Gorrotoaren aurkako lana, sarean hobeto

Administrazioen eskutik, eta baita giza eskubideen arloko elkarteek sustatuta ere, martxan ari dira gorroto delituen eta horien aldeko diskurtsoen aurkako hainbat sare

Javier Saez del Alamo, Errenterian eskaini zuen tailerrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2016ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
«Gure sarean daude hainbat pertsona eta elkarte antena moduan lan egiten dutenak; antena moduan, gorroto delituak atzemateko». Gerar Karrerek hartu du hitza, xenofobiaren aurka antolatutako Berdin sareko arduradunak. SOS Arrazakeriak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eratutako egitasmo bat da, Oiartzualdean antolatua —Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia batzen ditu, Gipuzkoan—; garrantzi handia eman diote sarean batu diren eragileen «trebakuntzari». Etorkinen kontrako gorroto delituak eta horiek hauspotzeko usu erabiltzen diren diskurtsoak zer diren jakitea da xedea: errepara diezaieten. «Jo dugu instituzioetara; udaletxeetara bereziki: gizarte zerbitzuetara eta udaltzaingoetara. Izan ere, horiek dira etorkinekin harreman handiena izaten dutenak. Errenterian, esaterako, ikastaro bat egin dugu udaltzainekin eta gizarte zerbitzuetako kideekin».

Etorkinen elkarteetara ere jo dute: «Ahaldundu egin nahi ditugu; eskubideak dituztela esan nahi diegu, erabili egin behar dituztela, pasatzen utzi gabe». Sei hilabete daramatzate lanean, eta egitasmoarekin segitu nahi dute; beste eskualde batzuetara eramatea ere buruan dute. Sistema zabalago baten barruan ari dira; izan ere, Eusko Jaurlaritzak martxan du Eraberean sarea, gorroto delitu klase ororen kontra egiten saiatzeko —ez xenofoboen kontra bakarrik—.

«Ikusezinak» dira usu gorroto delituak, salatzen ez direlako, edo estalita geratzen direlako: aitzakia artean. Hori da, Karrereren aburuz, arazo nagusietarikoa. «Askotan, esaterako, gertatzen da etorkinek arazoak izatea etxeak alokatzeko, baina inoiz gutxitan esaten diete ez dietela etxerik alokatu nahi, bada, adibidez, marokoarrak direlako; alokatuta dagoela esaten diete... Bazterkeria zeharkakoa da usu, demostratzen zaila. Baina guk, gutxienez ere, kontuan hartu nahi ditugu susmo horiek: jaso egin nahi ditugu». Horretan ari dira. «Erronka nagusia da dinamika bat sortzea gaiaren inguruan, tentsio bat mantentzea».

Europa osoko sarea

Helburu horri atxikita dihardu Gipuzkoako SOS Arrazakeriak Together sarean ere. Euskal Herrian bezalaxe, Katalunian, Zipren, Txekian eta Italian dago egituratuta. Trebakuntza du xedeetako bat: «Lortu nahi duguna da gizarte zibila eta Polizia trebatzea eta gaitzea gaiaren inguruan», azaldu du Gipuzkoako SOS Arrazakeriako ordezkari Edna Gimenez Suarezek. Asmo horrekin, trebakuntza saio bat egin zuten Arkautin —ertzainen akademian— 45 poliziabururekin; Berdinek Errenteriako udaltzainak trebatzeko egindako saioan parte hartu zuten, eta Donostiako udaltzainekin beste antzeko bat egin zuten. Ikerketa bat ere hasi dute, gaur egun gorroto delituei «sistematikoki» erreparatzeko dauden bideen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.