Gorrotxategik berretsi du lehendakarigai izateari uzteko prest dela, Sumarrekin ituna egiteko

Ahal Dugu-ren lehendakarigaiak esan du «oraindik denbora» badela Sumarrekin eta Ezker Anitza-IU eta Berdeak Equo taldeekin itun bat egiteko, hautagaitza bakar baten alde.

(ID_13559080) ESPAÑA ELECCIONES PODEMOS
Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-ren ekitaldi batean, hil hasieran. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
xabier martin
2024ko otsailaren 20a
11:00
Entzun

Gorrotxategik lehendakarigai izateari uzteko prest dagoela adierazi du, Sumarrekin, Ezker Anitza-IU eta Berdeak Equo taldeekin itun bat egiteko hautagaitza bakar baten inguruan. «Oraindik bada denbora», esan du. Joan den astean ere helarazi zuen Elkarrekin markaren lehendakarigai Miren Gorrotxategik bera ez litzatekeela oztopo izango Sumarrekin akordio bat egiteko aukera balego oraindik. Ahal Dugu-ren lehendakarigaiak berriro adierazi du ideia hori Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, eta Galizian Podemosek eta Sumarrek nor bere kabuz lehiatuta izan duten deskalabruari begira aritu da, gainera.

Lehendakarigaitza uzteko prestasun hori berandu iritsi dela ematen du, ordea; izan ere, beste hirurek, Sumar, Ezker Anitza-IU eta Berdeak Equok, egina baitute Sumar markapean lehiatzeko akordioa, betiere Alba Garcia Sumarren lehendakarigaiarekin. Batera edo bestera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaurreari banaturik ekin diote ezkerreko espazio horretako eragileek.

Haatik, Gorrotxategik esan du Galiziako hauteskundeetan gertatu dena «aztertu» behar dela. Sumar eta Podemos Galiziako Parlamenturik kanpo geratu dira, ordezkaririk gabe. Uste du hautagaitza bakarrarekin lehiatu izan balira «emaitza hobea» aterako zutela, «seguru». Horregatik, erantsi du «irakaspen» hori «etxera» ekarri behar dutela. «Espazioari baturik eustea oinarrizkoa da ziklo politikoa aldatzeko, eserleku asko ekarriko dituen alternatiba bat eskaintzeko».

Ardura historikoa

Hala, Gorrotxategik helarazi du ezkerreko sektore horretan «garaiz» dabiltzala batera lehiatzeko, koalizio bakar batean, Ahal Dugu, Sumar, Ezker Anitza-IU eta Berdeak-Equo alderdiek taldea osatuta. «Ahal dudan guztia egingo dut batasun hori gauzatu dadin. Beti esan dut: ardura historikoarekin zerikusia du batasuna lortzeak. Egingo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.