Gorroto mezuen ondorioz, Txibitek bere kontua mugatu du sare sozialetan

«Ez dut onartuko nire izena bozgorailu gisa erabiltzea gorroto mezuak zabaltzeko», adierazi du Nafarroako Gobernuko lehendakariak. X sare sozialean hari erantzuteko aukera mugatu du.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, apirilaren 29an. VILLAR LOPEZ / EFE
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, apirilaren 29an. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2024ko maiatzaren 16a
13:05
Entzun

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak X sare sozialean iragarri du mugatu egin dituela bere kontuko aipamenak eta erantzunak. «Eztabaidarako foro gisa jaio bazen ere, anonimotasuna baliatuz zenbaitek erabilera okerra egin dute». Kaleratutako oharrean dioenez, bere kontuan argitaratzen duen ohar bakoitzari «mehatxu eta irain lazgarrien» bidez erantzuten diote. «Gehienak ere aipu matxistak dira», zehaztu du.

«Ez dut onartuko nire izena bozgorailu gisa erabiltzea gorroto mezuak zabaltzeko», aipatu du. Haren esanetan, «politikagintza onak» eskatzen du ideien inguruko eztabaidak sortzea eta halakoetan akordioak bilatzeko ahalmena izatea. «Koherentziaz, errespetatzen dut nire jardun politikoari buruz edozein herritarrek izan dezakeen iritzi oro, eta hura errespetuz eta aske adierazteko eskubidea babesten dut».

Errespetua galdu zaiola iritzita, mugatu egingo du bere aipuei erantzuteko aukera. X sare sozialean, berak espresuki jarraitzen dien 4.253 pertsonek izango dute erantzuteko aukera. «Ez dut arazorik zerrendak zabaltzeko, izen-abizenak dituzten hezur haragizko pertsonak badira».

Aurrekariak

Ez da lehen aldia Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren aurka irainak esaten dituztena. Otsailaren 8an, nekazari talde batek protesta egin zuen haren etxearen aurrean, eta, ondorengo asteetan, Erriberrin eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean, irain matxistak esan zizkioten zenbaitek. Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek irekitako azken eztabaidaren harira, egoera pertsonal hori hizpide izan du Txibitek komunikabideek gaiari buruz galdetu izan diotenean.

Imanol Lasa EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko kideak babesa adierazi dio Txibiteri, eta gogora ekarri du 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak kezka azaldu zuela, sare sozialak gezurrak, irainak eta gorroto mezuak zabaltzeko plataforma gisa erabiltzen direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.