Gorroñok ez du Gernikako alkatetza utziko ordezkoa anaia dela bermatu arte

Guztiontzako Herria plataformak EAJri leporatu dio akordioa bete ez izana, eta hori gertatu arte alkatetzan jarraitzeko eskatu dio Gorroñori

Jose Maria Gorroño, alkate izendatu zuten egunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Alkatetzan pare bat hilabeterako egongo zela esan zuen, baina ez dirudi Jose Maria Gorroñok Gernika-Lumoko alkatetza (Bizkaia) hain erraz utziko duenik. Hori ondorioztatzen da GH Guztiontzako Herria plataformak egindako agerralditik. PlataformakEAJrekin ekainean lortu zuen akordioa apurtutzat eman ostean, gauzak ez daude batere argi Gernika-Lumoko Udalean, baina, bitartean, Gorroñok alkatetzan jarraituko du, eta ez dirudi handik kanporatzea erraza izango denik.

Maiatzeko hauteskundeetan EH Bildu izan zen garailea Gernika-Lumon, eta sei zinegotzi lortu zituen. GHk ere sei zinegotzi eskuratu zituen, boto gutxiago bilduta, eta EAJk, berriz, bost. Ekainean, berriz, Gorroño buru duen plataformak eta EAJk akordioa egin zuten EH Bildu alkatetzatik aldentzeko.

Akordio horren arabera, Gorroño alkatea izango zen behin-behinean, baina aste gutxiren buruan dimisioa emateko konpromisoarekin. Alkate izendatzeko egindako bilkuran, Gorroñok ez zuen zehaztu dimisioa noiz emango zuen, baina «hilabete bat edo bi hilabete» aipatu zuen epe gisa, nahiko modu lausoan, eta iragarri zuen ordezkoa Iñaki Gorroño anaia izango zela. Geroztik, hiru hilabete eta erdi igaro dira, eta Gorroño alkate da oraindik ere.

Tarte honetan, EAJren alkategai Xabier Irazabalek behin baino gehiagotan eskatu dio Gorroñori dimisioa eman dezala, eta esan du GHrekin izandako negoziazioetan ez zutela zehaztu alkate berria Iñaki Gorroñok izan behar zuenik. GHko ordezkariek esan dutenez, udal gobernua osatzeko negoziazioetan EAJk baldintza gisa jarri du alkatetzarako beste hautagai bat izendatzea.

GHren ustez, EAJren jarrera horrek «zalantzan» jartzen du ekainean lortutako akordioa, eta, ondorioz, alkatetzan jarraitzeko eskatu diote Gorroñori.

«Jose Mariri [Gorroño] eskatzen diogu Gernika-Lumoko alkate kargua uzteko duen asmoari uko egiteko, eta gaur egun duen kargua betetzen jarraitzeko, uste baitugu pertsona egokia dela gure udalerriak aurrera egiteko behar dituen proiektuak martxan jartzeko», esan du Nerea Revuelta GHko zinegotziak. Plataformaren ustez, Gorroñok alkatetzari eutsi beharko lioke «bere ondorengoa Iñaki Gorroño izango dela argitu bitartean».

«Desgobernua eta paralisia»

EH Bilduk «salbuespen egoeratzat» jo du herriak pairatzen duen «desgobernu eta paralisia», eta esan du horren erantzuleak direla «inbestidura itun hutsala sinatu zutenak gobernu akordiorik gabe, proiekturik gabe, eta EH Bilduri ateak ixteko helburuz bakarrik».

EH Bilduren ustez, hauteskundeetako emaitzek argi utzi zuten indar politiko guztien arteko «lankidetzaren beharra». Orain, egoera horretatik ateratzeko «seriotasuna» eskatu du koalizioak, eta iragarri du prest dagoela ados jartzeko «herri honen etorkizunaz hitz egin nahi duten guztiekin, inori betorik ipini gabe eta inor baztertu gabe». Gainera, konpromisoa hartu du «akordio zabalen eta elkarrizketa demokratikoen bideari» eusteko, «agintean egon zein oposizioan egon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.