Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Miren Gorrotxategik ziurtatu du, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «oso errespetu gutxi» erakusten diela langile publikoei eta sindikatuei, esaten ari delako «ezkutuko interesak» daudela antolatu dituzten grebetan. «Inork ez du gustuko» greba egin beharra, Gorrotxategik azaldu duenez, «dirua kostatzen delako, eta langile batek ez du sobran dirua inoiz ere». Hori dela eta, lanuztera joan aurretik, erabaki hori «ondo pentsatzen da», Elkarrekin Podemos-IUko eledunak esplikatu duenez; «zerbait erreibindikatu nahi delako egiten da, ez inor izorratzeko».
Hori azaldu ondoren, Urkulluk azken asteetan greba deialdiak oposizioarekin eta zehazki EH Bildurekin lotuz egin dituen adierazpenei erreparatuta, Gorrotxategik esan du lehendakariak «oso errespetu gutxi» diela «sindikatuei eta langileei». Gogoratu du 150.000 langileri baino gehiagori egin dietela lanuzterako deia, eta uste du oposizioaren «ezkutuko interesak daudela pentsatzea ulertezina» dela, «txiste bat ez bada behintzat».
Lehendakariari gogorarazi dio zerbitzu publikoek ongi jardun dezaten «lan baldintzak hobetu» behar direla. «Hori da erreibindikazioa, eta nik babestuko nuke», osatu du azalpena.
Gorrotxategi hautagai?
Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak esan du Urkulluk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurrera ditzakeela, «otsailera edo martxora, beharbada»; hartara ez lirateke egingo Europako Parlamenturako bozekin batera, ekain hasieran. «Lehendakariaren erabakia da, hark jakingo du, baina nik esango nuke martxoan izango direla, ekainean Europako hauteskundeak izango baitira, eta ez baitut uste marko hori denik haren gobernuarentzat egokiena».
Hori esanda, Gorrotxategik garbi utzi du lehendakarigai izateko «prestasun osoa» duela. Elkarrekin Podemosen primarioak egiten dituztela gogoratu du, dena den; «ezinbestekoak dira, baina bai, indarrez eta energiaz nago», erantsi du, eta bere hautagaitza «militanteen esku» dagoela argitu du berehala.
Oraingoz ez da jakina Yoanda Diez buru duen Sumar proiektua nola bateratuko den Elkarrekin Podemosekin, baina Gorrotxategik esan du «hemen Elkarrekin» esaten zaiola Sumar proiektuari, eta espazio horren «subjektu politikoa» Elkarrekin dela.