Grande-Marlaskak «errespetua» adierazi die Frantziako auzitegiei

Barne ministroak dio «itxaron» egin behar dela Urrutikoetxeari buruzko erabakia berresteko. Bake Bideak baikorki hartu du fiskalaren jarrera

Grande-Marlaska, atzo, Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko buruekin. EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun

Herenegun iragan zen Josu Urrutikoetxearen dei auzia, Parisen. Iazko maiatzean atxilotu zuten Urrutikoetxea, eta, geroztik, preso dute Paris inguruko La Sante espetxean. Dei auzitegiko fiskalburuak haren askatzearen alde egin zuen, eskumuturreko telematikoa ezarrita, eta aske uztea erabaki zuten epaileek. Atzo, gaiaz galdetu zioten Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari. Esan zuen itxaron beharra dagoela, ea zer erabakitzen duen orain dei auzitegiak; erabakia berresten duen edo ez. Edozein kasutan, Frantziako auzitegiek hartzen duten erabakiekiko «erabateko errespetua» adierazi zuen Grande-Marlaskak, eta Frantziako eta Espainiako autoritateen arteko lankidetza «ezin hobea» goretsi zuen.

Aldeko erreakzioak

Bake Bideak, berriz, baikorki hartu du dei auzitegiko fiskalburuaren jarrera: «Ministerio Publikoaren jarrera txalotzen dugu, espero izanez kartzela politikaren inflexio puntu bat izanen dela. Konbentzituak gara kartzela politika Euskal Herriko bake prozesuan egin diren urratsez elikatu behar dela». Pandemia garaian, Urrutikoetxeak dituen patologiak direla eta, baldintzapean aske uzteko eskatu zuten; baina ukatu egin zitzaizkion eskaera denak. Fiskalak eta epaileek herenegun hartutako erabakia ikusirik, ondoko hilabeteetan jarrera hori egonkortuko dela espero du Bake Bideak. Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte datorren irailaren 19rako, «perspektiba berriak» irekitzeko asmoz.

EH Bilduk eta EH Baik ere baikortzat jo dute Urrutikoetxearen zaintzapeko askatasuna onartu izana. Azken hilabeteetan, «hainbat auzitegik eta fiskaltzak adierazitako jarrera hetsia eta mendekatzaileak» salatu dituzte. «Joan den astean Mikel Barrios presondegira kondenatu zuten Parisen, eta Jakes Esnal, berriz, heriotzara kondenatu. Ezin dugu hori onartu; Josu Urrutikoetxea bezala, Jon Parot, Jakes Esnal eta Frederik Haranburu Xistor aske eta gure artean nahi ditugu», aldarrikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.