Xabier Atristainen eta Juan Manuel Inziarteren gradu progresioen aurkako kautelazko neurriak ezarrita, Espainiako justiziak oztopo bat gehiago jarri die euskal presoen gizarteratze prozesuei. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak lehen aldiz aplikatu du Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina, eta fiskaltzaren eskaera hutsa nahikoa izan da erdiaskatasuna behin-behinean eteteko.
Gradu progresioen aurkako helegiteak aurkeztearekin batera, fiskaltzak haiek kautelaz eteteko eskaerak egin ditu. Argudiatu du ihes egiteko arriskua dagoela. Bestetik, presoa «kartzelatik ateratzea» eragin dezaketen kasuetan, helegiteak behin-behinean eten behar duela irteera —Botere Judizialaren Lege Organikoko bosgarren xedapen gehigarria—. Azkenik, hirugarren gradua dagokion jurisdikzio organoaren —Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Sala— interbentziorik gabe eman daitekeela —7/2003 lege organikoa—. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, ordea, atzera bota ditu orain arte eskaerak.
Ikusi gehiago:«Foro Sozialari urte askoan begiekin entzun zaio; hori gainditu da»
Abenduaren 15ean, baina, prozesua irauli duen ebazpena iritsi zen. Auzitegi Gorenak espetxe zaintzako epaitegien jokabidea arautzeko doktrina ezarri zuen, fiskalaren asmoen mesedetan.
Onintza Ostolaza abokatuak azaldu du jada «salbuespenezkoa» den legediaren inguruko interpretazio zabalago bat egin duela Gorenak: «Adierazi du kartzelatik ateratzea modu orokorragoan ulertu behar dela, espetxea uztetik haratago joanda, hirugarren graduak ere barne hartuta». Era berean, adierazi du, legea apelazio helegiteez mintzo den arren, lehen instantzian ere hala aplikatzea ebatzi dutela.
Abokatuaren esanetan, zenbait zaintza epaitegik eta espetxeetako tratamendu batzordek «harridura» eta «aurkako jarrera» erakutsi dute. Horren adibide da ebazpena aldeko hiru botorekin eta kontrako birekin onartu izana ere. Boto partikularra eman zuten epaileek salatu zuten fiskaltzaren eskaera hutsarekin kautelazko neurriak hartzeak haren esku uzten duela gradu progresioa atzeratzeko gaitasuna.
Prozesuan kalteak
Irizpide aldaketak eragin nabarmena izan dezake euskal presoei dagokienez. Orain arte, gradu progresioa jaso bezain laster erdi-askatasuneko erregimenean ateratzen ziren, eta, fiskalak helegitea jarri arren, bost edo sei hilabete egin dituzte hala, epaileak hura onartu edo atzera bota bitartean. Aldaketarekin, presoek hirugarren graduan egin dezaketen epea aste pare batera mugatu daiteke; hori da fiskaltzak helegitea jartzeko erabili ohi duen denbora.
Atristainen kasuan, aste eta erdi inguru egin du kanpoan. Inziartek —68 urte ditu—, hiru egun. Hura ospitaleratuta zegoen hirugarren gradua eman ziotenean, eta alta jaso eta gutxira espetxera itzuli zen. «Oso larria da», esan du Ostolazak. Gainera, abokatuak adierazi du aurrez ere zaila zen gizarteratze prozesuan oztopo bat gehiago dela: «Adibidez, hirugarren gradua lanerako prebisio bati lotua egoten da sarri. Hori dena bertan behera geratzen da honekin».
Gradu progresioei eten berri bat ezarri diete
Atristain eta Inziarte euskal presoak espetxera itzuli dira, haien hirugarren graduak kautelaz eten ostean. Lehen aldiz gertatu da halako zerbait, Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako doktrinak eraginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu