Gorrotxategik dio Elkarrekin Podemos dela «aldaketa bermatzen duen indar bakarra»

Bilbon egin du Elkarrekin Podemosek kanpaina hasierako ekitaldia. Europako hauteskundeetarako Podemosen hautagai Irene Monterok babesa eman dio lehendakarigaiari.

Ezkerretik eskuinera, David Soto, Juantxo Lopez de Uralde, Irene Montero, Miren Gorrotxategi eta Ana Viñals gaur, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Ezkerretik eskuinera, David Soto, Juantxo Lopez de Uralde, Irene Montero, Miren Gorrotxategi eta Ana Viñals gaur, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 4a
20:10
Entzun

Aldaketa hitza izan da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian gehien entzun diren kontzeptuetako bat. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak horretan jarri du arreta kanpaina hasierako ekitaldian, azpimarratu baitu bere alderdia dela «aldaketa bermatuko duen indar bakarra». «Alderdi Sozialistak gidoia aldatzeaz hitz egiten du, EH Bilduk ziklo aldaketa bati buruz, eta EAJk Euskadi berri bati buruz. Zer da aldatu nahi dutena?», galdetu du. Aldaketa beharrezkoa dela badaki, baina argi du ez dela gertatuko gobernuan «pieza bera» baldin badago: «EAJ».

Bilbon egin dute kanpaina hasierako ekitaldia, eta bideo batekin abiatu dute, zeinak mezu argi bat zabaldu duen: «Betidanik ezkertiarra bazara, zergatik nahiko zenuke gobernu bat EAJrekin?». Gorrotxategik hartu du hitza, eta aldaketak behar dituzten bost arlotan jarri du arreta: etxebizitza, Osakidetza, hezkuntza, trantsizio energetikoa eta feminismoa. Azaldu du prekaritatea amaiaraziko dutela, anbulatorioak ez ixtera konprometituko direla, eta Tolosako (Gipuzkoa) ospitale pribatua publiko eginen dutela. Etxebizitza eskubide bezala gauzatu nahi dute, «Euskadi ekologista» ere bai, eta ez «Petronorrek eta Iberdrolak berdez pintatutako Euskadi bat». Horrez gain, erran du ez dutela onartzen hezkuntza sistemako egungo segregazioa, eta «euskal eskola publikoa» erdigunean jarriko dutela. Hori guztia lortzeko, baina, ezkerreko gobernu bat beharrezkoa dela dio Gorrotxategik, eta hori soilik Elkarrekin Podemosen eskutik gertatu ahal dela. «Jende arrunta mobilizatzen badugu, lanera doana, Osakidetzan itxaroten duena, ziur nago ezkerreko gobernu bat lortuko dugula», borobildu du.

Europako hauteskundeetarako Podemosen hautagai Irene Montero Bilbon egon da, eta Gorrotxategiren aldeko botoa eskatu du: «Elkarrekin Podemosen botoa da EAJren sakelan amaituko ez duen bakarra. Politika zintzotasun ariketa bat da, eta gu gauzak aldatzeko gaude instituzioetan, ez instituzioek gu aldatu gaitzaten». Gehitu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek badakitela zer ondorio dituen EAJren gobernu batek, «oligarkiari eta multinazionalei» erantzuten dielako soilik.

Ekologisten boz eske

Gorrotxategirekin eta Monterorekin batera, ekitaldian izan dira Juantxo Lopez de Uralde eta David Soto —Elkarrekin Podemoseko Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak—, eta Ana Viñals —Elkarrekin Podemosek Bilboko Udalean duen bozeramailea—. Viñalsek hartu du hitza lehenbiziko, eta, bere alderdikideak bezala, aldaketan jarri du arreta: «Euskadi aldatu daiteke, baina, horretarako, ezkerreko Eusko Jaurlaritza behar da. Eusko Legebiltzarrean Elkarrekin Podemosek egon behar du». Gogoratu du beraiek errandakoa betetzen dutela, eta Elkarrekin Podemos hautatzea ezkerra hautatzea dela.

Sotok, berriz, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu taldeetan jarri du arreta, eta orain arte egindakoak kritikatu ditu. Lopez de Huraldek ere bai, baina ekologiaren ikuspuntutik: Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari Buruzko Legean, zehazki. Erran du Josu Jon Imazek —lehen EAJko kide eta orain Repsoleko presidente denak— diseinatutako ideietan oinarritutako legea izan dela, eta horrek argi erakusten dituela arauaren nondik norakoak. Zalantzan jarri du zergatik onartu duen EH Bilduk arau hori. Ekologisten botoa eskatu du: «Herri honen hondamendi ekologikoa gelditzeko borrokatu den indarra gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.