Gorroño Gernika-Lumoko alkatetzatik kentzea proposatu dio EH Bilduk EAJri

2023ko abenduaren 16a
20:20
Entzun

Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea kargutik kentzeko, zentsura mozio bat elkarrekin aurkezteko eskaintza egin dio EH Bilduk EAJri. Proposamen horren arabera, Jose Ramon Bilbao Catala EH Bilduko hautagaia aurkeztuko lukete alkate izateko. Atzo, EAJko hainbat buruzagik —tartean Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria— ez zuten baztertu zentsura mozio bat aurkezteko aukera Gorroño kargutik kentzeko.

Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea Guztiontzako Herria plataforman aurkeztu zen. Berez, EAJrekin egindako akordio baten bidez iritsi zen alkatetzara, eta akordio horren arabera, kargua hartu ostean dimititu eta aginte makila EAJko hautagaiari emango zion. Oraingoz ez du hitzartutakoa bete.

Gernika-Lumoko udal hauteskundeetan EH Bildu izan zen herritarren boto gehien jaso zuen indar politikoa. Hori dela-eta, Gorroñoren aurkako zentsura mozioaren ondoren, koalizioko hautagaiari legokioke alkatetza, haren iritziz. Nabarmendu duenez, zentsura mozioaren formula da gobernabidea gaur-gaurkoz berma dezakeen bakarra.

Gorroñok ere adierazpenak egin ditu gaur, eta ziurtatu du EAJren eta EH Bilduren asmo bakarra dela karguak euren artean banatzea. Besteak beste, gogoratu du bi alderdiek kontrako jarrera dutela Urdaibaiko Guggenheimeko proiektuaren inguruan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.