Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak AVT biktimen elkarteari bilera batean esan dio ez dituztela aldaketak egingo espetxe politikan, AVTk ohar batean jakinarazi duenez. Elkartearen arabera, Grande-Marlaskak azaldu die euskal presoen gerturatze prozesuan haiek banan-banan aztertuko dituztela, kartzela zigorra bukatzen ari direnak hartuko dituztela aintzat lekualdatzeko, eta betiere legedia beteta emango dituztela pausoak. Espainiako Espetxe Araudiak dio presoak bere sorterritik gertuen dagoen kartzelan egon behar duela.
Ministroak duela urtebete azaldu zuen ETAren desegitearen ondoren urruntze politikak ez duela zentzurik; hala ere, gobernuak ez du politika hori aldatu. PSOEren gobernuak Espetxeetako Erakundeen bitartez egindako hurbilketan aipatu du lekualdatutako presoek eragindako mina aitortu dutela eta espetxe legedia betetzeko konpromisoa hartu dutela. EPPK-k 2017ko adierazpen batean iragarri zuen «etxeratze prozesuan» prest dagoela legediari jarraitzeko. AVTk oharrean dakarrenez, Grande-Marlas- kari esan dio presoek justiziarekin kolaboratu behar dutela.
Euskal presoen harrerez, Barne ministroak azaldu die «omenaldiak» eragozteko tresna legal eta politiko guztiak erabiliko dituztela, ETAren biktimak ez «umiliatzeko». Halako ekinbideak hartzen dituzten udalerrietako udalei isunak jartzeko aukera aztertuko dute, AVTk bere idatzian dioenez.
Grande-Marlaskak AVTri esan dio ez dutela espetxe politika aldatuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu