Cubainformacion hedabideko kazetari bat epaituko dute, gorroto delituak leporatuta

Irainak eta gorroto delituak leporatzen dizkiote Jose Manzaneda kazetariari, erreportaje batengatik. Sei urteko espetxe zigorra eskatu dute harentzat, eta 70.000 euroko isuna.

Euskadi-Cuba elkartea eta Cubainformacion komunikabidea epaituko dituzte Madrilen, AEBek Kubari ezarritako blokeo ekonomikoari buruzko artikulu bat argitaratzeagatik.
Jose Manzaneda kazetariak prentsaurreko bat eman du gaur Euskadi-Cuba elkartearen Bilboko egoitzan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
marcos tedin
Bilbo
2024ko otsailaren 14a
17:30
Entzun

«Injustizia handia». Horrelaxe deskribatu du Jose Manzaneda kazetariak Madrilen egingo dioten epaiketa. Manzanedak erreportaje bat idatzi zuen 2020an, AEBek Kubaren aurka duten blokeo ekonomikoaren eta Karibeko herrialdeko osasun lankidetzaren inguruan. Javier Larrondok, Espainiako Prisoners Defenders elkarte antikastristaren presidenteak, kalumniak, irainak eta gorroto delituak egotzi dizkio kazetariari. Sei urteko espetxe zigorra eta 70.000 euroko isuna jaso ditzake, epaileak erruduntzat jotzen baldin badu. Manzanedak «gerrako kriminalak» izatea leporatu die Donald Trump AEBetako presidente ohiari, Marco Rubio Floridako senatariari eta Larrondori, gaur egindako agerraldian.

Cubainformacion hedabidea Euskadi-Cuba gobernuz kanpoko erakundeak sortu zuen 2007an, eta ordutik hona Kubaren aurkako blokeoaren inguruan informatzea izan du helburu, Kubako iraultzarekiko elkartasuna erakutsiz. Gaur, Euskadi-Cuba erakundearen kideek lagunduta, Manzanedak prentsaurreko bat eskaini du bere epaiketari buruzko informazioa emateko. Azaldu duenez, 70.000 euroko isun bat hedabidearen eta erakundearen akabera izango litzateke.

Manzaneda ziur dago epaiketa ezerezean geratuko dela, baina adierazi du Madrilen epaitua izateak dirutza gastatzea dakarrela, modu egoki batean defendatu ahal izateko baliabideak behar baitira. Haren ustez, hori ere zigor bat da. «Diru dezente bildu dugu epaiketa honi aurre egiteko», kontatu du Cubainformacion hedabidearen koordinatzaileak, eta eskertu egin die elkartasuna helarazi dioten guztiei.

Jazarpen juridikoa

2020ko erreportajean, Manzanedak, Kubak beste hainbat herrialderekin duen osasun lankidetza goraipatzeaz aparte, agerian utzi zuen AEBetako Gobernuaren eta haren aldekoen estrategia —Madrilen dagoen Prisoners Defenders elkartearena, besteak beste— sistema horri kalte egiteko. Kazetariak azaldu du horrek Larrondo haserretu zuela: «Azalpen horrek min egin zion Prisoners Defenders elkartearen presidenteari, eta horixe da kereilaren benetako jatorria».

Manzanedaren ustez, salaketa egiteko aurkitu duten esaldia «aitzakia» bat da, «jazarpen juridikoarekin aurrera egiteko, maila txikiko jazarpen judizial honekin». Koordinatzaileak adierazi du Cubainformacioneko taldeak ezabatu zuela esaldi hori kereilariek salaketa jarri baino lehen. Hala ere, argitaratu eta egun gutxira, hedabideak burofax bat jaso zuen Prisoners Defenders elkartearen partetik, exijituz erreportaje osoa kendu behar zela. Cubainformacioneko kazetariek ez zuten halakorik onartu. «Prozesua garai hartan hasi zen, eta bihar izango da epaiketa», azaldu du koordinatzaileak.

Akusatuak nabarmendu du pertsona berak direla Kuban prentsa askatasunik ez dagoela adierazten dutenak eta Kubaren aurkako blokeo bat dagoela esateagatik kazetari bat salatzen dutenak.  Horrez gain, adierazi du bakealdian Kubari ezarritako blokeoa «gerra ekintza bat» dela, eta arrazoitu du testuinguru horretan ulertu behar dela «gerrako kriminala» terminoaren erabilera: «Termino hori ez dago lotuta gerra militar batekin, baizik eta gerra ez konbentzional batekin». Prisoners Defenders elkarteak AEBetako Gobernuari «laguntza ematen dio gerra honetan», Manzanedaren ustez, Kubako osasun lankidetzari jazarriz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.