Koronabirusa. Zahar etxeak

«Goxotasuna falta da egoitzetan»

Luz Ibañez. Aurrez gaitza zen egoera okertu egin du osasun larrialdiak Azkoitiko San Jose zentroan ere. Hitz gogorrak ahoskatu ditu Ibañezek: «Ez dut halakorik nahi niretzat».

Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Neka-neka eginda daude zahar etxeetako langileak, Luz Ibañezek hainbatetan esan duenez: «Ezin lo egin, antsietatearekin... Egunak joan eta egunak etorri, hau ez da amaitzen. Eta segitu egingo du». 37 urte daramatza sektorean lanean; egun, Azkoitiko (Gipuzkoa) San Jose egoitzan dabil, eta LAB sindikatuko ordezkaria da han. «Lehen, gaizki geunden, eta, orain, okerrago». Osasun larrialdiak lan zama handitu diela nabarmendu du: «Protokoloaren arabera, egoiliarren logeletan ahalik eta jende gutxiena sartu behar da, eta ahalik eta gauza gehiena egin; beraz, laguntzaileoi dagokigu orain tenperatura hartzea, gela bera garbitzea... Eta ez du denerako denbora ematen».

«Koronabirusak azkena eman digu, bai egoiliarrei bai langileei. Haiek zein guk sufritzen baitugu». Adinekoek adierazten dieten esker onak iraunarazten ditu beharginak: «Lan mordoa egiten ari gara: aurrera goaz langileak bihotzez ari garelako, %150 ematen». Ibañezek erantsi du egunotan hogei minutu lehenago sartzen ari direla lanera, segurtasun neurrietara egokitzeko, eta sarri beranduago ere ateratzen direla. «Ez pentsa enpresak ezer jarri duenik; laguntza txiki bat baino ez digute ekarri goizetan, baina lanaldi erdi bat ere ez da. Koronabirusak mundua aldatu du, baina diruak jarraitzen du agintean».

Minez aitortu du ez direla ailegatzen zerbitzu ona ematera: «Goxotasuna falta da egoitzetan, pertsonekin pixka bat egotea. Egungo sisteman, ez dago astirik adinekoei arreta egokia emateko, oinarrizko beharrak asetzeaz harago. Orain, bisitarik gabe daude, eta nabaritzen dute norbaitekin hitz egiteko beharra, norbaitek aditzeko premia. Gainera, maskarekin ez digute ondo ulertzen; beste harresi bat ekarri du horrek». Dei egin die agintari politikoei: «Etor daitezela hona, gure lana ikustera, edo astebete bizitzera; ez lukete geratu nahiko. Gogorra da hau esatea, baina nik ez dut halakorik nahi niretzat; batzuetan, ez da beste erremediorik geratzen, baina nire ama ez nuke eramango zahar etxe batera, ez behintzat baldintza hauetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.