«Gotzainen etxe agentzia» eraistea xede

'No robarás' liburua aurkeztu du Nafarroako Ondarearen Babeserako Plataformak.Elizaren immatrikulazioak salatu dituzte

Jose Mari Esparza editorea eta Carlos Armendariz plataformako lehendakaria, atzoko aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / ARP.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2015eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Katixima berri bat», immatrikulazioen bekatua salatzeko. Hori egin nahi izan du Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak, No robarás. Catecismo de la inmobiliaria celestial (Ez duzu lapurtuko. Zeruko etxe agentziaren katixima) izeneko liburua argitaratuta. Atzo aurkeztu zuten lana, Iruñeko Elkar liburu dendan.

Txalaparta argitaletxeak kaleratutako liburuan, Eliza katolikoak Nafarroan eginiko immatrikulazio guztien berri emateaz gainera, marrazkilari eta umorista grafikoen lan ugari biltzen dira. «Dibulgazio lana egin nahi genuen, formatu txikikoa, auziari buruzko azken berritasunak eskaintzeko eta, aldi berean, Tasio, Martintxo, El Roto, Perich, Forges, Hugo Pratt eta halako ilustratzaile bikainek gaiaren inguruan eginiko lana biltzeko», azaldu zuen Jose Mari Esparza Txalapartako editoreak, atzoko aurkezpen ekitaldian.

Ildo berean, plataformako lehendakari Carlos Armendarizek esan zuen halako auziak gizarteratzeko «oso egokia» dela umoristen lana: «Gutako inork eman dezakeen diskurtsorik onena baino mila bider eraginkorragoa da komiki zinta bat, begi kolpe bakarrean ikusten delako, eta egia borobilak laburbiltzen dituelako». Liburuaren egile gisa Jesus de Larrainzar izengoitia azaltzen bada ere, plataforma osatzen dutenen arteko auzolanaren fruitua dela nabarmendu zuten biek.

Elizaren «gezurrak»

Lan horrekin, Nafarroako Ondarearen Babeserako Plataformak agerian utzi nahi izan ditu «Iruñeko eta Tuterako artzapezpikutzak eginiko azpijoko makurrak eta esandako gezur guztiak».

Nafarroan eginiko arpilatzea «zenbagaitza» dela uste du Armendarizek, baina azken urteetako immatrikulazioen zerrenda egin dute liburuan, «egia azaleratzen hasteko». Era berean, Espainiako Gobernuaren jarrera «makurra» salatu dute plataformako kideek: «PPk ez zuen gurekin hitz egin nahi izan; eta gero, legea presaka eta korrika aldatu zuen, amnistia bat ezarriz eta, gainera, Elizari urtebeteko epea emanez, ordura arte immatrikulatu ez zuena erregistratu zezan».

Hala ere, etorkizunari begira okerrak zuzentzeko aukera dagoela uste du Esparzak: «Uste baino indartsuagoa da herrien borroka; gauza asko lor ditzakegu hemendik aurrera ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.