Gorrotxategi: Jaurlaritzak «lege asko» utzi ditu landu gabe

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak salatu du bere taldearen egitasmoak «tramitatu ere egin gabe» utzi dituela Urkulluren gobernuak; besteak beste, osasun mentalari eta emakumeen sexu eta ugaltze eskubideei buruzkoak.

Miren Gorrotxategi, atzo, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko otsailaren 22a
19:55
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz egingo diren iragarri eta gutxira, legealdiaren balantze kritikoa egin du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta lehendakarigaiak. Alderdi moreak sare sozialetan argitaratu duen bideo batean nabarmendu duenez, EAJ eta PSE-EEren koalizio gobernuak «lege asko utzi ditu bidean».

Salatu du Elkarrekin Podemosek eta IUk aurkeztu dituzten egitasmo asko ez direla «tramitatu ere egin». Horien artean aipatu ditu osasun mentalari buruzkoa, energia enpresa publiko bat sortzea proposatzen zuena, jokoa arautzekoa eta emakumeen sexu eta ugaltze eskubideen gainekoa.

Ekimena falta izatea egotzi die Gorrotxategik EAJri eta PSE-EEri autogobernuaren alorrean ere. Salatu du legebiltzarrean ez dela sortu autogobernuari buruzko batzorderik, nahiz eta autogobernua izan den Jaurlaritzak «Espainiako Gobernuaren neurri aurrerakoien kontra sarri erabili duen aitzakia». Gardentasunari buruzko lege bat onartzeko borondate falta egotzi dio, bestalde, Jaurlaritzari. «Azken momentuan tramitatu du, jakinik ezinezkoa zela hura onartzea».

Sumar: «Aro baten amaiera»

Sumarrek ere hizpide hartu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak apirilaren 21erako bozetara deitu izana. Uste du aro bat amaitu dela hala, eta, horrekin batera, baita atzerakada ere.

Sumarren irudiko, Urkulluk bizkar eman die herritarren aldarrikapen eta nahiei, eta salatu du PSEren babesa izan duela horretarako. Sumarrek politika publiko ausarten alde egin du, eta bide horretan erabakigarriak izatea espero du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.