzteko. Hemendik ostiralera ez badu ezer erraten, beste greba abisu bat pausatuko dute urtarrilaren 2rako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.