Gorroño: «Bakearen alde egin duten lana da baloratu genuena saria emateko»

Gernikako alkateak epailearen aurrean deklaratu du, Arnaldo Otegiri emandako sariarengatik

Gorroño Gernikako alkatea, besteak beste, EA bere alderdiko idazkari nagusi Urizarrekin. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Gernika-Lumo
2013ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Gernika-Lumoko epaitegian deklaratu du zuen atzo Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. «Terrorismoa goratzea eta zuritzea» leporatuta auzipetu dute Gorroño, aurtengo Gernika Sarietako bat Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari emateagatik. Alkateak berak epaitegian deklaratu ondoren esan zuenez, Gernika Sarietako epaimahaikideek «aho batez» erabaki zuten aintzatespena Otegiri eta Egigureni ematea. «Bi gizon horiek herri honen bakearen alde eta adiskidetzearen alde egindako lana baloratu genuen; izan ere, uste dut hori dela bakea lortzeko benetako bidea». Era berean, adierazi du ez diola inori opa «tankera honetako egoera egokitzerik, batez ere, herri honen bakearen eta adiskidetzearen aldeko saria emateagatik».

Pello Urizar EAko idazkari orokorrarekin —Gorroñoren alderdiko buruarekin— eta Iñaki Gorroño zinegotziarekin heldu zen alkatea epaitegira. Sartu orduko Urizarrek esan zuenez, alkatearen kontrako auzibideak «ez dauka inongo zentzurik». Haren iritziz, bakearen alde egindako lana saritu zuten; hortaz, prozesuak ibilbiderik ez duela izango deritzo. «Justiziak justizia izan behar badu, horrela izan dadila, eta auzia bertan behera gera dadila».

Zentzugabekeriatzat jo du EAko idazkari orokorrak alkatearen kontra zabaldutako prozesua, «azken finean, elkarrizketa edo hitza jartzen delako auzibidean». Haren hitzetan, «Gernika-Lumoko Udalak Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren saritzea erabaki zuten, elkarrizketa erabiltzen zutelako arazo zail bat gainditzeko, Euskal Herrian normalizazioa eta bakea lortzeko. Hor ikusten du Madrilek delitu zantzua, eta hori Euskal Herriko ikuspegitik zoramena da, eta, hein handi batean, ekimen politikoa ere bai».

EA, EH Bildu eta Udalbitza

EAk, EH Bilduk eta Udalbiltzakagertu diote babesa Gernika-Lumoko alkateari, eta ordezkariak bidali zituzten atzoko auzi saiora. Pello Urizarrez gain, Bizkaiko EAko koordinatzaile Joseba Gezuraga, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidentea, Iratxe Lopez de Aberasturi Udalbiltzako presidenteordea, Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramalea, Muxikako alkate Aitor Goldaraz eta Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarria izan ziren, besteak beste, Gernika-Lumon. Udaleko zenbait zinegotzik ere babestu zutean alkatea; besteak beste, Iñaki Gorroñok, Espe Uriartek eta Goizargi Etxeandiak.

Apirilaren 26an banatu zituzten Gernika Sariak, bonbardaketaren urteurrenean bertan. Otegik ez ezik, Jesus Egiguren PSE-EEko kideak ere jaso zuen saria. Biek «bakearen alde egindako ekarpena» eskertzea zeukan helburu sariak. Handik hilabetera aurkeztu zuen salaketa Dignidad y Justicia elkarteak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Salaketan, Otegi «ETAko kide izateagatik» zegoela espetxeratuta nabarmendu zuen elkarteak, eta, hala ere, «saria ematea, goraipatzea eta jendaurreko omenaldia egitea» erabaki zutela. Gernika-Lumoko Udalak, Gernika Gogoratuz bakearen aldeko aztertegiak, Kultur Etxeak eta Bakearen Museoak osatzen dute Gernika Sarien epaimahaia, eta elkarteko horietako ordezkariak ere izan ziren sari banaketa ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.