Osakidetza

Greba atarian, kalean

Ehunka lagun bildu dira Bilbon, Osakidetzako beharginen lan baldintzak hobetzeko eskatzeko. Bi eguneko grebara deitu dute sindikatuek

Bilbon egin dute eguerdian manifestazioa. ARGAZKI PRESS
2015eko apirilaren 18a
08:39
Entzun

Ehunka lagun bildu ziren atzo eguerdian Bilbon, Osakidetzako lan baldintzak hobetzeko eskatzeko. Kalitatezko Osakidetza baten alde. Enplegua sortu. Lapurreta gehiagorik ez lelopean egin zuten manifestazioa. Azken urteko aldarrikapenei heldu zieten hara joandako medikuek, erizainek eta osasun zerbitzuko bestelako langileek: astean 35 orduko lanaldia berreskuratzeko, gaixorik eta oporretan diren lankideen ordezkapena ziurtatuko duen kontratazio sistema bat ezartzeko, eta 3.000 lanpostu sortzeko eskatu zuten. Hilaren 23an eta 24an Osakidetzan egingo duten greba orokorraren atarian egin zuten protesta, SATSE, ELA, LAB, ESK, SME-FFHH, CCOO eta UGT sindikatuek deituta.

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa eskatu zuten hara bildutakoek. Sindikatuetako ordezkariek gogor kritikatu zuten Osakidetzak biharko sektore mahaira deitu izana, eta greba orokorrerako deialdia ahuldu nahia egotzi diote osasun zerbitzuko zuzendaritzari. Jarrera horrek helburu «propagandistikoa» duela salatu du LAB sindikatuak. «Ez daukagu esperantza handirik asteleheneko sektoreko mahaiaren inguruan. Osakidetza luze aritu da manipulazio jokoetan, eta ez du osasun zerbitzuaren arazoak konpontzeko konpromisorik, ezta akordio bat lortzeko nahirik ere», azaldu du Encarna de la Maza SATSE erizainen sindikatuko idazkariak.

Manifestazioa hasi eta ordubetera, prentsaren aurrera agertu zen Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia. Jakinarazi zuen prest daudela zenbait gairen inguruan negoziatzeko: langileen gaixotasun ordezkapenak, lan eskaintza publikoa eta karrera profesionala aipatu zituen.

Lan baldintza «onak»

Langileen soldatei dagokienez, ordea, azken hilabeteetako jarrerari heldu dio berriro ere Etxeberriak. «Langileen lanaldia 1.614 ordura zabaldu eta soldatak izoztu badira ere, Osakidetzako eta administrazio publikoko langileen lan baldintzak eta soldatak ez dira txarrak Euskadin». Azaldu duenez, aurrekontuen arabera ez dago diru nahikorik ez soldatak igotzeko, ez langileen ordutegia murrizteko. Osakidetzako zuzendariak ez du uste greba deialdia langileen egoerarekiko «proportzionala» denik.

Beste iritzi batekoak dira langileak eta sindikatuak. SATSEko ordezkariak azaldu duenez, «beste arloetan» eskaera ezberdinak badituzte ere, sindikatu guztiak bildu egin dira orain, eskakizunak «premiazkoak» direla uste dutelako, «bai profesionalentzat, bai herritarrentzat, bai eta osasun zerbitzuaren kalitatearentzat ere».

Langileen eskakizun nagusia da azken urteetan Osakidetzan «suntsitu» dituzten lanpostuak berreskuratzea. Azaldu dutenez, 3.000 lanpostu berriren beharra dago. Osakidetzako zuzendaritzaren aurreikuspenak, ordea, ez daude hortik gertu: Osakidetzako administrazio kontseiluak onartua du 2014ko eta 2015eko ordezkatze tasei dagozkien 484 eta 640 lanpostutarako deialdi publikoa egitea; 2016an, bestalde, 1.000 postu sortuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.