Donostiako Miramar jauregia hautatu du Elkarrekin Podemosek eguneko ekitaldi nagusia egiteko. Pilar Garrido alderdiko koordinatzaileak hartu du hitza lehenik; gero, Juantxo Lopez de Uraldek, Aliantza Berdearen ordezkaritzaren izenean eta Arabako zerrendaburu gisa; ondoren, David Sotok, Gipuzkoako zerrendaburu gisa. Ione Belarra alderdiko koordinatzailea eta Irene Montero eurodiputatugaia ere mintzatu dira, eta, azkenik, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak hartu du hitza. «Benetako aldaketa gauza dadin, EAJri gobernabidea kentzeko giltza» Elkarrekin Podemosek duela esan dute.
Elkarrekin Podemos indartsu bat defendatu dute, EAJ «gobernutik ateratzeko». Sei legebiltzarkide izan dituzte azken legealdian, baina Sumarrekin akordiorik erdietsi ez izana dela medio, orain arte kaleratutako inkesten arabera legebiltzarretik desagertzeko zorian daude, eta bat edo bi eserlekurekin beste inkesta batzuen arabera. Horregatik esan du Gorrotxategik herri honek behar dituen politikak egingo dituztela: «Nahiz eta batzuek esan ezinezkoa dela, erakutsiko dugu ahal dela».
Ezkerreko gobernu bat osatzeko aukeraz mintzatu da, «nahiz eta EAJri bazkideak ateratzen zaizkion alde guztietatik». EH Bilduri egin dio aipamena gero. Atzo, «peneubizatzea» egotzi zion, eta gaur, berriz, egotzi dio «EH Bilduk abiatu duen erakundetzeko bide horretan eraldaketa etsipenarekin nahastea, dagoena onartuta».
«Ausardia» behar dela adierazi du, «berdintasun, elkartasun eta justizia sozialaren ideiak politika publikoetan islatzeko». Elkarrekin Podemos jo du horren bermetzat.