Koronabirusaren iritsierarekin bukatu ziren bestak. Lehengo eguneroko bizitzako gauza batzuen legezko bueltatze progresiboa izan den arren, bestak ez dira horien parte izan. Alta, ez diote gazteen nahikari izateari utzi. Hirugarren konfinamendu baten susmoaren atarian, sare sozialetan Ni Ez Naiz Konfinatuko eta Desobedientzia Zibila lelopean, aurrerantzean ezarriko ziren neurriei men ez egiteko deia zabaldu zen. Christophe Castaner Frantziako Barne ministro ohiak aurreikusi zuen «itxialdiaren arriskua hainbaten desobedientzia zibila» dela. Ipar Euskal Herriko gazteek aldarrikapen hauekin bat egin dute, eta bestak antolatzen hasi dira. Martxoaren 6an, musika besten aldarrikatzeko manifestaldia egin zuten 600 bat lagunek, Baionan.
Ipar Euskal Herrian talde ezberdinak izan dira bestak antolatu dituztenak, «bakoitzak bere ahalen arabera». Legez kanpoko jarduerak direla eta, ez dute izenik eman nahi izan. «Hastapenean, lehen konfinamendua errespetatu genuen, baina lege zentzugabe horiek errespetatzeaz aspertu ginen. Talde ttipia ginen hasieran, inguruko jendea heldu zen soilik. Gero, ahoz aho eduki da besten berri, eta jendea naturalki agertu da azken larunbatetan», dio kide batek.
Horrela, hiru probintzietan borda duten lagun taldeek prestatu dituzte bestak, aurretiko bilkurak eginez. Hortik gutxira, desafiorako sarea sortu zuten, erronka bestarik handiena nork antolatzen duen ikustea dela. Gaualdi hauetan 300 bat pertsona ere elkartu zirela kalkulatzen da. Sartuz gero, osasun neurriak errespetatuko ez direla onartzea da baldintza, eta pozik zirela adierazi dute, baldintza hori onartu zutenen artean ez delakoan kasu positiborik egon. Sozializatzeko giza beharra asetzearekin batera, aldarrikapen gisa ikusten dituzte besta horiek gazteek. «Batzuek uste dute birusa hasi zenetik onartu genuen paktu soziala apurtzen ari garela. Guk uste dugu ongizate soziala bermatzen hasi garela, bai bestazaleena, bai egoera hau bukatzea nahi dutenena. Gonbidatu guztiak biziki uros ziren aspaldiko partez lehen bezala sentitzeaz, besta lehen bezala egiteaz, eta gazteen urostasuna ikusteak plazer handia eman digu denei», azaldu dute arduradunek.
Salaketen mamua
Zuberoako gaualdiak egin dituztenek esan dute hilabete asko zirela ez zutela bestarik egin. «Nahiz eta egoerak hobera egin neurriak inoiz malgutzen ez zirela ikusita, zilegitasuna sentitu genuen». Hori ikusita, lehen bestatik etxeratze agindua aintzin finkatu zuten ordua lagunekin, Poliziak ez harrapatzeko, batez ere antolatzaileei begira, jaso zitzaketen isunen beldur. «Egia erran, azken hilabeteotan jasaten ari garen neurriek desorekatu didate bizia», esan dio Hitza-ri besta ezkutuen antolatzaile batek; «ikasle izaki, bizitza ikasketen inguruan daramat, kurtsoetatik kanpo jendeaz gozatzeko aukera guttirekin, kirola egiteko aukera gutirekin eta besta egiteko aukerarik ez. Egoera ez da erreza, eta ez dakigu noiz arte iraunen duen. Leporaino asea naiz, eta desadostasunaren aldarrikatzeko aukera ona izan da. Gainera, ongizate mentala mantentzeko lagungarria da gaualdi batez koronabirusa ahanztea».
Lapurdiko bestetan izan direnek ere antzeko iritzia dute. Asteburu batez, leku eta ordu jakin bat zuten zehaztua, eta hainbat antolatzaile ziren bidean, autoak zein pertsonak besta lekura bideratze aldera. «Amets batean egotea zen, aske ginen berriz». «Berriz arnasa hartzeko momentu bat» izan dela aitortu du batek; «hain handia da euforia, berdin zaizula birusa harrapatzea. Noski, hurrengo egunetan ez ditut inguruko helduak ikusten, etxean egoten naiz».
Jendarmeen esku hartzea
Ez dira asteburu asko pasatu jendarmeek eskua sartzea erabaki zutela. Izan ere, joan den martxoaren 20an Uztaritzen antolatutako gaualdian 135 euroko isunak jarri zizkieten harrapatu zituzten gazteei. Egun berean, Ozaze inguruan, jendarmeak gisa bereko lanetan aritu ziren. Izan ere, ehun bat gazte borda batean besta egiteko elkartu zirela informatu zituzten, helikoptero eta guzti inguratu zuten borda, eta hainbat gaztek basotik ihes egin zuten. Poliziek bordako aterabidean itxaron zuten egunsentira arte, gidariak kontrolatzeko asmoz: alkoholemia eta zirkulazio-kodearen arau hausteengatik ezarri zizkieten isunak. «Bestak normalizatzea lortu genuelarik erabaki zuten jendarmeek eskua sartzea, normalizazio honen alde eta kontra zirenen artean istorioak sortu zirelako», esan dute bestako antolatzaileek.
Martxoaren 27an, Free Party delako taldeak besta bat antolatu zuen Makean. Besta tokiaren nagusiak gaualdiaren antolaketarako oniritzia eman izanagatik, berau gehiegizkotzat hartu eta jendarmeengana jo zuen. Hirurogei bat pertsona izan ziren kontrolatuak orduan.
Alabaina, Frantziako Poliziaren esku hartzeek ez dute gazteen iritzia aldatu: «Esku hartze horien ondoriorik ez da, ulertu behar dutena da estatuak ezin duela gure egoera hobetzeko deus ere zin egin. Beraz, ez badugu guk antolatzen, gibeletik beste norbaitek hartuko du segida». Gainera, geroz eta jende gehiago alde dutela ziurtatu dute. «Nahiz eta nire gurasoek neurriak aski zorrozki errespetatu, bestaren zehaztasunak kontatu nizkienean, gazteek horrelako gauzak egiteko arrazoia dugula esan zidaten», dio besta egin zuen batek. Ildo beretik mintzatu da antolatzaile bat: «Krisi honen hastapeneko ikuspuntua aldatu da: lehen konfinamenduan lotsagabekotzat hartuko gintuzten, baina, kudeaketaren garapena ikusita, horietako gehienak gure aldera pasatu dira, gurekiko pena baitute. Aitona-amonen bizimodua onartu dugula ikusi dute, eta, gure artean elkartu ezean, gaztetasuna desagertzekotan da. Beraz, soluzio bat emateko presioa egitea halabeharrezkoa da».