Udalgintza

Gorroñok ez du Gernikako alkatetza utziko ordezkoa anaia izango dela bermatu arte

Guztiontzako Herria plataformak leporatu dio EAJri akordioa bete ez izana, eta, hori egin bitartean, alkatetzan jarraitzeko eskatu dio Gorroñori.

Jose Maria Gorroño ekainaren 17an, alkate izendatu zuten egunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko urriaren 4a
16:29
Entzun

Gernika-Lumoko alkatetzaren inguruko polemikak ez du akaberarik, eta beste norabide bat hartu du orain. Udal hauteskundeen ostean, Jose Maria Gorroño buru duen GH Guztiontzako Herria plataformak eta EAJk akordioa egin zuten EH Bildu alkatetzatik aldentzeko. Akordio horren arabera, Gorroño alkatea izango zen behin-behinean, baina aste gutxiren buruan dimisioa emateko konpromisoarekin. Alkate izendatzeko egindako bilkuran, Gorroñok ez zuen zehaztu dimisioa noiz emango zuen, baina «hilabete bat edo bi hilabete» aipatu zuen epe gisa, nahiko modu lausoan, eta iragarri zuen ordezkoa Iñaki Gorroño anaia izango zela. Baina, geroztik, hiru hilabete eta erdi igaro dira, eta Gorroñok alkate da oraindik ere.

Tarte honetan, EAJren alkategai Xabier Irazabalek behin baino gehiagotan eskatu dio Gorroñori dimisioa eman dezala, eta esan du GHrekin izandako negoziazioetan ez zutela zehaztu alkate berria Iñaki Gorroñok izan behar zuenik. Orain, GHk adierazi du EAJren jarrera horrek «zalantzan» jartzen duela ekainean lortutako akordioa, eta, ondorioz, alkatetzan jarraitzeko eskatu diote Gorroñori: «Jose Mariri [Gorroño] eskatzen diogu Gernika-Lumoko alkate kargua uzteko duen asmoari uko egiteko, eta gaur egun duen kargua betetzen jarraitzeko, uste baitugu pertsona egokia dela gure udalerriak aurrera egiteko behar dituen proiektuak martxan jartzeko». Plataformaren ustez, Gorroñok alkatetzari eutsi beharko lioke «bere ondorengoa Iñaki Gorroño izango dela argitu bitartean».

EH Bilduk «seriotasuna» eskatu du

EH Bilduk «salbuespen egoeratzat» jo du herriak pairatzen duen «desgobernu eta paralisia», eta esan du horren arduradunak direla «inbestidura itun hutsala sinatu zutenak gobernu akordiorik gabe, proiekturik gabe, eta EH Bilduri ateak ixteko helburu bakarrarekin». Egoera horretatik ateratzeko «seriotasuna» eskatu du koalizioak, eta iragarri du prest dagoela adostasunera iristeko «herri honen etorkizunaz hitz egin nahi duten guztiekin, inori betorik ipini gabe eta inor baztertu gabe». Konpromisoa hartu du «akordio zabalen eta elkarrizketa demokratikoen bideari» eusteko, «agintean egon zein oposizioan egon».

Maiatzeko hauteskundeetan EH Bildu izan zen garailea Gernika-Lumon, eta sei zinegotzi lortu zituen. GHk ere sei zinegotzi eskuratu zituen, boto gutxiagorekin, eta EAJk, berriz, bost.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.