«Gotorlekuan» sartuta

ETAren bukaera lortzeko, Zapaterok harekin eta ezker abertzalearekin izandako «elkarrizketaren» balioa nabarmendu du 'Crónica de la España que dialoga' liburuan. Esan du prozesuan Espainiako erregearen babesa izan zuela.

Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Juan Carlos I.a, 2008an, Zaragozan. Espainiako gobernuburua eta erregea ziren orduan, hurrenez hurren. JAVIER CEBOLLADA / EFE
Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Juan Carlos I.a, 2008an, Zaragozan. Espainiako gobernuburua eta erregea ziren orduan, hurrenez hurren. JAVIER CEBOLLADA / EFE
enekoitz esnaola
2024ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun

Jose Luis Rodriguez Zapaterok bere gobernuaren lorpentzat dauka ETAren bukaera, baina 2011ko hondarrean Moncloa utzi, eta urteetan ez zuen jendaurrean askorik aldarrikatu. Batik bat, 2021ean ekin zion aldarrikatzeari, irmo, ETAren jarduera armatuaren amaieraren 10. urteurrenaren garaian, eta oraindik ere ari da horretan. Azkeneko aldiz, herenegun, Madrilen, hitzaldi batean. Apirilean ateratako liburuan ere aritu da: Crónica de la España que dialoga-n (Hitz egiten duen Espainiaren kronika; Navona argitaletxea). ETAren amaiera luzea da atzeneko kapitulua, eta Zapaterok «elkarrizketaren» balioa nabarmendu du. «Ez bagenu lortu mundu erradikalak eraikitako gotorlekuan sartzea, ez genukeen munstroa barrenetik aterako».

Prozesu hartan, Espainiako Gobernuaren eta ETAren ordezkaritzek 2005ean egin zuten lehen bilera, Genevan (Suitza), Zapaterok urtebete zeramala gobernuburu. Liburuan dio «bi negoziazio mahai» antolatu zituztela: «Teknikoa eta politikoa». Hala, «bide bat adostu zen indarkeria amaitzeko». Onartu du prozesu «korapilatsua» izan zela, eta mugarritzat jo du ETAk 2006ko abenduan, menian zela, Madrilgo Barajas aireportuan egindako atentatua, «Batasunak, lehen aldiz, ez ziolako kasurik egin ETAren zuzendaritzari, eta ez zuen elkarrizketa prozesua bukatutzat eman».

Gobernuak 2007an segitu zuen Batasunarekin eta ETArekin hizketan, baita gero ere, erakunde armatuak urte hartan su etena hautsi ondoren. ETAk 2011ko urriaren 20an iragarri zuen borroka armatuaren bukaera. Horra bidean, Madrilek eta ETAk, nazioarteko bitartekarien bidez, Oslon berehala gatazkaren ondorioez hitz egiteko plan bat hitzartu zuten. Aurrez, urriaren 17an, Donostian Aieteko bake konferentzia izan zen; hots, erakunde armatuarentzat «irteera bat errazteko ekitaldia», Zapateroren esanetan. Harentzat, «funtsezkoena» izan zen ziurtatua ziotela —ez du zehaztu nork— ETAn «inolako hausturarik» ez zela izango eta «indarkeria ekintza gehiagorik» ez zuela egingo, «eta hala izan da». 2011ko abenduan PP jarri zen gobernuan, eta ez zen agertu Osloko mahaira. 

Zapaterok ezker abertzaletik kide erabakigarritzat jo ditu Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin eta Rafa Diez. Aitortu du ETAren ordezkari Josu Urrutikoetxeak bazuela «akordioren bat esploratzeko borondatea». Henri Dunant Suitzako zentroaren lana «bereziki» laudatu du. Halaber, azaldu du Espainiako orduko errege Juan Carlos I.ak «prozesu osoan baldintzarik gabeko babesa» eman ziola.

Ibarretxeri egindako proposamena

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zen garaiaz (1999-2009) ere jardun du Crónica de la España que dialoga-n, baina motzean. Zapaterok kontatu du EAEko Estatutu Politiko Berriaren egitasmoa mahai gainean zegoenean Ibarretxe Moncloara deitu zuela, eta proposatu ziola kontsulta egin ordez Espainiako Kongresura joan zedila «eztabaidatzera». «Ondorengo prentsaurrekoan, kazetariek galdetu zioten lehen gauza izan zen ea Euskadin erreferenduma egongo zen. Telebistaz ari nintzen ikusten, eta ikusi nuen duda-muda zebilela, baina azkenean azaldu zuen Espainiako Gorteak erabiliko zituztela berak zeukan plana eztabaidatzeko». Ibarretxe 2005eko otsailean joan zen Kongresura. «PPri eskatu nion moderatu zedila saioa izaten zenean. Eta eszenifikazioak ezin izan zuen hobeto irten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.