Grande-Marlaskak dio Beaumonten espioitza kasua «oso larria» dela

Espainiako Barne ministroak esan du Espainiako Poliziak «profesionaltasunez» jokatu duela

Fernando Grande-Marlaska, atzo, Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE.
jone arruabarrena
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Fernando Grande- Marlaska Espainiako Barne ministroak esan du Espainiako Gobernuak Maria Jose Beaumont espiatu izana «Espainiako demokraziako gertakaririk larrienetariko bat» izan zela, baina, era berean, Espainiako Poliziak «ustelkeriaren aurka» egindako lana goraipatu du. Izan ere, joan den astean Espainiako Infolibre.com atari digitalak jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak Beaumont espiatu zuela, hura Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari izendatu berritan. Uxue Barkosen gobernuko kide izan zen Beaumont 2015 eta 2019 bitartean. Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak gaia Kongresura eraman zuen atzo, eta azalpenak eskatu zizkion Barne ministroari.

Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren kontrako espioitza kasuaren inguruko Kitchen auziaren harira atera dira argitara Beaumonten espioitza kasua frogatzen duten Whatsapp elkarrizketak, Jorge Fernandez Diaz — Beaumont espiatu zutenean Espainiako Barne ministro zena— eta Francisco Martinez haren segurtasunerako estatu idazkariaren artekoak. Infolibre-ren arabera, Beaumont ez ezik beste euskal herritar batzuk ere espiatu zituen Espainiako Gobernuak Mariano Rajoy presidente zen garaian. Arabako Ahal Dugu-ko kideak ere egon ziren espioitza sare horren jomugan, Infolibre-ren arabera. Koldo Callado EHUko Medikuntza doktorea ere zelatatu zuten, Tarajalgo tragediako akusazio partikularraren txosten bat sinatu zuelako, besteak beste.

Iñarrituk Marlaskari leporatu dio hark «estatuaren estolderia» desegin zuela esan arren espioitza kasuetan parte hartu zutenak «beren postuetan» daudela oraindik.

Katalunian ere, zelatatuta

EH Bilduko diputatuak etaERCko Marta Rosiquek gogorarazi dute Marlaskaren agindupean ere izan dela antzeko espioitza kasurik, Kataluniako herri mugimenduetan infiltratutako poliziena tartean. Gainera, leporatu diote polizia horietako bat enbaxada batera lekualdatu izana, «sari» gisa. Grande-Marlaskak, ordea, adierazi du ez daukala «zentzurik» Kataluniako espioitza kasuen inguruan mota horretako «akusazioak» egiteak, «frogarik gabe». Gehitu du fiskaltzak eta estatuko polizia indarrek «epaileei laguntzeko» lan egiten dutela, delituak «sakonki» aztertzeko. Horrez gain, gehitu du Espainia estatu «demokratikoa» dela, eta Espainiako Polizia eta Guardia Zibila «benetako profesionalak» direla.

Kitchen auziaren inguruko batzordea handitzeko eskatuko duela ere iragarri du Iñarrituk, Pegasus programarekin lotutako espioitza kasuak eta Kataluniako herri mugimenduetakoak aztertzeko. Barne ministroak, berriz, eskatu dio «ez orokortzeko», eta azaldu du gaur egun ez dagoela «tolerantziarik» ustelkeriaren harira. Gaineratu du segurtasun indarren barne arazoetako unitatea «indartu» dutela, ustelkeriari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.