Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroa Iruñean izan da goizean, Ser irratiak antolatutako foro batean. Ordubeteko mintzaldian, Grande Marlaskak argi utzi du polizien eta guardia zibilen eskubideak bermatuko dituztela trafiko eskumena Nafarroari itzultzeko prozesuan: «Espainiako Polizia eta Guardia Zibila ez dira Nafarroatik aterako, eta ez dugu polizia kopurua murriztuko».
Ordezkaritza zabala izan da foro horretan: besteak beste, Elma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa eta Nafarroako Gobernuko hainbat kontseilari —hala nola, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria edo Martin Zabalza Memoria eta Bizikidetza zuzendaria—. Parlamentari eta hautetsien artean han izan dira UPNko Ana Elizalde eta Maria Caballero; PSNko Ramon Alzorriz, Inma Jurio, Ainhoa Unzu, Xabier Sagardoi hautetsia, Elena Santxo europarlamentaria; Geroa Baiko Pablo Azkona... baita Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren eta Foruzaingoaren buruak ere.
Oso luze doa trafiko eskumenaren transferentzia prozesua. Eskuineko alderdiek eta guardia zibilen elkarteek salatu dute Guardia Zibila Nafarroatik kanporatu nahi dutela. Grande Marlaskak gezurtatu egin du hori, eta adierazi «alderantziz» izan dela, polizia kopurua handitu egin dutela azken urteetan. «Inoiz ez da estrategiarik izan Espainiako Polizia eta Guardia Zibila Nafarroatik ateratzeko, ezta izango ere. Kataluniatik ere ez dira aterako, ezta EAEtik ere, non aspaldi honetan polizia kopurua egonkorra den».
2017ko abenduan, PSOEk Espainiako Barne Ministerioa hartu aurretik, 606 polizia eta 1.487 guardia zibil zeuden Nafarroan. Egun, berriz, 655 polizia eta 1.529 guardia zibil daude, duela zortzi urte baino %4,3 gehiago, alegia. Horri gehitu behar zaio foruzain kopurua ere %9 handitu egin dela epe horretan: 1.148 foruzain daude egun —dena den, Foruzaingoak legez 1.200 polizia izan ditzake gehienez— .
4,9Zenbat polizia dauden mila biztanleko. Mila biztanleko polizia ratioa handia da Nafarroan. Azken datuak eguneratuta, 4,9 polizia daude Nafarroan. Espainian, berriz, 3,8 polizia daude. Delitu maila oso antzekoa da bi lurraldeetan, Grande Marlaskak baieztatu duenez.
Polizia kopurua handia izan arren, delitu kopurua apala da Europako batezbestekoekin alderatuta. Iaz, mila biztanleko 52,9 delitu egin ziren Nafarroan. Aitzitik, mila biztanleko delitu kopurua handiagoa da Europako beste herrialde batzuetan: Erresuma batuan 104, Alemanian 71, Danimarkan 80 eta Suedian 146. Espainiako batezbestekoarekin alderatuta, Nafarroako datua bi puntu gorago dago, baina ez dio aparteko garrantzirik eman. «Erne jarraitzen dugu, baina ez dago alde handirik».
Nafarroari trafiko eskumena itzultzeko prozesua luze doa. Iazko otsailean Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen transferentzia ahalbidetzeko errege dekretua, eta epai horri buelta emateko Foru Hobekuntza berritu behar izan zen iaz. Behin hori burututa, Marlaskak aurreratu du Espainiako eta Nafarroako gobernuak hizketan ari direla beste errege dekretu bat egiteko, eta «edukiak bat egingo du aurretik adostu dugunarekin».
Galdetu zaio zenbat guardia zibil egongo diren foruzain, trafiko zereginetan jarraitzeko. Ez du zehaztu nahi izan. «Ez dut daturik», erantzun du. Haren esanetan, 158 guardia zibil aritzen dira egun trafikoan. Aldi berean, Nafarroako Gobernuak zehaztu egin behar du zenbat foruzain gehiago beharko dituen, eta formakuntza eman beharko zaie. Nafarroako Polizien legeak bidea ematen du guardia zibilak foruzain egiteko, eta hala nahi dutenek aukera hori izango dute. Baldintzak aztertzen ari dira, eta foruzain izan nahi ez dutenek ere Nafarroan segituko dutela baieztatu du.
Trantsizio epe bat aurreikusten da Nafarroako Gobernuak trafikoa osorik bere gain hartu arte. Horri buruzko datarik ez du eman Grande Marlaskak.