Ez zuten espero. 2017ko urtarrilean, Iruñeko Erorien Monumentuari buruzko A sus muertos (Beren hildakoei) filma estreinatu zutenean, Clemente Bernad eta Carolina Martinez argazkilari dokumentalistei ez zitzaien burutik pasatu ere egin handik zenbait hilabetera elkarte ultrakatoliko eta frankista batek salaketa jarriko zienik. Auzipetzea «kolpe latza» izan dela aitortu du Bernadek (Iruñea, 1963), baina kementsu ikusten du bere burua, dokumentalak balio izan baitu «Iruñeko kripta ilun eta opakuenetik egiaren zatitxo bat azaleratzen hasteko».
Nafarroako Auzitegian deklaratu beharko duzue azaroaren 14an eta 15ean. Zer gertatu da?
Lehenik eta behin, argitu behar dut auzia zabalik dagoela, eta, prozesuak iraun bitartean, Carolinak eta nik ezinen ditugula datu asko argitara eman. Gure defentsa prestatzen ari gara, eta hainbat xehetasun ezin ditugu jakinarazi oraingoz. Hau guztia bukatzen denean, lasai hitz eginen dugu gertatutakoaz, baina, oraingoz, eskuak lotuak ditugu. Beraz, aldez aurretik, barkatu.
Zer leporatzen dizuete?
Agerkari digital batek filtratu zuen kontua, baina ez naiz horretan sartuko. Esan dezakedana da Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiak jarri zigula salaketa, eta, bertan irakur daitekeenez, sekretuen jakinarazpen delitu bat egozten digutela, Zigor Kodearen 197.1 artikulua oinarri hartuta,A sus muertos dokumentaleko irudi batzuen kontura.
Zehazki, Erorien Monumentuko kriptan baimenik gabe grabatu zenutela aipatzen dute, baina dokumentalean ia ez da halakorik ikusten...
Dokumentalaren oinarria Iruñeko hainbat herritarrek eginiko adierazpenak dira: zer dakiten Erorien Monumentuaz, frankismoaz, monumentu horrek zer irudikatzen duen haiendako, nor egon zen hor lurperatuta... Iritzi horiek bilduta egin genuen dokumentala, baina argi dago salaketa jarri zigutenak ez dituela aztoratu ikusten denak, ikusten ez denak baizik: zer esaten den eta zer uzten duen agerian.
Eta zer uzten du agerian?
Dokumentalak argi azaltzen du monumentu hori zer den, nork eraiki zuen eta zer irudikatzen duen. Baina, nire ustez, ikus-entzunezko lan horren ekarpenik garrantzitsuena da agerian uzten duela Iruñeko herritar askok Erorien Monumentuari buruz duten ezjakintasun erabatekoa. Batzuen ustez, Espainiako Errege-Erregina Katolikoak daude hor lurperatuta! Urteetan erakundeek herritarren artean sustatutako ezjakintasun horri esker iraun du monumentuak gaur arte.
Zerk bultzatu zintuzten dokumentala grabatzera?
2017ko urtarrilean Zer kolektiboak antolatutako jardunaldietarako prestatu genuen. Carolina eta biok elkarte horretako kide gara. Zer egingo dugu Erorien Monumentuarekin? izenburua paratu genien jardunaldiei, eta gure asmoa zen monumentu frankista horren gainean eztabaida zabaltzea. Orain auzia bolo-bolo dabil, Iruñeko Udalak abiatutako ideia lehiaketarekin eta, baina, duela pare bat urtera arte, opakutasun eta isiltasun errezel astun bat jarria zegoen monumentu faxista horren gainean. Testuinguru horretan, Zer kolektiboaren jardunaldiak oso arrakastatsuak izan ziren, aditu asko bildu eta ekarpen ugari jaso baikenituen; eta, bukaeran, dokumentala aurkeztu genuen, aurreko guztia nolabait borobiltzeko.
Nortzuk dira Gurutzearen Zaldun Boluntarioak?
Errekete soldadu ohiek osatutako talde bat da. 1936ko gerra amaituta sortu zuten anaidia, eta inoiz ez dute ezkutatu euren izaera frankista. Euren estatutuetan aipatzen dute Jainkoaren eta Espainiaren aldeko gurutzadaren espiritua bizirik mantenduko dutela, horretarako bortizkeria erabili behar badute ere. Bada, printzipio horiek dituztenak dira gure kontrako salaketa jarri dutenak.
Eta Erorien Monumentuan Mola eta Sanjurjoren omenezko mezak egiten dituztenak...
Horixe da, bai. Iruñeko Udalak Mola, Sanjurjo eta beste militar kolpista batzuen gorpuzkiak monumentuko kriptatik atera zituen, baina anaidiak ez ditu meza horiek eten. Hilabetero-hilabetero egiten dituzte oraindik.
Anaidiak dauka monumentu azpiko kriptaren jabetza?
Ez. Berez, eraikin osoa Iruñeko Udalarena da, baina auzi horrek ertz asko ditu. Iruñeko Artzapezpikutzarena zen lehen, baina 1997. urtean hitzarmen bat sinatu zuten udalarekin: eraikinaren jabetza publiko bilakatu zen, baina Artzapezpikutzak beretzat gorde zuen kripta erabiltzeko eskubidea. Eskubide hori indarrean egonen da eraikinak zutik irauten duen denbora guztian.
Hortaz, kripta erabiltzeko baimena du artzapezpikutzak, eta talde frankista eta ultrakatoliko horri uzten dio?
Bai, horixe da. Auzi horren inguruan azalpen ugari eman beharko lituzke Iruñeko Artzapezpikutzak, baina ez dute ahoa ireki.
Baimen hori indarrean egonen da eraikina zutik dagoen bitartean. Zure ustez, Erorien Monumentua eraisteko beste arrazoi bat da hori?
Hala da, bai. Nik askotan adierazi dut Erorien Monumentuarekin egin dezakegun gauza bakarra eraistea dela. Horren aldeko manifestu bat ere sinatu nuen duela gutxi, beste hainbat kultur eragilerekin, historialarirekin eta ekintzailerekin batera. Kriptaren erabilerak ekarri dituen arazoak eta soka luzea ikusita, are seguruago nago.
Nola bizi duzue egoera hau guztia? Urduri al zaudete?
Kolpe latza izan da Karolinarentzat eta biontzat. Fiskaltzak bi urteko zigorra eta 12.000 euroko isuna eskatu zituen, baina akusazio partikularrak bi urte eta erdiko kartzelaldia galdegin du; hortaz, errudun joko bagintuzte, kartzelara sartu beharko genuke. Hala ere, gogotsu gaude, eta babes mezu ugari jaso ditugu.
Clemente Bernad. Argazkilaria eta dokumentalista
«Gotzainak azalpenak eman beharko lituzke Erorien Monumentuaz»
Clemente Bernad eta Carolina Martinez dokumentalista iruindarrak epaitu egingo dituzte: elkarte ultrakatoliko batek salaketa jarri die, Erorien Monumentuan grabatzeagatik. Azaroaren 14an dute epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu