Nafarroako hezkuntza publikoko irakasleak grebara deituak daude ostegunerako. Sindikatuek lau eskaera nagusi egin dituzte: ratioak jaistea, soldatak igotzea, lan gainkarga arintzea eta kontratuen egonkortasuna bermatzea. Hilaren 26ko lanuztea eragotzi eta konponbide bat adosteko xedez, Hezkuntzako mahai sektoriala osatzen duten sindikatuak bilkura batera deitu zituen Carlos Gimeno kontseilariak. Gaur goizean batzartu dira, baina, Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez, bilera hasi eta hamar minutura, mahaitik altxatu dira ordezkari sindikalak.
Oharrean, Hezkuntza Departamentuak adierazi du sindikatuek ez dituztela entzun nahi izan kontseilariaren proposamenak, eta hark hitza hartu eta berehala alde egin dutela. «Bi puntu zeuden gai ordenan: aldarrikapen sindikalak aztertzea eta 1.001 lanordu banatzeko eta 41 irakasle kontratatzeko akordioa sinatzea, zerbitzua indartzeko xedez». Departamentuaren arabera, LAB eta Steilas sindikatuak ez zetozen bat gai ordenarekin, eta «kontseilariaren hitzartzea eten dute», galdetzeko «ea mahai gainean dirurik jarriko ote den, sindikatuen eskaerei aurre egin ahal izateko». Horren ostean, mahaitik altxatu dira 30 bat ordezkari sindikal, eta bertan behera utzi dute bilera.
Hezkuntza Departamentuak adierazi du, gainera, dagoeneko «aztertuak eta kuantifikatuak» dituela sindikatuen eskaeretako asko, eta gaur-gaurkoz, ezin izanen dituela bete: «Iragan otsaileko mahai sektorialean jorratu genituen sindikatuen eskaeretako asko, baina itzelezko kostua dute, eta horrek ezinezko egiten du horiek gauzatzea. Ratioen jaitsiera lineal batek, esate baterako, 131 milioi euroren kostua izanen luke».
«Ez dago konpromisorik»
Gaurko bilera bertan behera geratu ostean, oharra argitaratu dute Steilas, Anpe, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek ere. Salatu dute Hezkuntza Departamentua «inongo proposamenik gabe» joan dela bilerara, eta argi utzi duela «ez duela inolako asmorik arazoei heltzeko eta finantzaketa konpromisoa duen egutegi bat planteatzeko».
Izan ere, sindikatuen irudiko, finantzaketa ezinbestekoa izanen da «hezkuntza sistema publikoaren beharrei erantzuteko»; hala nola ratioak jaisteko, lantaldeak egonkortzeko, lan gainkarga arintzeko eta irakasleen erosahalmena berreskuratzeko. «Gobernuak berak du arazo horiek konpontzeko eta aurrekontuetan aintzat hartzeko ahalmena; hala ere, departamentua ez da mugitu hasieran zuen posiziotik».
Sindikatuek «erabateko dezepzioa» agertu dute Hezkuntza Departamentuak eman dien erantzunarekin, eta berretsi egin dute hilaren 26ko greba deialdia: «Irakasleei dei egiten diegu datorren 26ko grebarekin bat egiteko, eta gizarte osoa ere gonbidatzen dugu egun horretan gurekin batera mobilizatzera».
Altsasu, Lizarra, Tafalla, Elizondo eta Tuteran elkarretaratzeak egingo dituzte goizean. Iruñean, 11:00etan, zutabeka hurbilduko den manifestazio bat egingo dute Hezkuntza Departamendura. 18:00etan, eskola komunitate osoaren manifestazioa egingo dute Gurutzeko plazatik San Franzisko plazara.